Teresa Toda, Sare mugimenduko bozeramailea

Sare elkarteak deituta, aurreko Urtarrilaren 9an, Baionan eta Bilbon presoen hurbilketa, gaixorik daudenen kaleratzea eta salbuespeneko legedia bertan behera uzteko eskatuz egindako manifestazioetatik egun gutxira, Teresa Toda urnietarrarekin, Sareko kide eta bozeramaile denarekin hitz egin du Aiurrik. Sareko kideak lanean jarraitzeko gogotsu daude.

Noiz sortu zen Sare?
Teresa Toda: Sare, 2014ko martxoan sortu zen, San Telmo adierazpena deiturikoarekin. Bertan, ideologia ezberdinetako pertsonak biltzen gara, presoak, eta hauen senideen egoera larriari erantzuna eman nahian. Norbanakoez osatuta dago, ez dago inolako motako elkarterik bertan.

Zein dira Sareren helburuak?
T.T.: Nagusiki, hiru: dispertsioarekin bukatzea, gaixorik dauden presoak kaleratzea eta salbuespenezko legedia bertan behera geratzea.

Eta hori lortzeko, nola antolatzen du Sarek bere lana?
T.T.: Gure lana, herrietan eta auzoetan taldeak sortuz gauzatu nahi dugu. Dagoeneko, ehundik gora herrietan osatu dira lan taldeak. Urnietan ere sortu nahi dugu datozen hilabeteetan.

Zein da herritarrengan ikusten duzuen jarrera?
T.T.: Euskal Herrian jendeak badaki dispertsioa badagoela, baina, ez da jabetzen horrek benetan zer esan nahi duen, eta gure lana da errealitate hori jendarteratzea. Giza-eskubideez ari gara, horregatik, gai hau utzi nahiko genuke politikakerietatik at. Eskubide urraketa larria gertatzen da, eta horren aurrean herritarrok zerbait egin beharko genuke. Baita alderdiek eta instituzioek ere.

Eta nola doa ibilbide hori?
T.T.: Azken boladan bilakaera bat eman da. Orain, jendearen jarrera irekiagoa da, eta mobilizazioetara joateko prest agertzen dira lehen joango ez zen hainbat pertsona, baina, ondoren, egunerokotasunean jarduteko ez da erraza jendearen inplikazioa lortzea.

Presoen dispertsioarekin amaitzeko eskaera ez da atzo goizekoa...
T.T.: Bai, eta horrek sortzen du ezintasun sentsazioa bat, baina, badakigu temati izaten bagara, eta lortzen badugu benetako mogimendu indartsu bat, euskal instituzioetara iritsiko dela eta mugiaraziko ditugula. Madrilengan oso fede gutxi daukagu eta horregatik Europatik zehar ondo informatu eta ondorioz hor ere sortzea kontzientzia xedeen artean dago.

Manifestazioen benetako balioaz asko hitz egiten da...
T.T.: Manifestazioak inportanteak dira indar erakustaldi diren neurrian, baina, horren segida ere landu behar da. Sare sozialak hor dauzkagu eskura, eta bere erabilpenaren onurak ukaezinak badira ere, inplikazio zuzena beharrezkoa izaten jarraitzen du, sufrimentua ez baita birtuala.

Asmo horrekin sortu duzue, manifestazioen ondoren aurkeztu zenuten Giza Eskubideen Trena?
T.T.: Urtarrilaren 11n abiatu zen Bilboko tren geltokitikan, eta tren birtual horren helmuga da giza eskubideen errespetua, konponbide ideia baten barruan. Tren hau, herriz-herri sortuko diren ekimen propio eta bereiztuei jartzen diogun marko orokor baten moduko zerbait da.

