Aniztasuna aldarrikatzeko guraso taldearen ekimena

Gogoz heldu dio emigrazioaren eta integrazioaren gaiari Ondarreta ikastetxeko guraso talde batek. Dinamika bizia jarri du abian azken bizpahiru urtetan.

Familia etorkineko ikasle ugari ditu Ondarreta ikastetxeak, eta zubiak eraikitzeari ekin dio guraso talde batek, pertsonen eta kultura ezberdinen arteko elkar ezagutza oinarri.
Taldeko hiru ordezkarik, Ines Miron, Carmen Ramos eta Fernando Sernak azaldu dituzte zein diren euren asmoak. Ikasturte amaiera batean ekin zioten, Carmen Ramosek adierazi duenez: “herrialde ezberdinetako gastronomiaren jaia antolatu genuen. Nork bere herrialdeko zerbait tipikoa etxean prestatu eta festara ekarri behar zuen. Oso harrera ona izan zuen ideiak, eta uste baino guraso gehiago batu ziren jaira. Kontziente gara ekimen txikia izan daitekeela hori, baina modu erraza da elkar ezagutzen hasteko, konfiantzak harilkatzeko eta bestearen kulturan, hizkuntzan... interesa jartzen hasteko. Mezu argia bidaltzen diozu munduko ez dakit nongo herrialde batetik heldu den familia horri: zuek ere ikastetxeko kideak zarete, zuek ere andoaindarrak zarete geu bezala. Hori modu naturalean transmititzen jakinez gero, jarrera baikorrez erantzuten dizute. Alde horretatik, Ondarretan, eta orokorrean esanda, euskararekin interesa jartzen duten guraso etorkinak topatuko dituzu”.
Jaiaren arrakastak animatuta, bidea urratzen jarraitu zuten. Hurrena, Euskararen Mintzodromoa antolatzera ausartu ziren, ikastetxeko jolaslekuan. Ekimenak egundoko ahalegina eskatu ziela aitortu du Ines Mironek: “Ez zen lan erraza izan askori sinestaraztea gauza ginela halako ekimena aurrera ateratzeko, kosta zitzaigun jendea erakartzea edo kontzientziatzea... Baina azkenean, erantzun polita jaso genuen. Pozgarria izan zen emaitza, nahiko anitza izan baitzen partaidetza: guraso etorkinak nahiz bertakoak, beste ikastetxetako gurasoak edota herritarrak batu ziren”.
Ekimen gehiago antolatu dituzte harrez gero, jostailuen bilketa esate baterako, Caritas elkartearekin elkarlanean egin dutena. “Haurren eta Andoaingo herritarren artean giza balore baikorrak transmititzeko ekitaldi baliagarri gertatu zela esan genezake”, adierazi du Fernando Sernak. Eta zera gehitu du: “era horretako ekimenek, bide batez, badute beste helbururik: Ondarretako ikastetxeko komunitatea osatzen dugun eragile guztiak Andoaingo herriaren bizitza publikoan inplikatzea, gizarteko parte aktiboak garela eta ongizaterako ekarpenak egiten dizkiogula sentitzea”.
Une honetan zerbaitek ilusioa eragiten badie, herriko kaldereroen konpartsan parte hartzeko jaso duten gonbidapena da. “Ikastetxeak, ostiral arratsaldean, kaldereroak kalera ateratzeko ohitura hartu du azken urtetan; irakasle eta ikasleez gain, gurasoak ere gustura sartzen gara festan. Bada, urrats bat aurrera emango dugu aurten, herriko kaldereroen konpartsako zati izango baikara”.

