Andoainen eta Urnietan Podemosek irabazi zuenekoa, Nagua Albari elkarrizketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko urt. 8a, 12:45

Buruntzaldean, Donostialdean eta Gipuzkoa osoan ezustekoa eman zuen Podemos alderdiak abenduaren 20an deitu zituzten Espainiako Hauteskunde Orokorretan. Gipuzkoako zerrendaburua Nagua Alba donostiar gaztea da, eta laster Kongresuko diputatu izendatuko dute. Hauexek bere adierazpenak, abenduaren 24an egindako elkarrizketan:

Orain esango didazu igandeko emaitzak espero zenituztela... 316.000 boto Euskadin, horietatik ia 100.000 Gipuzkoan.
Nagua Alba.
Oso emaitza onak izan dira, bai. Oso gertuko kanpaina egin genuen, jendearengandik oso gertukoa. Modu horretan galdera askori erantzuna emateko aukera izan dugu, baita proposamen ugari jaso ere. Kanpainaren azken egunetan nabaritzen genuen gure aldeko giro on hori, irribarretsu hurbiltzen zitzaizkigun. Noski, Gipuzkoan lehen indarra izatea ezustekoa izan da.

Zein da zuk egiten duzun emaitzaren balorazioa?
N.A.
Aldaketa prozesu batean murgilduta bizi gara, aro bat amaitzen eta beste bati hasiera ematen. Gipuzkoan, zehazki, bi elementu garrantzitsu aipatuko nituzke. Hasteko, eskubide sozialen defentsa garrantzitsua egin dugu. Gipuzkoan PSOE indartsu dagoen herrietan azken urteetan ez dituzte gauzak ondo egin eta jendeak konfiantza beste alderdi batzuei eman die. Eta, bestalde, lehen aldiz estatu mailako alderdi batek  Euskadi eta Euskadin dauden eskaerak kontuan hartu ditu. Euskadiri garrantzia handia eman diogu, nahiz eta hauteskundeak orokorrak izan. Erabakitze eskubidearen inguruan adierazi duguna oso garrantzitsua izan da, batez ere Katalunian bizi izan den esperientziarekin.

Eskubide sozialak eta erabakitzeko eskubidea, hurrenkera horretan, aipatu duzun moduan, ala maila berean?
N.A.
Maila berean jarriko nituzke. Gure mezuarekin oso herri ezberdinetan irabazi dugu: Astigarraga, Arrasate, Eibar, Irun... Bi mezuen artikulazioa ona izan dela esango nuke.

BECen Iñigo Errejonekin batera eman zenuten mitinean esperientzia handiko trajedunen anekdota hori errepikatuko al zeniguke?
N.A.
Tamalez, politikarako eta beste gauza batzuetarako emakumea eta gaztea izatea eragozpen bat da oraindik ere. Gaur gaurkoz gizarte matxista batean bizi gara, eta BECeko mitinean anekdota bat hizpide izan nuen. Politikan ematen ari naizen pausoetan trajedun gizonekin topo egin dut eta gaizki begiratu egin naute, arrotz eta deseroso sentiarazi arte. Azkenean deskubritu nuena beldurra eurena zela izan zen. Gizon horientzat oso deserosoa da neu hor egotea. Gauzak aldatzen ari diren seinalea da ni euren artean egotea. Eta beldurtu egin dira.

Lortu duzuen emaitzarekin aurrerantzean zuekin jende askoz gehiago sentituko da deseroso: trajedunak, EAJkoak eta EH Bildukoak...
N.A.
PNVkoak ere gizon eta trajedunak dira! Kar, kar. Egia da Hauteskunde Orokorrak ezberdinak direla, ez dute zerikusirik Foru eta Udal hauteskundeekin. Hauteskundeen arabera botoa ezberdina izaten da, baina noski dagoeneko aktore garrantzitsu bilakatu gara Euskadin. Indartu egin garela bistakoa da. Protagonista izango gara hurrengo hilabeteetan.

Gipuzkoako Batzar Nagusietan PSE-EErekin urteko azken batzarrean euskal gatazkaren harira ika-mika garratza izan zenuten.
N.A. 
Sozialistena penagarria da, biktimak erabiltzen dituzte gure aurka jotzeko eta hori ez zait batere ondo iruditzen. Gure alderdiaren baitan gatazkaren esperientzia ezberdinak bizi izandakoak daude. Batzuk alde batean izan dira eta beste batzuk beste alde batean. Niretzat oso polita da espazio politiko berean horrelako aniztasuna izatea. Elkarbizitza eraikitzeko garaian abantaila da hori.
 
