Jokin Lizeaga lehian ikusiko dugu berriro

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko urt. 20a, 01:00

Bizitzak adarkada dezente ematen ditu urteen joan-etorrian. 2015ean adarkada sakon pare bat jaso ditu Jokin Lizeaga korrikalariak (Urnieta, 36 urte). Maritxu ama hil zen orain urtebete pasa, eta Bisaurin mendian ere susto galanta hartu zuen. Alboratuta eduki du goi mailako kirola luze, baina halere, eta entrenamendu prozesu motzak eginda ere, emaitza politak lortu ditu.

2016an zer?
Lasaitasuna. “Etorriko da etorri behar duena. Presiorik ez daukat. Korrika egiteak adina betetzen naute beste alor askok”.

Zer moduz bukatu duzu urtea?
Parranda askorik egin gabe, etxean, familiarekin, eta pozik.

Eta ze balantze egiten duzu 2015ari buruz? Gauza dezente pasa zaizkizu, onak eta txarrak.
Kirol arloan udaran edo hasi nintzen korrika, eta sasoi puntu ona ere azkar lortu nuen. Emaitzak onak izan dira eta alde horretatik kontent. Bizitzan, bueno, gorabehera batzuk eduki ditut, bai. Urtebete bete berri da ama zendu zenetik. Ohitu gabeko egoera berria izan zen niretzat. Gaixotasuna ere kolpe samarretik etorri zen eta heriotzerainoko epe hori ere azkar samarra izan zen. Une gogorrak izan dira, noski. Ez duzu egoera onartu nahi, ulertu ere ez nolatan bat-batean osasuntsu dagoen persona bat hain azkar nolatan hil daitekeen… Prozesu horretan kirola erabat alboratua izan nuen. Lehiaketetan bete-betean aritu nahi baduzu, mentalki-eta indartsu egon behar duzu, eta ni ez nengoen. Emaitza txarrekin ere jendea erraz hitz egin zalea da… Ez neukan gogorik ez entrenatzeko, ezta lehiatzeko ere. 6-7 hilabetetan apenas egin dut kirolik.

Noiz aldatu zen egoera hori?
Ba, udaberrian edo. Animoz-eta hobeto ikusi nuen nire burua. Hasi nintzen korrika, baina Bisaurinen istripu arriskutsu samarra izan nuen, irrist egin, metro dezentetan jausi nintzen eta ipur masail aldean giharrak izorratu nituen. Beste hilabete pare bat egin behar izan nituen osatzen, eta pentsatzen, ze bizitza bera ere arriskuan jarri nuen. Boladak dira. Batzuk onak, besteak ez… San Juanetatik aurrera hasi nintzen berriro, erronka batzuk jarri, pixkanaka betetzen joan, eta urrian, Andorran proba bat irabazi nuen (Els 2900 Alpine Run). Hortantxe utzi nuen lehiaketa. Bi hilabete daramazkit egonean, eta ezer gutxi egin gabe ere ikaragarri gustura nago. Ez dut beharrik ikusten. Urtarrilaren 2an korrika atera nintzen, eta lehiaketa batzuk egiteko asmoa badut, baina presiorik gabe, neure martxan.

Lesioak, amaren heriotza… egoera horiei buelta asko eman zalea al zara?
Ez. Korrika egiten ona izatea tokatu zaidan bezala etorri dira beste gauza horiek ere. Tokatzen dira eta kito. Fisikoki nahiko hauskorra naiz, lesio dezente izaten ditut, baina nire erantzukizuna ere bada (2014an, izterrondoko herniagatik ebakuntza egin zioten Zegama-Aizkorri korritu ondoren). Ez naiz goi mailako kirolarien antzera jarduten, elikadura azken muturreraino zainduz-eta. Lesioren bat daukadanean ez naiz ernegatzen, egunerokoaren beste parte bat da, eta aurrera. Lesioen pareko mila buruhauste izaten ditut eta asumituta daukat.

Non bilatu duzu babesa izorratu samar zeundenean?
Gauza berezirik ez. Familiarekin egon, batzuetan ez baitzara jabetzen haiei lapurtzen dizkiezun orduak askotxo direla. Aitarekin egon naiz dezente, gertuko lagunekin…
Baserrian ere txapuza batzuk egin ditut, ikastolan ere gustura… Ezer gutxirekin pozik bizitzen ikasi dut. Eguneroko normaltasuna, azken finean.
Dagoeneko jakina da Facebook, edo antzeko sare sozialak, kontsumismoaren erritmoa-eta ez ditudala oso gustuko, kontent erraza naiz.

Bizitza lasaira ondo ohitu zarela, alegia.
Bai, bai. Ezer egin gabe, izerdirik bota gabe ederki egoten naiz. Umeekin egon, baserrian lau enbor moztu… Kirolak asko ematen dit, baina beste hainbat alorrek ere bai.

