Udal aurrekontuen eztabaidaren atarian, Andoaingo PSE-EEk aurkako botoa iragarri du

“Azken urteotan Andoaingo Udalaren kudeaketan Bilduk izandako frakasoaren ondorio dira 2016rako aurkeztu dituzten aurrekontuak. Aurkako botoa emango dugu ez dugulako aurreko agintaldiaren kudeaketa kaskarraren erantzule izan nahi”, iragarri du sozialisten buru Maider Lainezek.

Agerraldia:

Udal teknikariek ur hoditeria berritzeko inbertsio plana 1.691.000 eurokoa zela, eta azkenean adostu dena 1.300.000 euroko inbertsioa izatea kritikatu dute. Alde horretatik akordioaren sinatzaileek azalpenik ez dutela eman salatu du.

Lehendik ere presoen bisitaldiak diruz laguntzea kritikatu izan dute, eta oraingoan ere kritika horri eutsi diote, “gizarte zerbitzuetako beste partidatan 50.000 euroko gehikuntza iragarri dute, baina zertarako? Norentzat? Nahiz eta Irabazi, Ganemos eta EAJ horrekin ados egon, ikaragarria iruditzen zaigu guri”. Gizarte laguntzen partiden igoerarekin herritarrak nahasten dabiltzala salatu dute.

Aurrekontu proposamenan harridura azaldu dute bosgarren edukiontziaren txertaketa ez delako argi eta garbi azaltzen. Bestalde, iragarri duten urteko aurrekontu planaren garapenarekiko mesfidantza erakutsi dute. Planifikaziorik ez dutela aurkeztu leopratu diote Bilduri.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!