“Urnieta sagardoaren herririk inportanteenetakoa da”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko urt. 14a, 14:13

Sagardotegi ezberdinetan egiten ari diren txotx irekiera garaian, Unai Agirre sagardogile elkartearen kudeatzaileak Urnietako sagardotegien garrantzia azpimarratu du.

Elkarrizketa:

Unai Agirre Gipuzkoako Sagardogile Elkarteko kudeatzaileak, Elkartearen nondik norakoez eta Urnietako sagardotegiei buruz, hitz egin digu, besteak beste, 2016ko txotx denboraldi berriaren irekieraren bezperan. Sagardoaren industrian Buruntzaldeak duen garrantzia eztabaidaezina da, eta Agirrek Urnieta toki gorenean kokatzen du. Herriak sagardoaren aldeko apostua egin beharko lukeela dio.

Gipuzkoako Sagardogileen Elkartea, agian, ez da oso ezaguna herritarrentzako, emaiguzu zuen lanaren berri.
Unai Agirre:
Elkarteak, Gipuzkoako 42 sagardogile elkartzen ditu, eta gure lana beraien interesak eta sagardoaren sektoreak dituen beharrak asebetetzea da. Nahiko ezezaguna da elkartea, gure "seilua" ez delako askorik agertzen. Sektorea oro har sagardotegiekin erlazionatzen da, elkartea berarekin baino gehiago. Baina, gauza asko egiten ditugu, oraintxe bertan, txotx-denboraldi berriaren inguruan antolatzen diren irekiera ezberdinetan laguntza ematen dugu. Urtean zehar, alde batetik, barrura begirako lana egiten dugu, sagardogileen beharretarako hainbat gestio egiten lagunduz, eta kanpora begira, berrriz, promozio lana, sagardo egunak antolatuz edo babestuz, kanpoko merkatuetara ere joaten gara, adibidez, Madrileko eta Bartzelonako ferietara, exportazioko lanetan ere aritzen gara...

Noizkoa da elkartea?
U.A.:
Elkartea modu ofizialean  1977.urtean eratu zen, baina, aurretik bazen beste elkarte bat, sagardogileen eta txakolingileen artean osatutakoa. Guk "betikoa" dela esaten dugu, eta datu zehatzik ez badugu ere, ehun urte behintzat izango ditu. Eta jakinik, sagardoa inguru hauetan mendeetako edari bat dela, oso modu antolatuan izango ez bazen ere, esango nuke betidanik izan dutela elkarrekiko harremana.

Urte guzti hauetako lanaren emaitzei buruz zer esango zenuke?
U.A.:
Sagardoak baditu gauza batzuk oso onak, eta beste batzuk ez hain onak. Ikusten da sagardo munduan egindako lan bat, eta aldi berean, egin beharreko beste hainbat lan ere. Sagardoak bi bide izan ditu azken urte hauetan, alde batetik, botilako sagardoa eta bestetik txotxean edaten dena. Txotxak garapen handia izan du eta horren inguruko kultura interesgarria sortu da, eta oso ondo dago, baina, orain, gaur egungo beharretara egokitu beharra dago, sagardotegiak denbora gehiagoan irekiz eta abar. Botilako sagardoari dagokionez, ari da aldaketa batzuk ematen, adibidez, produktuak dibertsifikatuz. Kanpotik ere eskaera handitzen ari da. Halare, badu hutsune bat, hau da, botilako sagardoari merezi duen baliorik ez zaiola ematen, bitartekoak jarri behar dira jendeak baloratzen ikasteko, eta bestetik, demanda baino ekoizpena handiagoa denean, denok egokitu behar gara errealitatera. Guzti hau behar bezala bideratzen erronka handia daukagu.

