Bidea hondatuta dago Inturia presaren ondoan

Plazaolako bidea hondatuta dago zazpigarren kilometroan, Inturiako presaren inguruan. Inturiako presa eraistearen ondorioa izan dela esan daiteke. Izan ere, udan presa horren eraistearen laugarren fasea burutu da. Bosgarren faseari ekingo zaio datorren udan, eta horrekin  eraisketa osoari amaiera emango diote.


Leitzaran ibaiak metro batzuk gorago aspalditxotik sortua zeukan putzu sakona edo urtegia desagertzea izan zen iaz burututako hirugarren faseak eragin zuen aldaketetako bat. Udazkenean putzu sakon horren parean zegoen hormigoizko petrila jauzi zen.
Aspaldiko urak bere bidea berrekitean, fenomeno geologikoa gertatu da nonbait. Putzu handia behin desagerturik, ur emari naturalak lurrezko horma azpitik jan du poliki-poliki, goiko petrila ibaira erori arte (goiko argazkian argi ikus daiteke).
Eraiste prozesuan parte hartzen ari diren enpresek eta teknikoek  erosio fenomeno hori aurreikusia zeukaten. Erosioak, ordea, aurrera jarraitzen duu eta piskanaka bidea jaten ari da. Diputazioa eta Eusko Jaurlaritzako ingurumen eta obra hidraulikoen sailak egoera aztertzen dabiltza.
Otietatik aurrera Plazaolako bidean ibiltzea debekatuta dago motordun ibilgailuentzat. Soilik baimena duten autoak eta baso lanetan eta zama lanetan ari diren kamioiak ibil daitezke bailarako bidean zehar.

Inturia presaren eraistea fase ezberdinetan
Inturia presak ez zuen funtzio praktikorik burutzen eta 2013an eraistea erabaki zen. Inguruko arrainen mugimendua errazteko, ibaia lehengoratzea eta ingurumena hobetzea lehenetsi zen.
Europako Guratrans proiektuaren bidez hasi ziren eraisten. Lau fasetan burutzea lana ikusi zen egokiena; presaren hormak 12 metro zituenez, urtero hiruna metro kenduz. Aurtengo esku-hartzearen ostean, hurrengo urteko udan azken hiru metroak ezabatuko dituzte.
Presa zutik egon den denbora guztian, ibaiak sedimentu kopuru ikaragarria garraiatu eta metatua zeukan, urtegi moduko efektua sortuz. 80 igerileku olinpiko betetzeko adina sedimentu, informazio panelean adierazten denez. Presaren horma kentzen hastearekin batera, urtegia desegiten joan da, eta horrek Leitzaran ibaiaren ur emaria ekarri du.  
Urtez urte Inturian egitasmoa burutzen ari den esku hartzearekin batera, beste zenbait lan ere egiten ari dira: hala nola, uretan behera dagoen Bertxingo presa sendotzea eta hustea, emariak mantentzea hondoko ustubidea irekiz, materialak kentzea, arrainak harrapatu eta lekualdatzea edota makinentzako sarbidea sortzea.
 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!