Zubimusu Ikastolak hainbat berrikuntza dakartza matrikulazio kanpaina berrian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko urt. 22a, 10:46

Zubimusu Ikastolako kideek matrikula epea urtarrilaren 25ean zabalduko dela jakinarazi dute. Berrikuntza nagusi modura, Zubimusura etorri nahi duten bailarako beste herrietako ikasleei garraioa jarriko zaie datorren ikasturtean:

HHn edo DBHn hasteko matrikula egin nahi duten haur edo gaztetxoek urtarrilaren 25etik otsailaren 5a bitartetan izango dute epea zabalik. Zubimusu Ikastolako eskaintza ezagutzeko Ate Irekiak antolatu dituzte Haur Hezkuntzan hasi behar duten haurren gurasoei zuzenduta.

Zizurkilen urtarrilaren 22an, 15:00etan, egingo dira Ate Irekiak. Villabonan, Txerminen, berriz, urtarrilaren 23an. 11:00etan gazteleraz egingo dira eta 12:00tan euskaraz.

DBHko ikasleei dagokienez, gurasoek ikastolara deitu eta hitzordua hartu beharko dute arduradunekin hitz egin eta bertako eskaintzaren berri zuzena jasotzeko.

Garraioa, ingelesa eta material didaktiko berritzailea

Aurten aipagarria den nobedadeetako bat da bailarako gainontzeko herrietatik Zubimusura DBH  egitera etortzen diren ikasleei garraioa jarriko zaiela. “Urrats garrantzitsua da oso garraioari begira orain arte genuen gabeziari irtenbidea jartzea. Bailarako ikastola bakarra denez, inguruko herrietako gazteei ikastolara etortzeko aukera eskaini nahi diogu eta modu honetan, erraztasunak jarri, noski”, dio Ana Santamaria zuzendariak.

Garraioaz gain, hizkuntzak eta teknologia dira ikastolaren indarguneak. DBH 3ko ikasleek ez dute liburu bakar bat ere erabiltzen. Ikasle bakoitzak bere Chromebook edo ordengailua du. Halaber, ikas-material berritzailea erabiltzen dute EKI proiektua delakoaren baitan. Alegia, ikasleen konpetentziak landuz ikasi eta irakasten da.

Hizkuntzei dagokienez, “ingelesarekin –dio Santamariak- esfortzu handia egiten ari gara. Horren adibide da DBH 3 eta DBH 4 mailetan, Gizarte Zientziak ingelesez ematen direla soilik”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!