“Elkarrekin lanean jarraitzeko momentua da”

Joxema Setien eta Juanfe Moyanok 400. urtemugaren balorazio positiboa egin dute. Andoaindarren eta taldeen arteko elkarlana eta atzeko lan isila goraipatu dituzte.

2015. urtea amaitu den honetan, zein balorazio egiten diozue 400. urtemugari?
Joxema Setien:
Hasiera batean, ekintza ugari iragarri zirenean, ez genekien zer gertatuko zen urtean zehar. 2015a pasa ondoren, ordea, balorazio oso ona egin dugu, ekintza horiek guztiak pasata, jendea asko inplikatu dela ikusi dugulako. Urteak daramatzat esaten Andoaingo taldeak prest agertzen garela gauzak antolatzeko momentuetan, baina aurtengoa berezia izan da. Udaletxeak erronka bat bota digu eta guk oso modu eraikitzaile eta positiboan erantzun dugu. Udazkena, batez ere, oso beroa izan da, ekintza asko egin baita: Andoaingo Guduaren antzezpena, Herrien Eguna jaialdia, diska bikoitzaren aurkezpena…
Juanfe Moyano: Nik ere norbanako eta talde guztiek egin duten lana nabarmendu nahiko nuke. Emaitza bikaina izan da, eta hori taldeek eta Udalak elkarrekin lan egin dugulako gertatu da. Guztiok egon gara prest lan egiteko. Urte gogorra izan da, baina merezi izan du.

Zein ekintza nabarmenduko zenituzkete?
J.M.:
Gure aldetik, bi ekintza indartsu izan ditugu: Herrien Eguna eta Basquextremfolk jaialdia. Herrien Eguna hilda zegoela uste genuen eta garrantzitsua iruditu zitzaigun bultzada ematea. Festa horretan, herri osoak parte hartzea nahi genuen, eta lortu genuen. Taldeen indarra eta herriaren indarra batuta, edozein gauza egin dezakegula erakutsi genuen.
Bestetik, Basquestremfolkeko fusioan, taldeen lana ezinbestekoa izan zen, beraiek gabe ezingo genukeelako horrelako jaialdi bat aurrera eraman. Gainera, garai batean kanpotik Andoainera etorritako jendeari omenaldia egin nahi izan genien, eta taula gainetik transmititutako batasuna hunkigarria izan zen.
J.S.: Zaila da ekintza bat nabarmentzea, baina guretzat, ‘Txistuaren soinuez herri zubiak’ zoragarria izan zen. Hunkigarria izan zen horrenbeste andoaindar taula gainean ikustea. Horrez gain, murala oso polita iruditu zait, Urtezahar eguneko lasterketa oso herrikoia eta berezia izan zen, Dorretxeak bisitatzeko aukera ere oso interesgarria zen… Ekintza polit ugari egon da urtean zehar.

Azken hilabeteetan Basquextremfolk eta ‘Txistuaren soinuez herri zubiak’ kontzertuan murgilduta ibili zarete. Bakoitzaren ikuspegitik, nolako esperientzia izan da?
J.M.:
Lan asko egin dugu, baina taldeen lana zoragarria izan da; elkarlanean ibili gara eta denok inplikatu gara besteen proiektuetan. Erakutsi dugu elkarrekin gauza ugari egin dezakegula. Lan eta kudeaketa asko eskatu du, baina ederra izan da.
J.S.: Horrelako emanaldi baten atzean, lan isil asko dago eta, beraz, jendeak izan duen jarrera nabarmendu nahiko nuke. Eskertzekoa da edozein talderengana jo eta prestutasuna ikustea. Txalapartariek, Erraldoi eta Buruhandien konpartsak, Axeri dantzakoak…, guztiek erakutsi digute jarrera positiboa eta gurekin lan egiteko nahia.

Aurreikuspenak bete dira orduan, ezta?
J.M.:
Bai, oso gustura amaitu dugu. Lan handia izan da koordinatzea eta denbora asko hartu behar izan dugu, baina indar handia dugula ikusteko balio izan du.  
J.S.:Lana ondo egiten baduzu, emaitzak bueltan etortzen dira eta, lan asko egin dugun arren, orain poza ere badaukagu. Ekintza hauetan protagonismo pertsonaletatik ihes egin behar dugu; horrelako emanaldien atzean lagun asko daudelako. Mendeurrenaren ospakizun guztiak jende multzo baten indarretik atera dira aurrera; talde ezberdinen indarraren batasunetik. Lanerako grina pizteko zirikatzaileak behar dira, noski, talde dinamikak mugitzeko ezinbestekoak direlako, baina guztiok jarri dugu gure aletxoa.

