“Aurrekontuak gehiengo zabal batek onartuko ditu, udalbatza osatzen duten hamazazpi zinegotzietatik hamabik”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko urt. 28a, 01:00

Gobernu taldeak akordio zabala nabarmentzearekin batera, sozialisten jokabidea kritikatu du: “PSE-EE alderdiak akordio honi garrantzia kendu nahi izan dio bestelako filtrazio interesatuen bidez”. Osteguneko plenora agertzeko deia luzatu die herritarrei, iluntzeko 19:00etan hasiko dena.

“Udalbatza guztiak dira garrantzitsuak EH Bildu osatzen dugun gizon emakumeontzat, demokrazia parte-hartzailean sinisten dugu, edo demokrazia eta parte-hartzea banaezinak direla pentsatzen dugu hobe esanda. Baina ostegun honetakoa berezia izango da guretzat; izan ere, 2016ko aurrekontuak onartuko baitira gehiengo zabal baten bitartez. Zalantzarik gabe, erabaki garrantzitsu baten aurrean aurkitzen gara; gogoratu behar dugu Andoaingo Udalak 2012. urtean onartu zituela azkenengoz aurrekontuak. Horrek arazo larriak ekarri ditu udal kudeaketan, eta beraz, blokeo egoera horretatik ateratzeko ezinbesteko tresna da aurrekontua.

Azpimarratu behar dugu, gainera, gehiengo zabal batek onartuko dituela aurrekontu hauek. Lau alderdik babestuko dituzte (EHBildu, EAJ-PNV, Ganemos eta Irabazi), Udalbatza osatzen duten hamazazpi zinegotzietatik hamabik. Ekarpenak egin nahi izan dituzten eta egin dituzten alderdi guztien arteko adostasuna da. Andoainen aniztasun politikoaren argazkia ere bada ostegunekoa; motibazio eta proeiktu politiko ezberdinetatik abiatzen garen alderdiak izanik ere, gure herriak une honetan dituen lehentasunen eta aukeren gainean ados jartzeko gaitasuna izan dugun sentsiblitate politiko ezberdinetako jendea hain zuzen ere.

Beraz, ostegunekoa pozteko eguna da gure ustez. Azken egunotan PSE-EE alderdia, akordio honi garrantzia kendu nahi izan dio bestelako filtrazio interesatuen bidez. Iñolako proposamenik egiten ez dutenek, gure herriarentzat eskaintzarik ez duten horiek, eta Andoaingo udala ekonomikoki zulora eraman zuten horiek dira giroa nahastuz akordio honi garrantzia kendu nahi diotenak.

Euren bakardadea eta argudio falta dira beraien egoeraren benetako argazkia. Beraz, andoaindarrei dei egin nahi diegu, aurrekontu hauen berri eduki nahiez gero, ostegun honetako udaltzara agertzeko, beti bezala udaletxean 19:00etan burutuko dena”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!