Beraz txotx denboraldia eta botilako sagardo salmentaren artean badago halako desproportzio bat.
U.A.:
Garbi dago, batez ere, larunbatetan sagardotegira etortzen den jendea ez datorrela ondoren sagardo botilak erosteko asmoz, baina, halere, bere alde ona badu, sagardoaren oinarria ezagutzeko urratsa den neurrian. Gure aldetik ahalegin batzuk egiten ari gara, garai batean txotxak zuen zentzua berreskuratzeko, neurri batean bada ere.

Asturiasko sagardogileekin parekatuz, nola gaude?
U.A.:
Haiek daukate bereizgarri propio bat, han, sagardoaren kontsumoa askoz ere handiagoa dela. Gainontzean, antzeko arazoak ditugu. Bestela, nahiz eta oinarri berekoak eta produktu naturalak izan, haiena eta gurea produktu ezberdinak dira, hangoa arinagoa eta gorputz gutxiagoko sagardoa da, hemen, gorputz gehiagoko eta izaera handiagoko sagardoa egiten da, eta iruditzen zait gure ezaugarri berezi horiek mantendu egin behar ditugula.

Bixita gidatuak eta abar antolatzen dira sagardotegiak ezagutzera emateko. Nolako erantzuna izaten ari dira?
U.A.:
Ohituta gaude ikusten jendea barra-barra joaten dela sagardotegietara txotx garaian, eta noski, proposamen berri hauek ez dute erantzun berdina jasotzen, poliki-poliki garatzen joan behar da, epe luzera begira egin behar dira horrelako lanak. Denborarekin ikusi ditugu emango dituen fruituak. Niretzako adibiderik garbiena da, txotxeko denboralditik kanpo ere gero eta sagardotegi gehiago dauzkagula irekita, batetik, bezeroek hori eskatzen dutelako, eta bestetik, gaur egun, hotzaren sistemarekin sagardoa upeldegietan ondo eduki genezakeelako. Botilako sagardoa urte osoan eskaini liteke sagardotegietan bertan, eta horrek ere aukera ematen du urte osoko zerbitzu on bat eskaintzeko, turismoari begira ere, baina, batez ere, bertakoei begira, jende asko baita, Buruntzaldean bertan, sagardoaren prozesua ezagutzen ez duena.

Zer esango zenidake Urnietako sagardotegiei buruz?
U.A.:
Urnieta sagardoaren herririk inportanteenetakoa da. Eta uste dut Urnietak hori aldarrikatu egin beharko lukeela merezi duen moduan. Urnietak bost sagardotegi ditu, betidanik sagardoa egin dutenak, sagar asko daukatenak, eta batez ere, kalitate handiko sagardoa egiten dutenak. Oso ondo ari diren sagardotegiak dira bertako sagardogileak, baina, Urnieta bezala explotatzea ere interesgarria litzateke. Elkartetik badaukagu interesa herri ezberdinak garatzeko.

Beraz, Urnietak baditu nahiko ezaugarri sagardoaren herri bezala bere buru saltzeko...
U.A.:
Bai, Urnietako sagardotegiek badituzte bereizgarri batzuk: denak baserriak dira, gehienak sagastiz inguratuta daude, mendialdean daude herritik urruti egon gabe. Aldeko faktore asko dituzte, baita historia handi bat atzean. Eta gero, Urnieta bezalako herri batek iruditzen zait baduela potentziala, landu ahal izatea mereziko luketeenak: Ingurune ederra, Adarra ingurua, Santa Barbara ingurua...

Sagardo berriaz zer diozu?
U.A.:
Azken urteetako sagardorik onentsuenenetako bat probatuko dugu laster. Azken urte honetan sagar asko eta ona izan da bertan, eta normalean, bertako sagarra asko eta ona den urteetan sagardoa ere ona izaten da. Aurten izaera eta gorputz handiko sagardoak dira, azukre gehixeago ere izan du sagarrak, eta ondorioz, alkohol gradu altuxeagoa izango du. Hitz egin dudan sagardogileak oso gustura daude momentu honetan kupeldegian daukatenarekin. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!