Hiru hizlariek ere Mikel Atxaga batetik, eta bestetik nobelaren protagonista den Joxinixio Etxeberriaren belaunaldi euskaltzalea goraipatu zuten euren jardunean.
Esnalek aitortu zuen Atxagak ezin bikainago deskribatzen duela garai hartako giroa, bai Andoainen baita Gipuzkoa zein Bizkaiko fronteetan: “Liburuan historiak hamaika hilabete eskas irauten du. Andoainen, Merdillegi baserrian hasten da eta baserritar, euskaldun eta bertsolari den Joxinixiok gerra giroan egiten dituen urratsak kontatzen ditu”.
Elixabete Garmendiak Joxinixio nobelako protagonistaren anaia zen Patxi Etxeberria jesuita eta idazle euskaltzalea izan zuen hizpide Basteron: “Etxeberriatarrak oso markatuak zeuden Andoainen, euskaltzale eta abertzale gisa. Gerra heldu zenean, familiak, Patxiren kaliza eta 1933ko olerti eguneko saria irabazi zuen bere poema liburua (Bost lore) belar metan gorde zituen. Kaliza, gorrien beldur; liburua, nazionalen beldur. Patxi Txinan zen ordurako. Joxinixioren heriotza jakin ostean, Patxik adierazi izan zuen Txinan egoteak salbatu zuela heriotz zigorretik”.
Xabier Lasak, azkenik, gerra aurrean Andoainen euskaltzaletasunak bizi izan zuen loraldia azaldu zuen. Besteak beste, euskarazko gazte eta helduen antzerki kuadroak, dantza taldeak, euskal prentsako kronikarlak, bertsolari mordoa... izan zituen hizpide.