Badatozela kaldereroak

Kaldereroen bi konpartsa iragarri dira aurten Andoainen, azken urtetan legez. Euren zartagin hotsak Andoaingo kaleetara zabalduko dituzte, jai giroa suspertuz eta inauterien etorrera iragarriz aldi berean.

Urtarrilaren 29an (ostirala), Ondarretako jolastokitik 16:00etan irtengo da kaldereroen konpartsa. Ikastetxe horretako haur, irakasle eta gurasoek hartuko dute parte. Zumea Plazarainoko joan etorri egingo du konpartsak, eta ondoren, Ondarretako jolas tokian bertan kokatuko du kanpaldia.

Biharamunean, larunbatarekin, Ontza elkartetik irtengo da bigarrengo konpartsa. Zahar egoitzara abiatuko da taldea, bertan bizi diren herritarrei bisita egiteko asmoz. Ondoren, ohiko ibilbideari ekingo dio, Andoaingo kaleetan zehar. Goikoplazara 17:45ak aldera iristeko asmoa daukate; bertan kanpaldia antolatuko dute. Joxe Mari Oiartzabal musikariaren gidaritzapean jardungo dute guztiek ere; musika, berriz, Gora Kale Txiki txarangak jarriko du.

Bigarrengo konpartsaren entsegua, urtarrilaren 27a, asteazkenarekin egingo da, Berrozpeko jolas tokian, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Antolatzaileek andoaindar guztiei zabaldu die gonbidapena. Ondoren antolatu den afarian parte hartu nahi duenak, honako telefonora deitu beharko du: 679043812 (Jexux).

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!