Aitorpena, euskararen aldeko urratsak egiteagatik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko urt. 28a, 01:00

Lan mundua euskalduntzeko dinamikaren baitan, aitorpen berezia jaso dute Zizurkilgo Talleres Arrastoa eta Zizurkil elektrizitatea enpresek, euskararen aldeko urratsak egiteagatik.

Joan zen abenduaren 17an, Tolosaldea Garatzeneko auditorioan Tolosaldeko lan mundua euskalduntzeko dinamikaren aurkezpen ekitaldia egin zen. Dinamikaren helburua Tolosaldean euskaraz lan egin nahi duten enpresen sare bat osatzea da eta horretarako, lan-mahai bat eratu da dinamika bultzatzeko, hainbat eragilek osatua: Galtzaundi, Kontseilua, UEMA, Tolosaldeko hainbat Udaletako Euskara Zerbitzuak, Tolosaldeko Lanbide Heziketako ikastetxeak edota ELA eta LAB sindikatuak. Dinamikaren aurkezpen-ekitaldian, Kike Amonarrizek Tolosaldeko datu soziolinguistikoen berri eman zuen, eta Tolosaldeko herritarren %75 inguru euskaldunak direla nabarmendu zuen. Joseba Barandiaran ekonomialariak, berriz, euskal enpresentzat euskara erabiltzeak zein onura dituen adierazi zuen, are gehiago horren eskualde euskaldunean.

 

Euskararen erabilera sustatzeko

Fagor kooperatibako Leire Okaranza eta Oreka IT enpresako Iraitz Perez de Goldarazena ordezkariek, euskararen erabilera bultzatzeko euren enpresetan abian jarritako ekimenen berri adierazi zuten, eta Tolosaldeko enpresak bide beretik jardutera animatu zituzten. Era berean, ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek ere hartu zuten hitza, langileek euskararen erabilera sustatzeko zer egin dezaketen azaltzeko. Izan ere, enpresaren ardura bada euskararen erabilera sustatzea, baina langileen eskubidea ere bai beren hizkuntza-eskubidea errespetaraztea. Lanbide heziketako ikastetxeek, lan-mahaiaren eta aurrera begirako urratsen berri eman zuten eta Tolosaldean euskararen aldeko urratsak egin dituzten hamabi enpresari aitorpena egin zieten, tartean Zizurkilgo Talleres Arrastoa eta Zizurkil elektrizitatea enpresei.

 

Julian Arrastoa

(Talleres Arrastoa)

Noiztik ari zarete lan munduan euskara txertatzeko ahaleginean?

Bai Euskarari ekimena abian jarri zenetik egin genuen bat lan munduan euskara txertatzeko ahaleginarekin eta horretan ari gara geroztik. Ahal dugun neurrian, giro euskaldunean lan egiten saiatzen gara bai aholkularitzari dagokionez, baita hainbat bezerorekin harremanetan ere. Lantokian euskal giroari eusten diogu, langile guztiok euskaldunak garelarik.

Zein pauso eman duzue geroztik?

Esaterako, ordenagailuko programa batzuk euskaraz jarri ditugu eta pixkanaka pauso berriak ematen ari gara, oraindik gauza asko egiteke badago ere. Bidean goaz eta bide horretan jarraitu nahi dugu aurrera, xehetasunak zaintzen eta euskarari bere lekua ematen.

 

Iñigo Irazu  eta Hilario Galarraga

(Zizurkil Elektrizitatea)

Noiztik ari zarete lan munduan euskara txertatzeko ahaleginean?

Ez dugu ezer berezirik egin, are gehiago, ez genekien proiektua martxan zegoenik ere. Zizurkilgo Udalak jarraipena egin eta gure funtzionamendua euskarari lotua zegoela ikusita, haien bidez iritsi zitzaigun izendapena jasotzeko gonbidapena. Azken batean, etxetik datorkigunari jarraipena eman diogu eta guk baino meritu handiagoa du, esaterako, Karlos Diez lankideak, haren gurasoak Extremaduratik etorriak baitira eta hemengoa bezalaxe egiten baitu euskaraz.

Zein pauso eman duzue geroztik?

Ahalik eta bezero gehienekin euskaraz egiten dugu eta logotipoa ere euskaraz dugu. Oraindik ere badugu zer hobetua, zailagoa baita bulegoko lanean euskarari nahi adinako lekua ematea, baina pixkanaka aurrera egingo dugu. Belaunaldi berrien etorrerarekin, etorkizunean errazagoa izango da euskara hutsez funtzionatzea.

Guretzat sorpresa izan da izendapena, ez zitzaigun burutik pasa ere egin. Baina zer edo zer ongi egiten ari garela esan nahi du eta bide berean jarraitu nahi dugu aurrera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!