Zer topatuko du irakurleak nobelan?
Joxemari Iriondo: Euskara harrigarrian, bikainean idatzitako nobela laburra da. Bi iluntzetan irakurtzen dena; historiaren mamiak zein kontaerak, biak ere bizitasuna ematen baitiote nobelari. Aproposa izan daiteke euskaltegi eta ikastetxeetako ikasleei gomendatzeko. Baserri giroko hitzak sartzen ditu zenbaitetan, baina testuingurua kontuan hartuz gero nahiko erraz uler daitezkeenak dira. Politikoki ez da zuzena izango, baina esango nuke gaur egun euskaraz idazten diren zenbait nobela baino irakurterrazagoa egiten dela hauxe.
Benetan bizi izan zen andoaindar baten gora-beheretan oinarritzen da.
J.I.: Erreala den historia kontatzen du, bai, Andoaingo Merdilegi baserriko semea zen Joxinixio Etxeberriarena. Hitzaurrean Atxagak berak aitortzen duenez, ondo dokumentatu zen nobela idazten hasi aurretik. Urnietako Iñaki Alkainek idatzitako Gerrateko ibillerak izenburuko hiru liburuez, Andoaingo historia liburuez eta beste hainbatez baliatu zen, Andoaingo eta kanpoko pertsonak, bertsolarien kontuak eta gerrako egoerak deskribatzeko.
Gudari euskaltzale, jeltzale eta sinesdun baten ibiliak eta pentsamendua ditu ardatz nobelak. Mikel Atxagak ez du ezkutatzen ideologia hori, eta zintzoa da alde horretatik.
Elixabete Garmendiak hitzaurrean dioenez, Urnietan Atxaga familia bando irabazlean kokatu izan zuten beti. Horrek bultzatu ote zuen nobela hau idaztera?
J.I.: Maiz entzun izan genion horixe lagunarteko bileratan, bai. Baina zera eransten zuen gero: “ni galtzaileekin gehiago identifikatu izandu nauk beti”. Baliteke arantza sartuta edukitzea, eta galtzaile baten ikuspegia biltzen duen nobela idaztera bultzatu izana horrek. Ez nuke ziurtatuko, hala ere.
Zazpi urte dira Mikel Atxaga zendu zela. Nobela berak etxean-edo utzita paperen artean azaldu al zaizue?
J.I.: Ez. Osasunez nahiko pattal zebilen garaian, astero edukitzen genituen bileretarako batean, CD bat eskuan zuela agertu zitzaigun, esanez: “gaur edo bihar nahiko bazenute nobela kaxkar bat argitaratu, hemen daukazue. Laburra dek”. Urtean bost bat liburu kaleratzen ditugu Auspoa sailean, eta Atxagaren idatzia hortxe zerrendan eduki ostean, iritsi zaio argitaratzeko txanda azkenean. Pena daukagu bizi zen artean ezin eman izanagatik argitaratzearen poza, baina oso azkar joan zitzaigun. Jada oso makal zegoen Miramarren eskaini zitzaion omenaldian, 2009ko apirilean.
Atzera begira jarrita, nola gogoratu beharko genuke Mikel Atxaga?
J.I.: Euskaraz idazteko erraztasuna eta jatortasuna zuen. Kazetaria zen ezeren gainetik, ofizio hori zuen maite. Aspaldi, Lintzirinen ETAk egin zuen bilera famatu bat zela eta, Espainiako prentsan zera idatzi zen: “sí hubo periodistas, no profesionales”. Atxagak honela erantzun zion: “periodistas de carnet no, pero sí de trabajo”. Zeruko Argia aldizkarian aritu ostean, Deia egunkarian jardun zuen asko, Martin Ugaldek hara eraman eta gero. Euskal kazetari bikaina izan zen, eta hori aitortu izan zitzaion bizirik zela Rikardo Arregi eta Argia merezimendu sariekin.
Bestalde, Euskaltzain urgazle gisa ere egin zuen lan franko. Testuak euskaratzen ere ez zen nolanahi ibili, eta horren froga da Pagolaren Jesus: hurbilketa historikoa liburu famatuaren itzulpena.
Zertan da Auspoaren osasuna?
J.I.: Bost bat liburu kaleratzen ditu urtero, lehen esan bezala. Oraintxe esku artean dauzkagunak, Pello Esnalen eta Antonio Zabalaren saiakera bana dira. Bestalde, Hauspoa azpi-saila abian jartzekotan gara; bildumako zenbait liburu euskara batura eraman ostean berrargitaratzen joango gara. Sebastian Salaberriaren Neronek tirako nizkin izango da lehen alea. Nork daki Antonio Zabala zenak zer pentsatuko ote zukeen berrikuntza horrexegatik, baina ideia ona delakoan gaude, bere garaian arrakasta izan zuten zenbait idazlan euskara batuan nahi duen irakurlearen esku jarriko baititugu, ikasle gazteen eta euskaltegietako ikasleenean batez ere.
Gutxietsiak izan dira iraganean Auspoako idazle eta liburuak...
J.I.: Bai, hala izan da, baina ikuspegi hori irauli dela esango nuke. Antonio Zabalaren lana eta herri literatura estimatzen hasi dira azken aldian. Auspoaren ekina zaharren kontutzat hartu izan da, baina garai horiek atzean utzi eta Zabala kasik mitotzat jotzera iritsi gara gaur egun. Txirritaren bertsotan agertzen diren “aita eternoa” eta antzeko esakeragatik, “hori ez dek euskara” esan izan da maiz. Zabalak, beti erantzun ohi zuen berdin: “Konforme, baina holakoxea izan dek herri honen aho hizkera gurean”. Zabalaren pentsamendu hori azkenean onartu dela uste dut.
Nolanahi ere, 130 harpidedun baizik ez ditu. Horien artean apenas dagoen bertsolaririk, eta horrek zer pentsatu eman beharko liguke.