Hilen eta kontalari bizien xarma

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko urt. 11a, 11:48

Urtetan adineko pertsonei ahoz bildutako heriotzari buruzko testigantzak, iturri ofizialekin uztartu ditu. 80tik gora heriotz bortitzen kronika osatu du:

Makina bat heriotzen inguruko istorio bildu duzu liburuan…

Liburua ez da heriotzari buruzko azterketa sakona, eta ez dut morboa bilatu nahi izan. Beste inolako asmorik gabe adineko pertsonei jasotako herri literatura da irakurleak topatuko duena. Urtetan herritarren kontazkizunak biltzen aritu naiz, eta heriotza ukitzen zuten kontu ugari joan zaizkit pilatzen, haien bila ibili gabe. Ahozko kontakizunak moldatu egin ditut eta iturri ofizialekin (udal epaitegiak, eliz artxiboak...) kontrastatu egin ditut. Euskara batuan daude nire azalpen guztiak, baina errespetatu egin dut hiztunen hizkera.

Irakurketa bixigarria egingo zaio aipatzen diren pertsonak edo inguruak ezagunak zaizkion irakurle horri. Euskal Herriko gainerako irakurleei, berriz, zera gomendatzen diet, agiri ofizialak alde batera uzteko eta jarraitzeko narrazioari, nobela batekin bezala.

Kontakizun bakoitzak iraganeko bizimodua edota mentalitatea agertzen al du?

Zalantzarik gabe! Orduak eta orduak egin ditut elizako artxiboetan eta erregistro zibiletan, eta xelebre edo gizarajo samarra naizenez, beti eragin izan didate lilura bertan azaltzen diren kontu txikiek: herriko etxeen izenek, mailakatzen ziren elizkizunek... Horiek denak zerrendatu egin nituen bere garaian, eta horietako asko heriotzen inguruko kontakizunetan txertatu ditut. Istorio bakoitzean kokapen historikoa eta beste zenbait datu azaltzen saiatu naiz.

Hitzaurrean diozu makina bat aldiz entzun izan duzula “ildakoai utzi paken!”...

Inork ez du aipatu nahi izaten, baina hizketan zehar, taka!, beti agertzen da heriotza. Etengabe bizitzan agertzen zaigun gaia da heriotza. Xarma baduelako izango da!

Heriotza tabua da guretzat...

Kandido Tolatxenekoari aditutako hura dut gogoko: “Herio beti eskutik dotela bizi nak ni”. Ez naiz politikoa edo soziologoa, baina intuiziotik mintzatzen hasita, irudipena daukat gizarteak heriotza presente edukiko balu, askoz ere osasuntsuagoa izango ginatekeela guztiok ere. Herrien erdi-erdian egon behar luketela hilerriek; bizitza eta heriotza, elkarrekin eta modu naturalean. Batikanoren ezpata orain arte ezarritakoa desegin egin da, askatasun batera ailegatu gara, baina tabua izaten jarraitzen du heriotzak. Kaos batean bizi gara, eta ez legoke gaizki filosofo klasiko eta modernoak, psikologoak eta gainerako jakintsuak bilduko balira formula egokia bilatze aldera.

Heriotzak zerikusia dauka zahartzaroarekin, zure informazio iturri diren horiekin...

Urte hauetan sumatu izan dut, beren azken hamar urtetan, zein aparkatuta utzita dauden gizartetik eta familiatik. Horien agoniak ez du makala izan behar! Egin kontu, laster hil egin behar dute, beren bizia familiari eskaini ostean. Egundokoa da beren eskarmentua, kontatzeko daukatena, baina inor ez daukate ondoan hori dena transmititzeko. Tristea da errealitate hori!

Parisera eta ez dakit norako bidaiak antolatzen zaizkie, dominak ematen zaizkie ehun urte betetzeagatik... Haiekiko zinezko humanismoa falta da, ordea. Ez dago patxadarik horien esanak aditzeko. Burgestu egin gara eta dena konpartimentatzeko joera nagusitu da guregan. Haurtzaindegiak, gaztetxeak, zahar etxeak... Adin bakoitzak bere tokia du, eta ez dago belaunaldien arteko harremanik. Garai batean hiru edo lau gizaldi batera elkarrekin bizi ginen; errietan, umeak gaiztakeriak egiten... baina han bazen bizikidetza. Nahasketa sano hori galdu da, eta horrekin, bizitzari aurre egiteko umore ironiko eta bixiaren ezkutatzea etorri da.

Liburuko istorioen artean, Martin Usarralde Olloki andoaindarrarena ere agertzen da…

Behin Leitzarango bailaran nenbilela, azken aurreko tunelean Rekondo apaizaren hilarriari (Otieta) begira, kaminu bazterrean zegoen aittona xahar batekin (Sebastian Usarralde) egin nuen topo. Istorio politak kontatu zizkidan, nola jaio zen Iyuyan (Idoiaga), nola erre zen etxea... Bere anai Martin Iyuya-ren berri ere eman zidan, beste batzuk Potzolo, Potolo edo Olloki deitzen zioten hura. Famatua zen Leitzaranen eta inguruan bere gizentasunagatik eta ateraldiengatik. Goizuetako emakume batekin ezkontzekoa zela eta 1944an, pregoi afaria antolatu zuten herri hartan. Egundoko afaria izan zen, baina gau hartan bertan hil zen. Andregaiak esaten zuen afarian: “Ai ai, nun ote dago lo, nire Martin potolo!”.

Martin Iyuyaren aditzea beste lekuetatik ere etorri izan zait. Goizuetan bertan, nire osabak esku-soinua jotzen zuen eta afari hartan parte hartu zuen. Baita Leitzan ere, Martin ezagutzen baitzuten zaldi batean agertzen zelako.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!