Lesbos uhartean izan da hurkoari laguntza ematen

Joseba Maizak Lesboseko uhartean (Grezia) igaro du joan den abendua, bertara iristen ziren errefuxiatuei laguntza lanetan jardunez. Medikua da lanbidez, eta lagungarri izan zitekeela pentsatuta joan zen hara. Ez zaio iruditzen balentria handirik egin duenik, eta ez da prentsan azaldu zalea, baina Aiurrirentzat bere bizipena kontatzeko prest agertu da.

er dela eta abiatu zinen Greziaruntz?
Joseba Maiza: Turkiako hondartza batean hilik topatu zuten  Aylan Kurdi hiru urteko haurraren irudiak barruak mugitu zizkidan.
Izatez ipurterre samarra naiz, eta beti pentsatu izan dut ahal dugunean, pertsonak, hurkoari laguntzea helburu duten abenturatan inplikatu beharra daukagula. Zarauzko lau sorosle hara zihoazela jakin nuen une berean sartu zitzaidan ideia buruan. Gehiegi pentsatu gabe erabaki nuen haiekin bat egitea. Emaztearekin hitz egin, lan ordutegiak lankideekin konpondu eta hara eramateko bi maleta prestatu nituen: Andoaingo farmazietan eta Zumarragako ospitalean eman zizkidaten botikekin bete nituen biak. Horrez gain, desfibriladore bat erosi nuen, han beharko nuela pentsatuta.

Zein erakunderen bitartez joan zinen?
J.M.: Ez nintzen inongo erakundeekin jarri harremanetan. Bat-bateko kontua izan zen, eta nahiko inozoki joan nintzen; internetez jakin genuen Lesboseko iparraldean bazela emakume bat boluntarioak pittin bat antolatzen zituena. Haregana jo, eta hegoaldeko kostaldera bidali gintuzten, Mitilene hiriburutik 40 kilometrora.

Nondik abiatzen ziren errefuxiatuak?
J.M.: Turkiako kostatik. Kilometro terdira besterik ez dago Lesbos, eta txalupa edo zodiac batekin ordu terdian har dezakezu lur bertan, baldin eta itsasoa bare badago. Oraindik jarraitzen du errefuxiatuen uholdeak.
Hegoaldean geundenok berrogei bat kilometroko kostaldea kontrolatzen genuen. Gauean hasi eta biharamunean eguardiko 12etan amaitzen zen gure txanda, arratsaldez hartzen genuen atsedena. Bazegoen komunikazioa itxasoratuta zebiltzan errefuxiatuen eta Lesboseko kostan zain ginenen artean, whatsapparen eta geolokalizazio sistemaren bidez. Horri esker, bagenekien noiz ziren heltzekoak. Lur hartzea ondo bideratu behar zen, izan ere Greziako kostaldeak hondartzak bezala dauzka itsaslabarrak. Txaluparen bat noraezean bazebilen, kostaldetik 200-300 metrotara, orduan sorosleak irteten ziren haiek erreskatatzera.

Gauak izango ziren arriskutsuenak, ala?
J.M.: Bai, egunez Turkiako kosta ikus zitekeen, baina gauez... Gau ikusmeneko aparatuekin ibili beharra zegoen txalupak bistaratzeko. Haize gaiztoen erruz, bistatik txalupa asko ezkutatu zitzaizkigun, eta ez genuen jakin non bukatu zuten haiek, zoritxarrez.

Nongotarrak dira errefuxituak?
J.M.: Siriakoak ez ezik, baita Afganistan, Iran eta Irakekoak. Esaten zigutenez, 1.000 edo 1.500 euro ordaindu behar izaten dela txalupa edo zodiaken lekua hartzeko. Itxuragatik-eta, esango nuke siriarrak beste herrialdeetakoak baino gizarte maila altuagokoak izaten zirela.
Urrutitik sumatzen genuenean zodiaken bat kostaldera zetorrela, 20 lagun zenbatzen zenituen eserita. Baina gero, hurbildu ahala konturatzen zinen benetan, 50 bat lagun zetozela. Haurrak, helduak, aitona-amonak, batzuk gurpil aulkidunetan...

