Azken agurra Espejo Gurutze Gorriko kideari

Valentin Espejo Irulegi Andoaingo Gurutze Gorriko lehendakaria zendu zen aurreko igandean. Astehelenean eman zioten azken agurra bere familiakoek eta lagunek, San Martin Elizan egin zen hileta elizkizunean. Jendetza hurbildu zen elizara.

Espejok 49 urte zituen eta esan daiteke Gurutze Gorriko boluntario gisa eman zuela bere bizitzako parterik handiena; oso gazterik sartu baitzen erakunde horretan, eta hil den arte jarraitu du bertan. Berarekin batera hasi zen Pedro Unanuek adierazi duenez, “mutil jatorra zen, langilea, edozein ardura hartzeko beti prest zegoena, eta egiazki, zeregin guztietan jardun zuena modurik profesionalean, zela zerbitzu berezietan, zela gidari gisa.... Andoaingo Gurutze Gorriaren historia hurbilaz hitzegiterakoan, Valentinen ahalegina eta eskuzabaltasuna aipatu behar da derrigorrez”.
Erakundeak Andoainen azken 40 urtetan ezagutu dituen hiru egoitzetan aritu zen, Andoaingo udaletxean, Txistokiko zubi ondoan eta Plazaolako kalean hain zuzen. Une bakoitzean erakundeak eskatzen zituen premiei erantzunez beti ere.
2010ean Gipuzkoako Gurutze Gorriaren brontzezko domina jaso zuen, herrialdean erakunde horrek egin dezakeen aitormenik gorenena.
Andoaingo erakundearen premietara ez ezik, Gipuzkoakoetara ere egokitu izan zen; horrela, zenbait urtetan Anoetan Errealak jokatzen zituen futbol partiden, Behobia-Donostia lasterketa eta antzeko ekitaldi jendetsuen ardura hartu zuen.
Gizarteari zerbitzeko bokazioa barru-barruan eraman zuen beti, eta nahiz eta gaixotasun larri batek aulki gurpildun batera mugatu azken urteetan, erakundeko zereginetan parte hartzen jarraitu zuen.
Egun, hogeita hamar bat boluntarioz osatzen den Andoaingo Gurutze Gorriko lehendakaria zen. Besteak beste zerbitzu bereziak koordinatzeaz aparte, ekitaldietara joaten zen; mugikortasuna erabat mugatuta edukitzearen gainetik jartzen zuen gizarteari zerbitzua eskaintzeko zeukan grina.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!