Kanpoko lurretatik gurera

“Gogorra da hain gazterik jaioterria uztea”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko urt. 28a, 01:00

Norlan Armando Gomez Cacerez nikaraguarra Somoton jaio zen orain 28 urte. Zizurkilgo Itzibar baserrian bizi eta lan egiten du.

NIKARAGUATIK ZIZURKILERA

Duela bost urte eta erdi etorri zen Armando Euskal Herrira, Donostiara lehenengo. Adineko pertsona bat zaintzen aritu zen hasieran “oso gustura”, harik eta gizona gaixotu eta erresidentzia batera eraman zuten arte. Igeldon jarraitu zuen bere ibilbidea, bertako etxe nahiz baserri batean lanean. Duela lau urte ezagutu zuen Zizurkil, bere koinatuaren bidez. Hura aritzen zen aurrez Itzibar baserrian lanean eta haren oporrak ordezkatzera etorri zen Armando. Duela urtebete haren lekua hartu du eta Itzibar baserrian bizi da, behiak zaindu eta baserriko beste hainbat lan egiten duelarik. Gustura aurkitzen da Zizurkilen, baina jaioterria uztea oso gogorra dela adierazi du. “Herrialdea utzi aurretik pentsamendu ugari izaten da. Gogorra da hain gazterik jaioterria utzi eta herrialde berri batera etortzea”. Nikaraguan egunerokotasunerako adina sos lortzeko lana aurkitzea posible bada ere, lan egoera oso kaskarra dela dio. “Nik batxillergoa egin nuen eta lantxo bat banuen arren, graduatutako lagunek ere ez zuten lan duinik aurkitzen. Ondorioz, honuntza edota Estatu Batuetara abiatu ginen asko eta asko lan bila, gure aldekoa baita txanponaren aldaketa. Nicaraguan, cordoba txanponean soldata jaso eta dolarretan kobratzen digute denda askotan. Hango soldatak oso baxuak dira eta oso zaila da bizimodua aurrera ateratzea”. Hemengo lan egoera txarra dela entzuten duenean, hangoa askoz ere okerragoa dela pentsatu ohi du, eta are txarragoa orain, “gobernuko egungo lehendakariarekin ez baitago aldaketarako esperantzarik eta txarretik okerrera baitoa egoera”, bere ustez.

 

Eroso eta gustura

Zailtasun guztien gainetik, Euskal Herrian lana aurkituta, zortedun sentitzen da Armando. Erraz kokatu da bertan, hasieratik. Arreba Donostian eta anaia Lasarten bizi ditu eta hori ezinbesteko izan du egokitu ahal izateko. “2010eko maiatzean etorri eta ekainaren 1erako lanean ari nintzen, lagun bati esker. Gustura sentitzen naiz hemen, bizimodu berrira erraz egokitu naizelako. Egia esan, lanetik kanpo, ez dut bertako jendearekin tratu handirik. Eroso eta gustura sentitzen naiz etxekoekin eta, ni bezala, haiek nirekin ere baietz uste dut”. Egunerokotasunera ohitu da dagoeneko, egunetik egunera gehiago ikasiz. Etxean entzuten duen euskara ere gero eta ezagunagoa zaio. Itzibarko behitegian egiten du lan eta Euskal Herrira etorri aurretik ez zuen halako ukuilurik ezagutzen, “Nikaraguan ere badira behi eta animaliak, baina bakanka. Ez dago hemengoa bezalako azpiegiturarik eta behiak zelaian edukitzen dira, belarra janez”.

Donostiako Alde Zaharrean bizitu zenean izugarri harritu zuen bertako mugimendu geraezinak eta baita janariak ere. “Hemengo janariak ezberdinak dira batzuk eta ezberdin prestatutakoak besteak. Elikadura aldaketara sabela egokitu arte denbora behar izaten da”, azaldu du. Hemengo klimara ere ohitu da dagoeneko, nahiz eta Nicaraguan hotza ezagutzen ez dutenez, negua gogorra egin hasieran behintzat. Euskal kultura deigarria egin zaio, “Zizurkil goiko festetan izan nintzenean, denek batera eta pauso berdinak dantzatzen zituztela ikusteak harritu egin ninduen. Gabonetan, herritarrak dantzan eta kantuan etxez etxe talde handitan etortzea ere berria izan da niretzat. Bakoitza bere erara ibiltzen da han, lagun asko edukiagatik”. Lanetik jai duenean, Donostian paseoan ibiltzea gogoko du, baina Lasarten anai-arrebekin bildu eta lasai egotekoa dela azaldu du.

 

Nikaraguara bisitan

Urtarrilaren 21ean, Nikaraguara abiatu berri da bisitan. Bost urte eta erdi zeramatzan jaioterrira itzuli gabe, “paper guztiak legeztatuta, orain bidaiatzeko aukera dut. Gogotsu nago, alaba baitut bertan zain eta oso garrantzitsua da niretzat hura ikustea. Familia faltan botatzen dut eta baita lagunak ere. Azken urte hauetan Somoto asko aldatu dela badakit, argazkien bidez ikusi dut aldaketa, baina zuzenean ikusteko aukera izango dut orain”. Denbora tarte bat lanean igaro eta gero, etorkizunean bere jaioterrira itzultzea gustatuko litzaioke Armandori. Argi dauka, bizitzako helburuak bete ahal izateko lan egin beharra dagoela eta han aukera hori ez duenez, ate berriak ireki behar direla, “aita izan nintzenean bereziki, dena aldatu zen nigan eta alabaren etorkizunean pentsatuta, lanera abiatzea erabaki nuen. Askotan galdetzen dit noiz itzuliko naizen”. Dudarik gabe, hainbeste kilometro tartean izateak asko zailtzen du joan-etorrian ibiltzeko aukera, baina teknologia berriek, gertukoekin harreman estua mantentzen laguntzen diote eta lasaigarria da hori beretzat.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!