Irteera Larramendi Bazkunaren Dr. Huizi kaleko egoitzaren parean izango da, behin bertako mastan Santa Ageda eguna Euskal Herriko eguna dela gogorarazten duen ikurriña lau haizeetara ipini ondoren. Jarraian, herriko kaleetan barrena ibiliko dira kantari. 20:30ean emango diote amaiera errondari.
Santa Ageda bezpera iritsi aurreko egunetan errondan parte hartuko duten askok koplak eta kantak prestatzeko aukera izango dute, Ramon Beraza musikariaren zuzendaritzapean.
ENTSEGUAK HILAREN 27AN ETA OTSAILAREN 2AN
Ahotsak prestatzeko bi saio egingo dituzte: urtarrilaren 27an izango da lehenengoa, asteazkenarekin, 20:00tan Pio Baroja kalean dagoen Ambrosia Olabide Gizarte Zerbitzuen atarian. Bigarrena eta azkena, toki berean, otsailaren 2an izango da, asteartearekin, 20:00tan ere.
Edozeinek parte har dezake errondan, tradizioak agintzen duen bezala janztea eta kantatzea dira bi baldintza bakarrak, eta ahal dela entseguetara joatea. Aurten, antolatzaileek bereziki eskertuko dute andoaindarren eskuzabaltasun ekonomikoa ahalik eta txanpon eta bileterik handienak botaz atariz atari ibiliko den maindirera.
Erronda amaitu ondoren afaria egingo dute Berrozpeko Ontza elkartean izena aurretik ematen dutenek. Izena emateko azken eguna otsailaren 2an izango da, iluntzean egingo den entseguan. Egunean bertan ezin da izenik eman afaritara joateko.