Nahikari Garcia: “Asko ikasi dut Realean; isiltzen ere bai”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko urt. 28a, 01:00

Gauzak garbi ditu: kirolean, ikasketen arloan… Etorkizun oparoa iragartzen diote, atzerrian akaso, baina berak urrun ikusten du egun hori. “Reala talde hobea egitea da erronka, eta ikasketak hemen bukatzea”. Errekalde kaleko parkeko oroitzapenekin gogoratu da, elitean dagoela: “han hasi zen dena”.

Zaila da, gero, zu elkarrizketatzea. Realarekin gestioa egin behar da…
Beno, geroz eta elkarrizketa gehiago ematen ditut, eta Realak horrela antolatua dauka kontua.

Dagoeneko dozenaka eman dituzu, futbolari ezaguna zara, ezta?
Ez zait astuna egiten. Perspektibarekin begiratzen duzu. Gero eta oihartzun handiagoa lortzen da. Egia da egunen batean pentsatu izan dudala, ‘orain elkarrizketa, betiko galderak berriro’, baina gure lanaren parte bat ere bada, ez? Askotan galdera berak errepikatzen dituzte: non hasi nintzen, nire futbolari gustukoena… gero eta ezagunagoak egiten garen heinean galderak ere aldatzen joango dira, noski. Gehiago ezagutuko gaituzte, eta betikoak ez diren beste galdera batzuk egin. Batzuetan sentsazioa izan dut, elkarrizketa bat eman, eta hilabete lehenago emandako berbera izatea. Orain aste batzuk ETBko albistegi batean ere elkarrizketatu ninduten, eta horrek erakusten du, pixkanaka ezagunagoak garela.

18 urte bete berriak, Realeko aurrelaria, loreak han eta hemen zure jardunarentzat… Non eta nola hasi zen istorio hau?
Kiroldegiko futbol zelaian. Endika anaia entrenatzen, eta ni baloiari kolpeka. Eta etxe azpiko parkean, Errekalde kalean. Milaka ordu sartutakoa naiz han. Ni neu, Iker Hernandez… bera orain Barakaldon dago, eta ni Realean! Etxera sartu aurretik, bazkaldu edo afaldu, eta segituan parkera jaisteko irrikan egoten ginen. Gaur egun oso aldatuta dago etxe azpiko parke hori. Uste dut jende gutxiago ibiltzen dela parkean, eta tristetu egiten nau.

Zu zeu, Jokin Lizeaga, Iker Hernandez, Mikel Iturria, pilotari, erremontista… zer dauka Urnietak?
Arrazoia garbia da. Txikitatik haurra kirola egitera bideratzen da Urnietan, eskola kirolaren bitartez. Asteburu batean ekitaldiren batera hurbildu baino lan errazagorik ez dago, Urnietan dagoen kirolerako grina ikusteko. 6.000 biztanleko herria izan eta dozenaka ume dabiltza egurrean. Izen batzuk bota dituzu, baina izenez gain, klub mailan ere jende askok egiten du kirola: futbola, eskubaloia…

Non dago, egun, Nahikari Garcia, 18 urte bete berritan?
Futbola eta ikasketan artean, erdi eta erdi, hortxe. Medikuntza ikasten ari naiz, bigarren urtea, eta Realean jokatzen dut. Futbola da nire bizitza, baina ikasketak alboratu gabe. Oreka horri eusten saiatzen naiz. Familiarentzat oso garrantzitsua da nik ikasketak egitea, eta familiaren esanak oso garrantzitsuak dira niretzat. Futbola eta medikuntza, elkar elikatzen direla esango nuke. Futbolaria izatea amets bat da niretzat, baina era berean, futbolak ikasketekin jarraitzea baimentzen dit. Aldi berean, eta nota onak lortzen ditudan heinean, futbolean are eta gusturago aritzen naiz.

Eta non ikusten duzu, zure burua, demagun 5-7 urte barru?
Ba egia esan ez dut denbora asko ematen horretan pentsatzen. Badakit medikuntza ikasketak bukatu nahi nituzkeela, eta futbolari izaten jarraitu ere. Donostian izango den, Espainiako beste talderen batean edo atzerrian… ez dakit, 18 urte ditut, oso gaztea naiz, urrun geratzen zait 2021a. Tira, ez dut ukatuko noizean behin, pentsatu izan dudala, AEBetako, edo Alemaniako futbol ligan jokatuko banu, zer?, baina ez dut denbora asko pasatzen kontu horiekin.