Zein izango da zure lana Kongresuan?
N.A.
Nazio aniztasunaren kontuekin aritzea desio dut. Gipuzkoarra naiz eta gure kulturaren eta gure hizkuntzaren defentsan aritu nahi dut. Kongresuan euskaraz hitz egin ezin izate hori ez zait batere ondo iruditzen. Horrez gain, gazteen eta berdintasunaren alorretan ere lan egin nahiko nuke.

Kontzertu ekonomikoaz zein iritzi duzu?
N.A. 
Onuragarria eta solidarioa da. Euskaldunon artean, gainera, onespen maila oso handia du.

Gure eskualdean erraustegia jartzekotan dira. Zein da zuen alderdiaren posizioa?
N.A.
Erraustegiarekin txapuza galanta egin da, sekulako dirutza xahutuz. Atzera egin zuten, eta orain berriro martxan jarriko dutela dirudi. Osasunarentzat oso kaltegarria da, eta aztertu beharrekoa. Ez da hain beharrezkoa, Gipuzkoan asko birziklatzen baita. Ondo aztertu beharko litzateke dena, eta azken erabakia hiritarren esku utziko nuke.

Kanpainan Martuteneko espetxearen aurrean presoen gerturatzea eskatu zenuten...
N.A.
  Aipatzen duzun ekitaldi horretan bakea eta elkarbizitzari buruz hitz egin genuen. Berriak gara, eta Podemosen baitan esperientzia ezberdinak bildu dira. Gure ustez, elkarbizitzaren alde dagoeneko herritarrek aurrerapauso handiak eman dituzte eta alderdi tradizional asko euren arteko ika-mikatan atzean geratzen ari direla iruditzen zaigu. Alderdi horien garaia iritsi da, gizartearen maila berean jar daitezen. Aurrerapauso gehiago eman behar dira, noski. Biktima guztiek errekonozimendua behar dute, eta presoak Euskal Herrira gerturatu beharko ditugu. Dispertsioa beste oztopo bat da elkarbizitzarako bidean.

Erabakitze eskubidea defendatzen duzue, Espainia hautsi gabe. Herriari galdetzearen alde zaudete baina ez Espainiatik alde  egiteko. Beraz, erabakitze eskubidearen alde bai, baina independentziaren eztabaidatik bereiztuta.
N.A.
Estatu mailako alderdia gara eta gure apostua denok eroso egongo garen herrien herri bat eraikitzea da. Baina noski, erabaki hori ez da alderdi batena. Hiritarrek bere herriaren etorkizunari buruz erabaki beharko dute. Galdera egitearen alde gaude. Noski, Espainiatik bereizi nahi duenak ere eskubide osoa dauka Espainiatik bereizteko.

Andoainen eta Urnietan garaile. Zuen emaitza 'koiunturala' dela dioenari, zer erantzungo zenioke?
N.A. 
Emaitzak homogeneoak dira Euskadi osoan zehar. Indartsua da gure agerpena, ondo errotuta gauden seinale. Podemos ez da indar koiunturala, emaitzek hori adierazten digute.  Datozen hilabeteetan ikusiko da Madrilen nola egiten dugun lan, baina garrantzitsuak eta protagonistak izango garela zalantzarik ez izan.

Herri horietan konfiantza erakutsi dizuenari zer esan nahi diozue?
N.A.
Estatu mailako alderdi batek emaitza ikusgarria lortu du Euskadin, eta hori euskaldunen interesak Madrilen defendatzeko erabiliko dugula esan nahi diet.

Nola egituratuko duzue alderdia? Zirkuluak osatuko al dituzue?
N.A.
Alderdia egituratuta dago, eta zenbait herritan zirkuluak osatuko ditugu. Kalean galdezka ari zaizkigu, gogo hori nabaritzen da eta ahalik eta laguntza gehien ematen ahaleginduko gara. Euskadiko zuzendaritza aukeratzeko primariak deituko ditugu, beti egin izan dugun bezala. Gertu daude, eta deialdi horretara edozein aurkeztu ahal izango da eta edozeinek eman ahal izango du botoa.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!