Guztiaren gainetik, elkarlana nabarmendu duzue. Uste duzue mendeurrenak etorkizuneko lanerako bide berriak eraiki dituela?
J.S.:
Andoaindarrok badugu beldur eta tabu batzuk puskatzeko garaia. Urteak pasa ditugu besteari begira; izan ere, elkarrekin gauzak antolatu eta dinamizatzeko garaian, norekin ari garen begira egon izan gara. Orain, ordea, tabuak alde batera utzi eta elkarrekin lanean jarraitzeko momentua iritsi da. Berdin du norekin ari garen, elkar gaitezen eta presta dezagun zerbait elkarrekin. Egia da azken urteetan Andoaingo taldeek aurrera egin dugula dinamika horretan; bada, jarrai dezagun horrela aurrerantzean ere.  
Esertzeko eta nolabaiteko etorkizunerako planifikazioa egiteko unea iritsi dela uste dut. Agian, zirikatuko gaituen norbait beharko dugu; izan ere, taldeetan gugana hurbilduko den norbait behar izaten da, mimatuko gaituen norbait. Aurten, Udalak zirikatu gaitu, ekintzak proposatu dizkigutelako, eta guk erantzuna eman diegu. Honenbestez, etorkizunean ere bilduko gaituen ideia izatea garrantzitsua izango da.
J.M.: Planifikazioa behar dugu, orain arte talde bakoitza bere kabuz ibili delako. Gainera, urte askotan besteen lanak oztopatu izan ditugu, ekintzak egun eta ordu berean antolatuz. Gure artean hartu-emana eta elkarrizketa balego, ez litzateke horrelakorik gertatuko. Orain elkarrekin jardun dezakegula ikusi dugu; beraz, aurrerantzean ere taldeen koordinazioa, instituzioen babesa eta errekurtsoak ezinbestekoak izango dira.

Zein hutsune nabaritu duzue urtean zehar?
J.S.:Kaleko ekintzak bultzatu beharko lirateke. Kultur eragileok Bastero dugu jomuga, eta bertan gozatzen dugun arren, agian, ahaztu egin dugu kaleko giroa. Gainera, ekintza masibo bat egitean Basterok ere baditu bere mugak, eta jendeak kanpoan geratu behar izaten du. Horren aurrean, bi aldiz pentsatu eta kalera begira planifikatu beharko genuke.

Urte honek balio izan al du andoaindartasuna sendotzeko?
J.M.:
Andoaindar izateak bultzatu du horrenbeste lan elkarrekin egitea. 400. mendeurrena izan da aitzakia, eta herritartasun sentimendu hori barruan egonda ere, kanpora atera dugula uste dut. Ez dugu gure kausa pertsonala ikusi, herriarena baizik.
J.S.:Andoaindarrak gara, baina zein dira gure ezaugarriak? Beste herrietara begira jarrita, askotan jakiten da herriaren nortasuna nolakoa den. Andoainen, ordea, ez dut herriaren izaera definitzea lortu. Aurten, hala ere, jendea inoiz baino andoaindarragoa sentitu dela uste dut. Harro gaude eta zenbateko indarra dugun erakutsi dugu. Txistularien kontzertuan, inguruko herrietako jende asko gerturatu zen eta harrituta geratu ziren Andoainen erakutsi genuen potentzialarekin. Adibidez, ohituta gaude Axeri dantza San Juan egunean ikusten, baina dorrea Bastero barruan ikusitakoan, bat baino gehiagori jarri zitzaigun oilo-ipurdia. Ea zer gertatzen den 2016. urtean; ea inertzia horrek jarraitzen duen.

Eta orain zer?
J.S.:
Orain, jarraipena behar dugu; 401. urteurrena ospatu beharko dugu. Andoainen eragile asko gaude eragiten; orain arte lanean aritu gara, eta aurrerantzean ere uste dut horrela jarraituko dugula. Taldeon indarra zaindu egin behar dugu.
J.M.:Taldeak mimatu egin beharko dira. Ikusi dugu herriak indarra baduela eta horrekin jarraitu behar dugu, ezin dugu hau dena alde batera utzi. Aurrera begira, badaude aurrera jarraitzeko proiektuak, eta baita zerotik hasi beharrekoak ere. Gutxienez, Andoain hilda ez dagoela eta aurtengo biziak ere jarraitzen duela sentitu behar dugu.

Isilpeko lana

Joxema Setien eta Juanfe Moyanok behin eta berriz errepikatu dute 400. urtemugako ekintzak antolatzen jende ugari ibili dela. Atzean egin dute lana, isilean eta musutruk. Oso pozik daude jendeak eman duen erantzunarekin eta laguntzeko erakutsi duten prestutasunarekin. “Jende ugari jo eta ke aritu da lanean. Urte gogorra izan da, lan handikoa, baina gustura gaude lortu dugunarekin. Hala ere, egia da batzuetan jendeak emaitza bakarrik ikusten duela. Atzeko lana ere baloratzekoa da”, azaldu du Moyanok.

Andoaingo taldeak elkarrekin aritu dira lanean eta elkarlan horrek fruituak eman ditu, andoaindarrek ederki ospatu baitute urteurrena. Urtea amaituta, ekintza guztien ostean, ordainsaria iritsi zaie antolatzaileei eta jendearen eskerrak jaso dituzte.

Hala ere, Joxemak argi du eskerrak guztiontzat direla:
“Niri eskerrak ematea pozgarria da, baina nik ere nirekin lanean aritu direnei eskerrak eman behar dizkiet. Guztiok eman dugu zerbait, eta batuketa hori oso polita izan da”. Eskerrak ematea, egin den atzeko lan hori positiboki baloratzea dela uste dute: “Aipamen horiekin, gutxienez, badakigu jendea gustura geratu dela eta ekintzak ondo atera direla”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!