Aurrekontua onartzeko akordioa aurkeztu dute

2012az geroztik Udal aurrekontua luzapen egoeran zegoen, kasu bakanetakoa Gipuzkoan. Blokeo egoera hori gainditu dela dirudi, eta Andoainen gaur egun Udal ordezkaritza duten bost alderdietatik laurek Udal aurrekontu proposamenarekin bat egingo dutela iragarri dute. PSE-EE alderdiak gaiari buruzko agerraldia iragarri du ostiral honetarako, bere egoitzan.

Akordioaren aurkezpena:

Urtarrilaren 15ean EH Bildu, EAJ-PNV, Ganemos eta Irabazi alderdiek prentsa agerraldia deitu zuten, Udal aurrekontuaren inguruko akordioaren berri emateko. Bozeramaile lanetan aritu ziren Ana Carrere, Marijo Izagirre eta Jorge Mourinho. Olga Hernandez ondoezik zegoen arren, akordioari atxekimendua idatziz helarazi zuen. Gobernagarritasuna bermatzeko akordioa aurkeztu zuten, oinarri sozial eta ekonomiko indartsuak dituenak. Onartutako Udal aurrekontu berrietan premian diren herritarrak oso kontutan hartuko dituzte, eta merkataritza edota enplegua sortzeko neurri zehatzak iragarri dituzte. Horrez gain, ur azpiegitura sarea lau urtetan berritzeko adostasuna lortu dute. Gauzak horrela, eta maileguen bitartez bada ere, hainbeste burukomin sortzen dituen ur azpiegitura sarea datozen lau urteetan eraberritzeko konpromisoa hartu dute.
Aurrekontuaren agerraldian adostasun zabala irudikatu zen. Sintonia ona zegoela zirudien. Gehiengo osoa ziurtatzen duen EAJ-PNV alderdia, ordea, Udal aurrekontua onartzeko konpromisoa urtez urte betetzearen aldekoa da. Udal aurrekontuaren betetze mailaren araberakoa izango da bere baiezkoa, agerraldian aditzera eman zutenez.

Agerraldian egindako adierazpenetan, Ana Carrere alkateak lortutako akordioaren garrantzia azpimarratu zuen: “Aurrekontu berriak udalerriak dituen erronka nagusiei irtenbidea ematen hasteko tresna lagungarria izango da. Lortutako adostasun eta babes mailari garrantzia eman nahi diot, eta datozen urteetan norabide berean jarraitu beharko dugu”.

Marijose Izagirrek akordioan parte hartu duten lau alderdiak zoriondu zituen, “ezberdinen arteko elkarlana bultzatu eta adostasunaren kultura praktikan jarri baita. Denon ekarpenak kontutan hartuz aurrekontu errealistak adostu ditugu”.
Ganemos alderdiko Olga Hernanezek idatziz bidalitako oharrean aitortzen zuen ez zegoela proposamenarekin %100ean ados, “baina hala eta guztiz ere, aurrekontu berriak Andoainek dituen beharretatik gertuago daude. Eta gainera kontsentsu zabal batekin adostu dira”.

Irabazi alderdiko Jorge Mourinhok, azkenik, kudeaketa erraztearen aldeko jokabidea erakutsi zuen.

ADOSTUTAKO AURREKONTUAREN
ATAL NAGUSIAK

  • Ur hoditerian egingo dituzte inbertsio nagusiak: “Agintaldi osorako inbertsio plan bat adostu da, eta 2016an ur hoditeriaren berrikuntzarako lehenengo fasea burutuko da. Partida 1.300.000 eurokoa izango da.
  • Kale argiteria berritzeko, milioi bat euroko partida bat sortu dute. Farolak LED sistemara pasako dituzte.
  • Gizarte larrialdietarako laguntzak igoko dituzte. Partida hori 211.000 eurokoa izango da 2016an.
  • Txipa duen bosgarren edukiontzi marroia ezartzeko 90.000 euroko partida sortu da.
  • Udal eraikin eta espazio publikoen konponketa lanak burutuko dira: Herri bideetarako 200.000 euro, Joakin Larreta konpontzeko 400.000 euro, makaldegiko estalpea eta komun publikorako 125.000 euro, eta 550.000 euro gehiago Allurralde kiroldegian eta Arrate frontoian egin beharreko hobekuntza lanetarako.
  • Sustapen ekonomikoari bultzada emango diote: Eskualdeko garapen agentzia martxan jarri ahal izateko 30.000 euro, tokiko merkataritza sustatu ahal izateko 25.000 euro, Otietako bisitarien etxea (Leitzaran) martxoa-urria bitartean irekitzeko 53.000 euro, etab.
  • Plan eta diagnostiko ezberdinak lantzeko konpromisoa hartu dute: gazte plana, berdintasun plana eta etxebizitza hutsen diagnostikoa, besteak beste.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!