Jarraian, Sabino Ormazabal Argituz ekimeneko kideak “Memoria partekatu bateruntz” hitzaldia eskainiko du, Errenteriako esperientzia ardatz nagusitzat harturik.
Urtarrilak 28, osteguna. 19:00-20:30. Sarobe.
Aurreko larunbateko hitzordua:
Bakea eta Bizikidetza jardunaldien baitan, "Glencree, elkarrekin egindako bidea" dokumentala proiektatu zuten larunbat goizean Saroben. Bertan izan zirenei “gogorra, hunkigarria eta baliagarria” iruditu zitzaien Glencree esperientzia urnietarrei.
Alde ezberdinetako biktimak elkartu eta bakoitzaren sufrimendua eta mina elkarbanatzea da egitasmoaren helburua. Dokumentalak erakusten du ETAren biktimak, GALen biktimak, bahiketen biktimak, estortsioen biktimak eta abar elkartu, eta nola elkar ulertzen saiatu ziren. Biktima guztien arteko sintonia, armonia eta enpatia isladatzen du ikus-entzunezkoak.
Hamabost lagun inguru bildu ziren Saroben, eta ikus-entzunezkoa txaloka amaitu ostean, bi taldetan banatu ziren ikusitakoaren inguruko solasaldia egiteko. Bertaratu zirenentzat oso dokumental "gogorra eta hunkigarria" izan zen, biktimen sufrimenduarekin enpatizatzeko "baliagarria". Jende ezezagunarekin lortutako hartu-emanak eta, tentsioa alde batera utzita, parte hartzaileek jasotako ikasgaiak harritu zituen. Taldetan jarrita, adierazi zuten “egia gordina” erakusten duela ikus-entzunezkoak: “Besteen bizipenekin enpatizatzeko balio du. Ez dugu ondokoa entzuten, eta besteengandik asko ikasi dezakegu”. Gainera, oso talde ausarta iruditu zitzaien, beraien bizipenak kontatzeko pausua emateagatik. Ikusitakoarekin hunkituta, “guztiz positiboa eta lagungarria” zela nabarmendu zuten.