Etorkin izateak ematen duen ezagutza
Ez da kasualitatea hirurak ere jatorriz andoaindarrak ez izatea, Ines Mironek azpimarratu duen bezala: “Burgos, Kantabria eta Caceresekoak ziren gure gurasoak, eta hona etorri ziren halako batean. Geu euskaldun berriak gara; hobeto edo traketsago moldatzen gara euskaraz, baina argi daukagu euskaraz bizi nahi dugula kosta ala kosta. Kultur eta hizkuntz integrazioarena ondo ezagutzen dugun fenomenoa da, eta horrenbestez, nork bere larruan bizi izanak ematen duen ezagutzatik hitz egiten dugula iruditzen zaigu”.
Jakitun dira ez dela batere erraza haur batentzat bere jaioterria utzi, eta bat-batean, ikastetxe batean sartu eta berea ez den hizkuntza arrotz batean murgildu beharra. “Galduta sentitzen da hasieran, baina umea oso moldagarria da definizioz; esate baterako, euskaraz primeran hitz egiteko gai da ikasturte amaierarako. Oso polita da umeak elkarrekin zein erraz harremanak egiten dituzten ikustea, zein erraz irensten duten beste hizkuntzara moldatu beharreko egoera hori. Burugogorragoak eta aldaezinagoak izan ohi gara helduak, sustraituago baitauzkagu jaioterritik dakartzagun kultura, ohiturak, mentalitatea...”.
Urrunetik datorrenak egoera berrira moldatu edo integratzeko jarrera baikorra ager dezan, baina, funtsezkoa da inguruan giro aproposa sentitzea, Carmen Ramosen ustetan. “Pedagogikoki egundoko lana egiten dute Ondarretako irakasleek, meritu handikoa, baina ez da nahikoa gela barruko lana; faktore sozial gehiagok lagundu behar dute”. Premiazkoa, etorkinen eta bertakoen arteko nahasketa da. Alde horretatik, Ondarretan, badira guraso eta haur euskaldunak, baina direnak baino gehiago behar lukete eraginkorra izan dadin haur etorkin horien kultur integrazioa”.
Nahasketa horrekiko kontzientziaren falta sumatzen dute hirurek ere, eta Ines Mironek zehazten du uste hori, aktualitatearekin lotutako adibide bat jarrita. “Sirian edo beste edonon gatazka pizten denean, errefuxiatuak hartzeko prest agertzen gara zein solidarioak garen erakutsi nahian, baina gero errealitatean, kosta egiten zaigu etorkinekin elkarbizitzea. Ondarretako ikastetxean isla daiteke pittin bat kontraesan edo gogo falta hori”.

Ondarretari lotutako mitoak
Ondarreta ikastetxearekin lotutako mito eta topikoak Andoainen gehiegi funtzionatzen dutela iruditzen zaie hiruei. Halaxe mintzo da Ines Miron: “Batzuentzat, Eskola Nacional-a da oraindik. Euskarari arrotz zitzaion eskolaren espiritua bizirik balego bezala pentsatzen jarraitzen dute, nahiz eta errealitateak zerikusirik ez eduki iraganarekin. Tarteka, oraindik D ereduan soilik irakasten dela ez dakiten herritarrak topatzen ditugu. Ez dizute sinesten Errumania eta Nigeriako bi haurrek Ondarretan elkarrekin euskaraz egitea gauzarik normalena dela esaten badiezu”.
Soilik etorkinentzat, erdalduna, gatazka gune, eskola porrotaren faktoria..., dira ikastetxearen bizkar jartzen diren topikoetako batzuk, eta haserretzeko arrazoiak ematen dizkio irudi oker horrek Fernando Sesmari. “Ondarretako komunitatea ezagutzen dugu, eta sinesgaitza egiten zaigu uste multzo horrek oraindik bizirik irautea. Kontrakoa esaten baitigute kontrasta daitezkeen datu erreal ugarik: pedagogiaren munduan goraipatua den Amara Berriko sistema erabiltzen da bertan, unibertsitatera edo Lanbide heziketara bideratzen diren ikasleak hezten ditu; ikasle euskaldunak sortzen ditu, eta are gehiago, horietako batzuk euskarazko literatura lehiaketak irabazi izan dituzte; jatorri anitzeko ikasleen artean ez dago elkarbizitza gatazkarik...”.
Ondarreta ez da behar bezala ezagutzen, eta autopromozio dosi handia falta zaiola uste dute. “Denok zerbait gehiago jarri beharko genuke, Jaurlaritzako hezkuntza sailetik hasi, eta Udalarekin, irakasleekin, gurasoekin edota herritarrekin jarraituz. Tematiak behar dugu izan, ez delako egun batetik bestera lortuko irudiz iraultzea. Guk, oraingoz, urratzen hasi dugun bideari eutsiko diogu”.

Amara Berri sistema
Urtarrilaren 13an Amara Berri sareko aholkulariek, ikastetxeko langileekin batera, Amara Berri proiektua aurkeztu zuten Andoainen. Kontxi de la Fuente zuzendariak azaldu duenez, Ondarretak 20 urte daramatza proiektu honen  baitan, eta guztira 21 ikastetxe murgilduta daude. “Gurasook ikasi genuen modu berean ikasten dute askotan gure seme-alabek, baina kontziente izan behar dugu gure haurrak XXI. mendekoak direla. Ezin da modelo bera errepikatu; sistema eguneratu beharra dago”, adierazi zuen Eneko Martin  aholkulariak.
Amara Berri proiektuak ikasle bakoitzari aukeratzeko, pentsatzeko, adierazteko, norbera den bezala agertzeko eta bere berezitasunez jabetzeko aukera ematen dio; helburua ikasle gogotsuak, biziak eta ekintzaileak garatzea delako. Sozializazioa edota sormena lantzen dira honako ezaugarri metodologikoen bidez: jolasa, departamentu espezializatuak, adin nahasketa...  

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!