Zein zen zure eginkizuna?
J.M.: Heltzen ziren errefuxiatuei oinarrizko atentzioa eskaintzea. Normalki erabat hoztuta, blai eginda eta beldurrez iristen ziren. Batez ere janaria, ura eta arropa lehorra eskaintzen zitzaien beste ezer baino gehiago. Egia esan, uste nuena baino egoera hobeagoan iristen ziren errefuxiatu gehienak. Zer nahi duzu esatea... Bada, nahiko bat-batekoa zela eskaintzen genuen laguntza. Bolondresek borondatea soberan erakusten genuen, baina antolaketa eta azpiegituran faltan sumatzen zen han.

Egoera larriren bat egokitu al zitzaizun?
J.M.: Zorabiatuta edo hipotermiak jota iristen zirenekin jarduten nuen, normalki. Egin kontu askorentzat aurreneko aldia zela itsasoan sartzen zirela. Beharbada bizi izan nuen estuasunik handiena, epileptikoa zen hiru bat urteko haur baten kasua izan zen. Halakoetan premiazkoa da gaisoak eskaini diezazukeen informazioa, hots, zenbatero daukan krisia, nolako ezaugarriekin, e.a. Jakina, hark eta bere familiak arabiarrez hitz egiten zuten eta nik ulertzen ez... Haurra aguro batean ospitalera bidali beharra zegoen, baina familiak planto egin zigun, esanez: bederatzi kide gara familian, eta denok elkarrekin jarraitu nahi dugu. Azkenean, nik alkilatuta neukan autoan eta lortu genituen beste bietan sartu, eta bidali ahal izan genituen denak ospitalera.
Une benetan larria bizi izan nuen orduan, eta balio izan zidan konturatzeko ez nuela ondo jokatu Greziara nire kasa joanda. Hurrengo batean, gauzak ondo antolatuta dauzkan GKEren batekin abiatuko naiz halako abentura batera, kontuan hartuta ingelesaz tutik ez dakidala, eta frantsesez moldatu naitekeela zerbait.

Zein da Greziako gobernuaren jarrera?
J.M.:  Polizia etorri zitzaigun behin, legez kanpo genbiltzala esanez. Beldur pixka bat sartu ziguten gorputzean. Ezkutatuta ibili ginen orduan, baina ez zuten gure aurkako neurririk hartu; nik uste bolondresak zertan dabiltzan ulertzen dutela. Egunotan jakin dugu Sevillako hiru suhiltzaile atxilotu dituztela, pertsonekin trafikatzea egotzita. Haiek ezagutzea egokitu zitzaidan, eta ziurta dezaket besteok ez bezala arriskatzen zirela itsasoaren menpe noraezean zebiltzan errefuxiatuen biziak salbatzeko. Jakina, baimen ofizialik gabe aritzen ziren.

Nora abiatzen dira errefuxiatuak behin lurra hartuta?
J.M.: Kostaldetik barrualdean dauden egoitzetara bideratzen dituzte errefuxiatuak. Lesbosetik egunero ferry bat irteten da Atenasera, errefuxiatuz josita. Grezian bi harrera egoitzatan hartzen dituzte, baina askok aitortzen zigutenez, gehienek, Alemaniara batik bat edo eta bestela Inglaterrara, Damimarkara edo Sueziara joateko asmoarekin uzten dute bizitokia.

Zer iruditzen zaizu Europaren jokaera errefuxiatu horiekiko?
J.M.: Egoerak ez dauka irtenbide errazik, eta ez naiz egokiena zer egin eta zer ez esateko. Baina ez dago eskubiderik pertsona horiek errefuxiatu baten bizitza eramatera kondenatzeko. Are gutxiago haurrak, ezeren errurik ez baitute. Bizi maila altua daukan Europak gehiago egin lezake. Enpatia gehiago beharko genuke, gure aurreko belaunaldiek ere Ameriketan aterpea bilatu zutela gogoan hartuz. Bertakoek ondo hartu zituzten.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!