100 eguneko erronka hastear da Zizurkilen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko urt. 28a, 01:00

‘Me reto 100 días’ bizitza osasuntsu eta aktiboaren bitartez, norberaren alderdirik onena aurkitzeko ekimena da.

Arantxa Orbegozo tolosarrak iaz jarri zuen abian ‘Me reto 100 días’ ekimena. Beste hainbat kiderekin batera, Maider Mendizabal anoetarrak buru-belarri dihardu proiektuaren bidegile eta berak azaldu ditu ekimen berritzaile honen nondik norakoak. Hastapenetatik abiatuta, Arantxak bere behar pertsonaletan oinarrituta sortutako programa dela argitu du. “Beti izan da kirolaria Arantxa, betidanik bideratu ditu kirol ekimenak. Ama izan zenean, ordea, alde batera utzi zuen kirola eta haurrak zaintzeaz gain, margotzeari ekin zion. Denborarekin baldartzen ari zela ohartu zen eta bere urtebetetzetarako programa bat oparitu zion bere buruari”, azaldu du Maiderrek. Kirolik egin ez arren, urte haietan guztietan, Internet bidez, fisikoa lantzeko ariketa ezberdin ugari bildu zuen eta 100 egunetan zehar, orduerdiz haiek egiteari ekin zion. Elikadura zaintzen zuen eta kirolaz gain, garapen pertsonaleko lan asko ere aurrez egina zuela ohartu zen, irakurtzearen poderioz, informazio asko jaso eta barneratu baitzuen. “Luzaketa nahiz bestelako ariketa fisikoak egiten hasi eta 100 egunera, berebiziko emaitzak lortu zituela jabetu zen eta ‘nik lortu badut, besteek ere lor dezakete’ pentsatu zuen. Orduan hasi zen ekimena kanpora zabaltzen. Altzon nahiz Ibarran sortu ziren lehen bi taldeak, denera 22 emakumerekin. Emaitza bikainak izan zituen”.

Koadernoak, laguntzaile
Altzoko taldean eman zuen izena Maider Mendizabalek, fisikoaren edota elikaduraren gaiak ere bai, baina bereziki garapen pertsonalaren arloak erakarrita, “erronkaren 50. egunean lortutako emaitzak ikusita, parte hartzaileak pozarren geunden eta ekimenari oraindik eta serioago eustea erabaki zuen sortzaileak. Orduantxe hasi nintzen ni berekin lanean”, azaldu du. Pertsonaren alderdirik onena aurkitzea da ekimenaren helburu nagusia; norbera bere buruarekin indartsu eta gustura aurkitzea; azken batean, ondo sentitzea. Bidea, berriz, erraza da Maiderren ustez: “100 egunean zehar, astelehenetik ostiralera ordubetez irakasle edo begirale batekin bildu ohi da taldea. Lehen orduerdian ariketa fisikoak egiten dira, bakoitzak bere erritmoan, baina etenik gane. Bigarren orduerdian elikaduran nahiz garapen pertsonalari eskaintzen zaio tartea”. Erronka erraztu eta bideratzeko, arlo bakoitzean koaderno ezberdinak dituzte. Egun bakoitzerako ariketa eta mugimendu fisiko ezberdinak proposatzen dituena batetik. Elikadura edo nutrizio koadernoa bestetik, ohiko dietarik jasotzen ez duena, hainbat elikadura aholku edota oinarri baizik. Bidaia koadernoa azkenik, garapen pertsonala lantzeko autocoaching moduko lan koadernoa. Pentsatu gabe, egunerokoan pauso asko eman ohi dugula uste du Maiderrek eta erronka honen beste helburuetako bat, norberari galderak egitea da. “Bidaia koadernoan, egunero gai baten inguruko gogoeta idatzi behar da. Taldean lantzen dugu gaia ondoren. Ez gara psikologoak eta ez dugu talde terapiarik egiten, baina erremintak eta bide ezberdinak eskaintzen ditugu pertsona hobeto sentitzeko. Amets egitea bultzatzen dugu, eguneroko gertaerak aztertu eta pertsona bezala hobetzen saiatuz. Ohiturak zerrendatu ondoren, txarrak baztertu eta onei tira egiten ahalegintzen gara”. Erronka modu presentzialean edota bakoitzak bere etxean ere burutu dezake, hiru koadernoen eta ekimeneko bideratzaileen laguntzaz.

Zizurkilen ere bai
Parte hartzaileei konpromisoa eta esfortzua eskatzen dizkiete, baina epe laburrean, oso emaitza positiboak lortzen direla aurreratu du. “Hasieran gogorra gerta daiteke, baina lehen hilabetean bertan emaitzak agerikoak izaten dira, fisikoari dagokionez batik bat”. Orain arteko esperientziatan emakumeek eman dute izena nagusiki, baina gizonen bat edo beste ere gerturatu da, oso gustuko emaitzak eskuratuz. Alegian, Zumaian, Donostian…, leku ugaritan izan dituzte eta dituzte taldeak eta, otsailaren 14tik maiatzaren 26ra, Zizurkilen martxan jarriko dute bestea. Joan zen abenduan, Kirol Astearen baitan aurkeztu zuten ekimena Zizurkilen. Urtarrilaren amaieran, ekimenaren inguruko bilera irekia egingo dute berriz ere eta handik aurrera, izena emateko aukera zabalduko da Udal bulegoetan.

Ysiyo… plataforma berria
Webgune edota plataforma berria kaleratzear dira, ysiyo… izenaren baitan. Besteak beste, erronka online jarraitzeko aukera eskainiko da bertan edota emakume haurdunei nahiz gazteei zuzendutako eskaintzak ere bideratu nahi dituzte. Euskaraz eskaintzen dituzte saiorik gehienak, baina ekimena Euskal Herrian bezala, kanpoko lurretara ere zabaldu nahi dutenez, gaztelaniazko izena jarri diote ekimenari. Era berean, agenda bitxi bat ere kaleratu dute, erronkan lantzen diren hiru arloak garatzeko aukera ematen duena.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!