Mikel Aramendiren hitzaldia Basteron

Mikel Aramendi kazetariak “Heriotzaren triangelua”ren inguruko gertaerak, eta, Franco hil osteko urteetan indar ultraeskuindarren indarkeria ekintzak izan zituen aztergai Basteron, Oroituz elkarteak antolatuta.


Estatu aparatuen eta ultraeskuindar horien arteko lotura zuzena agerian utziko luketen makina bat datu azaldu zituen bata bestearen segidan. Sistema frankista bukatutzat eman zenez geroztik talde armatu horiek burutu zituzten hilketak, bortxaketak, heriotz mehatxuak, ondasunen aurkako erasoak eta abarrak estadistikoki aurkeztu zituen, urtez urte. Bere aburuz, datuek argi adierazten dute 1977ko ekainean egin ziren lehen hauteskunde orokorren ostean sakondu zela talde parapolizialen indarkeri kanpaina, Gipuzkoan batez ere. Hain zuzen ere, Aramendiren tesiaren arabera, frankismoa ideologikoki sustengatu zuten alderdi politikoek oso emaitza kaskarrak lortu izanak zerikusia izan zuen kanpaina abian jarri zedin.
Sanchez Medrano ultraeskuindarrak idatziz egindako aitorpena aztertu zituen Aramendik hitzaldiaren lehen partean. Astigarraga eta Andoain bitartean gertatu ziren zazpi heriotzen egiletza leporatu zieten Iturbide andoaindarrarekin eta Zabalarekin batera atxilotu zuten Medrano, baina berehala utzi zuten aske. Medranok, aitorpenean, ekintza armatuetan parte hartutako pertsona ugariren izen abizenak eman zituen, eta ez hori bakarrik, baita guztien ibilbidea deskribatu ere.
Migel Castells abokatuak Madrilgo Entzutegi Nazionalean aurkeztu zuen idatzia, baina handik aste betera artxibatu egin zuten. Errepresio frankistan nabarmendu zen TOPeko (Tribunal Orden Publico) epaileek epaitegietan jarraitzen zuten, eta horiek izan ziren kasua artxibatzea erabaki zutenak.
Aramendik bere hitzaldian 70eko hamarkadaren azken aldera eta 80ko hamarkadan Espainiako gobernuaren inteligentzia zerbitzuetan ardurak eduki zituzten makina bat pertsonaren ibilerak eta adierazpenak hartu zituen gogoan, Casinello eta Saenz de Santamaria militarrak batez ere. Sektore horiek modu argiago nahiz ezkutuan, maiz aitortu izan zuten Espainiaren batasuna auzitan jartzen zutenei
aurre egiteko zilegi zela edozein bitarteko erabiltzea. “Kontrainsurgentzia” etiketapean definitzen zuten jardun hori.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!