Kostatu zaizu berriro ere kuloteak jantzi, oinetakoak lokaztea, edo erraza izan da?
Bai, kosta zait. Minak, molestiak, lehen Onddi eta Adarra denak bi ordutan pasatzen nituen, eta orain Onddira iritsi eta pott eginda zaudela sentitu…
Tira, zortzi urte daramatzat dagoeneko prestakuntza, gorputza fintzeko prozesuan, eta urtero geratzen naiz bi edo hiru hilabete.
Hasiera guztiak dira gogorrak. Agian aurten gogorragoa, urte osoa egin dudalako geldirik. Urtarrilaren 2an egin nuen lehen saioa, Mikel Legarreta lagunarekin. Bi ordu egiteko gai izan nintzen, eta ondo pasa nuen, sentsazio onekin. Tertulia giroan ibili ginen…

Urnietan Mikel Legarretarekin tertulia giroan joango zaren bakarretakoa izango zara…
Bai, harekin hasierak behintzat dortsala jarrita izango balu bezala izaten dira. Onddi, Adarra eta Onddo egin genituen, mundua konpondu eta poz-pozik etxera. 7 kilo gehiago ditut eta gustura ibili nintzen, jarraitzeko gogoarekin bukatu nuen.

Jende dezenteri entzun diot esaldi hau: “ikaragarri ibiliko duk hurrengo denboraldian”. Zer diozu?
Igual logikoa ere bada. Urtebete geldirik egon, hiru hilabete entrenatu eta Limonen, Munduko Kopako proba batean, laugarren postuan sailkatu nintzen. Gorbeia-Suzien lasterketan ere Tofol Castanyer eta Manuel Merillasekin batera helmugaratu nintzen, eta horiek munduko onenetakoak dira. Emaitza onak lortu izan ditut, lau garaipen tartean, baina errealista naiz. Ez naiz %100 murgilduko, ordu gehiago dedikatuko. Badakit orain arteko ordu kopuru bera prestatuz antzeko maila emango dudala, edo okerxeagoa, adinean ere gora noalako. Ahalmena izango ote nukeen diziplina honi ordu gehiago eskaini eta maila hobea emateko? Nire bizitzako zalantza handienetakoa izango da hori, baina ez nau betetzen zalantza hori argitzeak. Gorputza muturreraino estutzeko astean lauzpabost saiotik gora egin behar dira, bi ordukoak denak gutxienez, eta ez nuke nahi horretara iritsi. Emaitza onak lor ditzaket, noski, baina gauzak normal, ez dira aurreko urteetakoak baino hobeagoak izango.

Irakasle lanaz gain, hainbat kirolariren entrenatzaile lanean ere aritzen zara. Mantendu duzu lan hori?
Bai, baina agian ez lan horrek eskatzen duen dedikazio nahikoarekin. Nire borondatez, gainera. Korrika mundutik ihes egin nahi izan dudala uste dut. Ez ditut emaitzak jarraitu, korrikalari onenekin ere hartueman gutxi eduki dut, gertukoekin izan ezik. Mundu horren barruan egoteak badauka berari lotuta halako exigentzia bat, onenekin lehiatu eta zure onena emateko beti, baina ez ninduen ase betetzen korrika egiteak, eta egoera horretan, pixkat aparte geratzea onena. Presiorik ez daukat, emaitza batzuk lortzeko, eta hori lagungarria da. Ez naiz presaka ibili zalea, bat-bateko errendimendua lortu zalea, lasaitasuna atsegin dut, atsedena hartzea. Bizitzak bere faseak ditu, urte batek bezala.

Marka da gero, hainbat kirolarirentzat planifikazioa egiten duzu, eta zu, haien mailakoa izanda ere, planifikazio jakinik gabe.
Bai, eta zentzu horretan kirolari ezberdina naizela esango nuke. Nire bezeroentzat urte hasiera gogor samarra izaten da, dena zehaztu behar: lasterketak, prestakuntza… Eta ni, apirilean, maiatzean edo uztailean korrituko dudan jakin gabe. Ez daukat egutegirik. Gustatuko litzaidake Zegama egitea, baina egiteko gaitasunik ez badut, entrenatu ez dudalako, ba onartu egingo dut.

Ez dakizu zer, non, eta nola egin, beraz.
Ez, ez aurten, eta ezta inoiz ere. Inoiz ez dut erabaki urtarrilean proba hau edo beste egin, modu honetan edo bestean prestatuko naizen. Memorial Kima izena duen lasterketa bat korritu nahi nuke, Italiako Alpetan, 70 bat kilometro zazpi ordutan, Zegama ere, baina bete-betean egonda, lau ordu ingurutan egingo ote dudan, edo lau ordu eta erdian, horrekin kezkaztu gabe, satisfakzioa antzekoa izango baita. Beste proba luzeren bat ere bai, aurten bezala… Ternuaren jantziak erabiltzen ditut, baina haiek ez didate ezer exijitzen, Euskal Selekzioan ere barruan edo kanpoan nagoen ez dakit oso ondo… Nire buruarentzat korritzen dut eta askatasun horrek balio handia du. Babesleen laguntza izango banu, exijentzia handiagoa izango liteke, eta ez dut nahi.

Ze eskatzen diozu 2016ari?
Ezer berezirik ez. Nik neuk eta ingurukoek osasuna izatea. Kirolean, arlo ekonomikoan… ez daukat desio handirik. Asetuta sentitzen naiz, irakasle jardunean gustura nago, nire bizioetarako diru nahiko irabazten dut… Nire zahartze prozesuan helburu asko beteak ditudala esango nuke. Egunerokoaz gozatu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!