Bizi dugun mundu globalizatuan ezinbestekoa da Europara ere begiratzea...
T.T.: Bai, gurekin batera lanean aritu diren jurista batzuk, ondo oinarritutako txosten bat prestatu dute Europara begira. Bertan, Europako azken ebazpenen inguruan beharrezko azterketa juridikoak egin ondoren esplikatzen da nola Espainiako Gobernuak urratzen dituen Europatik datozen lege-arauak. Lan horrekin joango gara Europako jurista elkarteengana, eta instituzio politikoengana. Europatik etorri dira Espainiako gobernuaren erabakien aurkako ebazpenak, Parot doktrina kasu, eta beste batzuk etorriko dira, seguru. Baina, gauza da urteak pasako direla, eta bitartean, presoak eta familiak sufritzen egongo direla.

Sufrimendu asko eragin duen gatazka baten ondorioak...
T.T.: Bai, eta gatazka horren ondorioak konpondu behar ditugu, biktima guzti-guztienak, baita ere, presoen eta haien senideenak. Sufrimentua pilatzen ari da, eta sufrimendu berriak sortzen ari dira. Hau da gaur dagoen sufrimendu iturri bakarra. Hainbatek betiko beraiekin izango du sufrimentua, hori horrela da, baina, sufrimentu berriak sortzen ezin da jarraitu. Hor, gorrotoa eta mendeku gosea dago.

Badira 20 urte Teresa Urnietara bizitzera etorri zela, baina horietatik sei espetxean pasa zenituen Egin kasuaren baitan.
T.T.: Bai, horrela da, eta Urnietan geratu nahi dut betiko, herri lasaia eta ondo komunikatua da. Espetxeko urteei dagokionez, bi urtetan egon nintzen Salamancako Topaseko espetxean, eta ondoren beste lau urte Cordoban.

Dispertsioa lehen pertsonan ezagutu zenuen. Nola bizi zenuen hori?
T.T.: Kezkaz bizi dugu, batez ere neguan, telebistan eguraldi txarra iragartzen ikusitakoan, maiz presook deitzen diogu familiarrei edo lagunei ez etortzeko esanez, baina, normalean oso tematiak jartzen dira eta bisita pentsatutako moduan gauzatzen dute. Iristen ez badira hitzordura, kezka izugarria sortzen da. Niri pare bat aldiz gertatu zitzaidan. Ez dakizu zer gertatu ote den. Deitzeko aukerarik ez dagoenez, hor geratzen zara telebistari begira ea edozein momentutan istripuren baten berri emango ote duten. Kezka ekonomikoak ere presente egoten dira, bisitak garesti ateratzen direlako. Gurasoak zahartzen joaten dira eta aurrez aurrekoak galtzen hasten dira, gaixotasunengatik eta abar. Haur txikiak dituztenentzako ere oso gogorra da, imajina ezazu Donostian bizi den haur bat Cordobara edo Algecirasera joatea aitarekin edo amararekin hiru orduko bisita baterako.
Nola bizi izan zuen familiak zure espetxealdia?
T.T.: Gure ama zendu berria da, baina preso nengoenean bizirik zegoen eta berak ere galdu zituen pare bat aurrez-aurreko gaixorik zegoelako. Berarentzako oso gogorra izan zen ni kartzeleratzea. Salamancan bizi zen, oso pentsaera ezberdinekoa zen. Nire bi nebak eta ahizpa ere bisitan izaten nituen, nahiz eta haiekin ere diferentzia ideologiko sakonak eduki. Horrek emozio handia sortzen zidan, baina, hori beste balore erantsi bat da. Hor ikusten baita senideen arteko maitasuna ideologia guztiak gainditzeko gai dela.

Beraz, esango zenuke zure bizitza pertsonalerako alde aberasgarria ere izan duela?
T.T.: Gogorra baina aberasgarria. Espetxe barruan egindako harremanak ere oso inportanteak dira preso baten bizitzan egunerokotasunean beraiekin zaudelako, eta egoerari aurre egiteko beharrezkoak direlako. Baina, familikoez gain, pozez hartzen dira lagunen eta ezagunen bisitak. Esker oneko sentimentu oso sakon bat sortzen dute eta ateratzean ez dakizu nola eskertu. Niri behintzat hori gertatzen zait, nigatik egindako guztia ez dakidala nola eskertu. Horrek barnean aldaketa bat eragiten du, eta jendearekin, orokorrean, gozoago eta irekiago izaten ikasten da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!