Ume zela, Adunako udaletxe azpialdeko eskolan ikasi zuen lehenik. 12 urte zituela Andoaingo Ondarreta ikastetxera jo zuen eta handik, La Sallera. Adunako eskolako garaiaz ez du oroitzapen handirik, egun Txulobi elkartea dagoen gunean kokatzen zela edota neska nahiz mutil bereizita egoten zirela. Baina Andoaingo eskolako esperientziaz oroitzapen gogorrak gordetzen ditu, “herri txiki euskaldun batetik, herri erdaldunera joaten ginen. Orain 35-40 urte oso erdalduna zen Andoain, euskaldun askok ere gaztelaniaz hitz egiten zuen orduan. Gure etxearen ondoan maizterrak bizi ziren eta, haiek irakatsita, guk bagenekien gaztelaniaz hitz egiten, baina guretzat izugarrizko kontrastea zen Andoaingo egoerarekin topo egitea. Gainera, eskolan euskara suspenditu egiten genuen, gure euskara etxekoa baitzen eta ez akademikoa”, adierazi du. Autobusez joaten ziren lehen urteetan Ondarreta ikastetxera, oinez gerora La Sallera. Orduerdiko ibilaldia egiten zuten, Sorabillatik barrena. Goizean goiz eskolara joan, bazkaltzera etxera etorri eta arratsaldean berriz ere eskolara buelta. Oroitzapen gogor horiez gain, onak ere gordetzen ditu Mikelek. Izan ere, eskola garaiko lagun asko baitu Andoainen, “eta horietatik asko erdaldunak”. Ume eta gaztetxo garaian eginikoak bizi guztirako lagunak ditu.
Baserria eta lana
Orain Adunan baserri gutxi geratzen bada ere, Mikel umea zen garaian baserrian lan gehiago egiten zela azaldu du, esaterako, behiekin. Berak ere, ume zenetik ezagutu ditu animaliak etxean: oilo, koneju, txakur… Baita baratzea ere. Gustuko lana izan du betidanik baserrikoa. “Aita hil zenetik, neroni arduratzen naiz etxeko baratzeaz edota egurrak mozteaz. Baina astean zehar denbora gutxi izaten dugu eta asteburuetan beste zer edo zer ere egin nahi izaten dugunez, tentsioa sortzen du ardura horrek”, azaldu du. Eskola zela, baserriko lanak zirela.., kalera joateko ohitura handirik ez zuen izan ia 18 urte bete artean. Baina Adunako lagunei eta herriko giroari eusten saiatu izan da gaztetxotatik Mikel. “Etxera tira izan dugu beti, gurea onenaren pare defendatuz”.
Arotza da ofizioz eta 30 urtetik gora ari da langintza horretan. Tailer batentzat egiten du lan eta muntaia lanetan aritzen da batez ere, Gipuzkoan barrena. Donostia aldean maiz, baina baita inguruko herrietan ere. Azken urteotan aroztegia izugarri aldatu dela uste du, ez daukatela zerikusirik orain 30 urteko lan egiteko moduak eta egungoak. “Tailerrean dena mekanizatuta dago eta azkarrago egiten da lan egun, baina ez dakit onerako edo txarrerako den hori. Lehen mantxoago baino hobeto lan egiten zen ustea dut”, adierazi du.
Udalgintzan
1991 urtean hasita, lau legealditan segidan Adunako Udaleko zinegotzi izan zen, 16 urtez alajaina. Kultur saila bideratu zuen batik bat, baina, besteak beste, zaborren gaia kudeatzea ere egokitu zitzaion. “Tolosako zaborren batzordeko kide izan nintzen zortzi urtez eta oraingo aldaketa hau baino lehenxeago izanagatik, nahiko garai arazotsua izan zen hura ere. Gu batzordean sartu ginenean, herri bakoitzak bere enpresarekin egiten zuen zabor bilketa eta hori bateratzen saiatu ginen, baina ez genuen lortu aurreneko lau urtetan. Arrazoia: politika. Berriz ere helburu berdinarekin jarraitu genuen lanean eta errauskailuaren gaia etorri zen orduan. Hor ere banaketa sortu zen, gu errauskailuaren aurka agertu ginen”. Orain errauskailuaren inguruan beste kolpe oso handia etorri dela argitu du: batzuk oso alde eta besteak oso kontra. “Orain duela hamabost urte baino okerrago gaudela esango nuke. Lehen denok genekien zer egiten zen: zabor guztiak zabortegira bidali eta ez zen posible hura ondo kontrolatzea. Baina orain egiten ari denarekin ere ez nago ados. Ez nago ez bataren eta ez bestearen alde. Gaia gaizki kudeatzen ari garela uste dut. Arazoa orokorra da eta ezin da politikarekin maneiatu. Ez dugu errauskailurik nahi, baina nonbait egon behar duela pentsatzen dut. Gainerakoan, zer egin behar dugu zaborrarekin?”, galdetu du. Arazoarekin bueltaka ibili beharrean, irtenbidea bilatzeko garaia dela uste du, “gaia gertutik ezagutu arte ez gara arazo horren pisuaz jabetzen. Urteak aurrera doaz eta oraindik ez dakigu zer egin zaborrarekin”.
Zaborren gaiaz kanpo, kulturarekin lotutako ekimenak jorratu zituen bereziki udaletxean: festak, kultur astea, urtean zeharreko ekintzak… Gustura aritu zen udaletxean lanean eta herritar guzti-guztiek noizbait bertako ardura hartu beharko luketela uste du, “oso erraza baita kritikatzea”.