Nolatan medikuntza? Ikasketa gogorrak dira…
Ama erizaina da, eta beti erakarri izan nau lanbide horrek. Probatzeko gogoa neukan, eta motibazio horregatik aukeratu nuen medikuntza. Askotan entzun dut, medikuntza ikasi behar nuela esan eta ‘erotuta zaude?’ entzun. Ni aurrera. Ikasketak gogorrak dira, bai, ordu asko eman behar dira liburuekin, baina era berean asko ikasten ari naiz, alor askotan. Hartu behar nuen trena zen, hartu dut, ikasketak gainditzen ari naiz… Gustura nago.

Zer ikasi duzu Realeko jokalari jardunean?
Gauza asko. Disziplina, jende ezberdinarekin egoten, konbibentzia, errespetua… Normalean ni baino helduagoa den jendearekin hazi izan naiz, eta horrek asko lagundu dit: gauzak ulertzen, jendeari laguntzen, gustuko ez duzun egoeraren bat onartzen… Genio bizikoa naiz normalean, eta isiltzen ere ikasi dut.

18 urterekin gazte gehienek buruan parrandak, lagunak eta beste izaten dituzte buruan. Zuk ez?
Ez. Nik aukeratu dut bizitza hau. Txikitatik nekien bizitza hau edukitzeko bazterrean zer utzi beharko nuen, eta asumituta baldin baduzu, errazagoa egiten da aurrera egitea. Lagunek badakite nire lehentasunak zeintzuk diren. Batzuetan elkartzen gara, ziur aski ez nahi beste, baina eurek ere ahalegin handia egiten dute asteburuetan ni futbolean jokatzen ikusteko, eta eskertzen diet. Familiak ere babes handia ematen dit. Esango nuke beraiek moldatu dutela nire egungo izateko era, egun dudan ikuskera, eta alde horretatik egoera espero bezalakoa da. Pozik nago. Ez nuke futbola aldatuko parrandagatik.

Nor da zure aholkularia,une gaiztoetan entzuten zaituena?
Ama. Bera egon da une onetan, eta txarretan. Berak ezagutzen nau ondoen, eta berak lagundu dit gauzak ulertzen. Bai futbolean, eta baita arlo pertsonalean ere. Juanjo Arregi eta Jorge Vilda hautatzaileek emandako laguntza eskertu nahi nuke.

Gizonezkoen futbolean ohikoak dira harropuzkeri, berekoikeri keinuak…
Hori da gizkonezkoen futbolarekin daukagun ezberdintasunik handiena. Noski, egongo da, bakarren bat, bestea baino tenteagoa, baina ez dago gizonen futbolean dagoen antzerkia, ikuskizunerako gehiegizko joera hori. Emakumezkoen futbola askoz ere sinpleagoa da, eta horrek egiten du berezia.

Asko harritu egiten dira, emakumezkoen futbol partida bat ikustera joan, eta maila ona duzuela jabetzean. Zergatik dago kontrakoa pentsatzeko joera?
Fisikoki ez dago zalantzarik, askoz indartsuagoak dira, eta emakumeak ez gara inoiz maila horretara iritsiko. Teknikoki, aldiz, parean gaudela esango nuke. Izaeraz eta, aldiz, emakumeak askoz sinpleagoak, sanotagoak garela uste dut. Ez gara txorradak egiten hasten. Futbolean jokatzen dugu, edo saiatzen gara, eta kito. Ez dago besterik. Jendeak pentsatzen duenaz… Ni Añorgan nengoela gertatu zitzaidan, direktibo bat etorri, eta harrituta geratu zena nola jokatzen genuen ikusi zuenean. Jendeak partidarik ikusi gabe epaitzen du, eta eskatuko nukeen gauza bakarra, hauxe: ikusi, baloratu eta epaitu. Ziur nago emakumezkoen futbol partida pare bat ikusi ondoren jendeak dituen aurriritzi batzuk desagertu egingo direla.

Realeko irudi batzuk ikusita, jokalarien artean giro ona duzuela sumatzen da. Hala da?
Talde bat gara, ordu asko pasatzen ditugu elkarrekin eta harreman ona daukagu gure artean. Futbolariak gara, baina lagunak ere bai. Realean oso giro ona dugu, eta hori funtsezkoa da niretzat. Mutilen talde batzutan ere badago, ez pentsa.

Ia hiru urte Realera iritsi zinenetik eta ordezkaezin bilakatu zara. Ze erronka dituzu aurrerantzean?
Hobetu. Etengabe. Lortu dudanagatik, iritsi naizen tokiraino iritsi naizelako pozik nago, ez nuelako espero. Pentsa, 16 urterekin Espainiako Super Ligan, askoz ere beteranoagoak, hobeak diren jokalarien aurka aritu izan naiz, eta hamaikakoan zelairatuta Realarekin! Dena joan da eskatu bezala, baina ezin naiz konformatu.

Konformagaitza omen zara.
Lehiakorra. Gehiegi, ziurrenik. Txikitan txapetan jokatzen genuenean ere irabazten utzi behar zidaten, bestela sekulako haserreak hartzen nituen. Anbizio handia dut. Garaipen bat lortzen badut, beste bat nahi dut. 3 gol sartzen baditut 4 sartu nahi ditut. Nire nortasuneko makuluetako bat anbizioa da. Hazten jarraitzeko, funtsezkoa da.

Eta medikuntza eta futbolaren artean aukeratu behar bazenu?
Ez dut uste bata edo bestea aukeratzeko beharrean egongo naizenik. Orain biak partekatzeko aukera daukat, ondo moldatzen naiz, eta antzera jarraitzen saiatuko naiz. Realak erraztasunak ematen dizkit, eta gustura nago. Onartua daukat, gauzak normal, ez dudala medikuntza dagokion urteetan bukatuko, baina futbola ere garrantzitsua da niretzat. Helburua medikuntza bukatzea da, etorkizunean lanbideren bat edukitzeko, baina futbola alboratu gabe. Urte batzuk gehiago beharko ditudala agian? Onartzeko moduko ordaina da.
Agerikoa da soldata kontuetan eta gizonezkoen futbolarekin zerikusirik ez daukazuela...
Futbolean jokatzen dugun neska gehienek dakigu ezin izango dugula futbolari esker bizi iraun. Dirua aurreztu eta etorkizunean lasai bizi ere ez, noski. Gauzak pixkanaka aldatzea nahi genuke, baina ni, eta ni bezala futbolari gehienak, ziur gaude futbola bukatzean beste ofizioren batean jardun beharko dugula bizitza egiteko. Pausoak eman, ematen ari gara, soldaten arloan, baina mantso. Nik, dena den, soldata mamitsua jasoko banu ere, ikasketak egin, lanbideren bat izateko. Futbola bizitzako aro bat da. Orain mundo horren barruan nago, baina egunen batean ez naiz egongo, eta ordurako prest egon behar duzu.

Atzerria aipatu duzu. Ze herrialde atsegin duzu?
AEBak, Alemania, Frantzia… baina ez futbolaren ikuspegi soiletik. Herri horietan emakumeekiko, emakumeen kirolarekiko errespetua handia da. Nik behintzat kirol kultura hori hartzen dut erreferentzi moduan. Zergatik mutilak bai, eta emakumeak ez? Hori aldatzen saiatu behar dugu gurean, beste leku batzuetan lortu dutelako.

Irakurri dut agian garaieraz txiki samarra zarela, eta horrek zure progresioa kaltetu dezakeela.
Futbolean garaiera garrantzitsua da, baina ez erabakigarria. Nik ni baino emakume garaiagoek ez dituzten beste ezaugarri batzuk ditut, eta horiei etekina ateratzen saiatzen naiz. Azkartasuna, adibidez.

Reala motz, txiki geratuko zaizula diote askok...
Ez dakit. Horretarako asko ikasi behar dut, gauza garrantzitsuak egin. Atzerrian futbolean jokatzea lortzea ez da erraza. Nire ustez, Espainiako Superligan ari garen nesken helburua lehiaketa hori gero eta indartsuago egitea da. Nire ametsa ez da atzerrira joan, eta talde onenetan jokatzea. Nire ametsa Superliga eta Reala hobetzea da. Egunen batean Realarekin tituluren bat lortzea, nahiz eta erronka zaila izan. Orain 4. postuan gaude, gero eta hobeto, eta hori da bidea.
 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!