Adunaren garapena
Azken 100 urteotan, Adunako aldaketarik nabarmenenak 1990 hamarkada hasieratik 2010 aldera egin zirela aipatu du: pilotalekua, etxebizitzak, eskola… “Ni baino belaunaldi zaharxeagoko herritar asko Villabona edo Andoainera joan zen bizitzera, Adunan etxebizitzarik ez zegoelako. Gerora, Jabier Zabala alkate zela, etxebizitza garestiegiak ez egitea erabaki zen, gazteak herrian geratzeko modukoak, eta behin etxeak egindakoan, bertako gazteek nahiz kanpokoek erosi zituzten. 1991 urtearen bueltan, 300 biztanleren azpitik zituen Adunak. Egun, 480 herritar gara”. Biztanle kopuruaren igoerak mugimendu handia eman dio herriari Mikelen ustez eta eskolaren garapena ere nabarmentzekoa dela azaldu du, “eskola egin genuenean 16 ume zituen. Herri txikietako eskolak kendu egin behar zirela zioten batzuek, herri handiagoetakora bidali behar zirela umeak. Baina hainbat herritarren lanari esker, mantendu egin zen eta 65 ikasle ditu egun Adunako eskolak, zabaldu egin behar izan delarik”. Aduna bezala, inguruko herri txiki guztiak hazi egin direla aipatu du elkarrizketatuak eta pozgarria iruditzen zaio hori. Dudarik gabe, bertako jendea herrian geratzea garrantzitsua dela uste du, herriaren nortasuna bizirik mantentzeko.
Kultur ekintzen sustatzaile
Egun ez da Udaleko kide, baina herritar gisa, herriko ekintzak sustatzen eta haietan parte hartzen saiatzen da: “Kultur mailan ez gara herri handi baten pare, baina Korrika dela, Santa Ageda, festak, kultu astea…, ahal denari eusten saiatzen gara, gureak direlako”. Pena du Adunan, duela bi urte, oilasko jokoaren ohitura galdu egin zelako. Egun, plazan oilaskoari leporik ez moztea bidezkoa iruditzen zaion arren, Goiburun edota Amasan bezala, baserriz baserri oilaskoak biltzeko ohiturari eustearen aldekoa da. “Adunan oso errotutako tradizioa zen baserritarrei urteroko bisita egin eta dantza saio nahiz etxez etxeko hamaiketakoarena. Nire ustez, berreskuratu egin beharko litzateke. Hainbat bilera egin da herrian eta momentuz ezezkoa atera bada ere, etorkizun hurbilean berriz ere eutsiko zaion esperantza dut”. Betiko ohiturak mantendu zalea da Mikel, nahiz eta belaunaldi berriak etortzearekin batera, ekimen berriak etorri behar dutela dioen. “Besteak beste, San Juan bezperan afaria egin ohi dugu urtero Txulobi elkartean. Menua: sardinak eta saiheskia. Iaz gutxik eman genuen izena, baina aurrera egin genuen”, azaldu du. Txulobi elkartea ez zegoenean, Adunako plazatik Leitzara bizikleta irteera antolatu ohi zuten herritarren artean, gero hango merenderoan bazkaria eginez. Hamar urte eta gero alde batera geratu zen ohitura hura eta iazko ekainean, berriz ere eutsi egin zioten Txulobi elkarteko ekintza gisa. “Hogei lagunetik gora joan ginen bizikletan, batzuk ume eta guzti. 42 lagun bildu ginen bazkaltzen. Oso egun polita izan zen eta aurten ere egiteko asmoa dugu”.
Kirola, ikusi eta egin
Zaletasunen artean, futbola, pilota edota txirrindularitza aipatu ditu. Realeko bazkide da eta realzale gisa, sufritzea egokitzen omen zaio. Pilotazale ere bai. Partida gehienak ikusten ditu telebistan nahiz zuzenean ere bai: Antton Pebet memoriala, esaterako, oso ona iruditzen zaio eta Villabonako Bearzana pilotalekuan izan da ahal zuenetan. Ikustearekin batera, kirol ekimenak antolatzea ere gogoko du. Besteak beste, Aitzondo klasikaren antolakuntzan hartzen du parte elkarteko beste 34 bazkiderekin batera. Antolatu bakarrik ez, mendiko bizikletan ibili ohi da eta urtean 1000 kilometrotik gora egiten du. Azken urteotan bizikleta hartuta joaten da oporretara. Dagoeneko Asturias, Kantabria, Leon edota Galizia inguruak ondo baino hobeto ezagutzen ditu, bidez bide zeharkatuta. Ibilbidean zehar, baratzeak eta elizak ikustea gustatzen zaio. “Herri txiki batera iritsi eta elizarik badu, zabalik dagoen aldiero sartzen naiz barrura. Euskal Herrian eta Espainian oso eliza dotoreak daude, baina ez ditugu estimatzen izugarrizko eraikuntzak izanagatik”. Argentinako arbaso batek piztu zion elizak ezagutzeko zaletasuna. Bitan izana da Argentinan, lau gune ezberdinetan baititu familiartekoak eta berriz ere itzultzeko gogoa du. Bestalde, zinegotzi zela, bitan izan zen El Salvadorren Euskal Fondoak bideratuta. Oso esperientzia polit eta berezia izan zen beretzat Segundo Montes komunitatea ezagutzea, “hunkituta geratu nintzen zenbat gauza daukagun eta irribarrerik egiten ez dugula jabetzean. Han ez daukate ezer materialik, baina ez zaie irribarrerik falta; alaitasuna transmititzen dute”. Tinduf ere ezagutu zuen zinegotzi garaian. Bi txandatan izan zen han ere eta antzeko lekuetara denok joan beharko genukeela pentsatzen du, errealitate ezberdinak ezagutu eta dagoenarekin soilik bizitzen ikasteko.