“Beldurra zabaldu nahi izan zuten, errugabeak erailez”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko ots. 3a, 01:00

Datorren asteartean “Heriotzaren triangelua” ikus-entzunezkoa eskainiko dute Basteron, iluntzeko 19:00etan hasita. Bertan Trantsizio garaian eskualdean izandako hilketak aztergai dira. 

Xabier Ansa Zinkunegi 1981eko martxoaren 3an hil zuten ultraeskuindarrek Krafft lantegi parean. Erramunek bere anaiaren nortasunaz gain, garai hartako gertakizunak hartu ditu hizpide Aiurri astekariari eskainitako elkarrizketan. Bere ustean, Buruntzaldean hiltzaileek ezarri nahi izan zuten izuaren estrategiaren biktima izan zen anaia.

Nola gogoratzen duzu Xabier, anaia?
Erramun Ansa:
Bost senide ginen, eta “Antzizu” basetxean (Leizotz bailara) jaio, hezi eta bizi ginen gurasoekin batera. Ni nintzen adintsuena, Xabier gazteena. 36 urteko mutila zen Xabier, oso apala, atsegina, zentzuduna eta borondate onekoa; senideetan zintzoena zalantzarik gabe. Ez zen oso festazalea, bai erretira onekoa! Lantokian ere, fin aritzen zen horietakoa.
Politikoki, ez zuen zerikusirik inongo alderdiekin. Euskal kultura eta ohituren zalea zen, eta gogoko izaten zuen bertsoak eta euskal kondairak irakurtzea. Gogoan daukat maiz hizketan jarduten genuela euskal ohituren inguruan.

Nola bizi izan zenuten bere heriotza?
E.A.:
Benetan tamalgarria eta nahigabea izan ziren etxekoentzat. Xabier ofizioz delineatzailea zen eta 15 urte bazeramatzan lanean; maiz, herribusean egin ohi zituen lantokirako joan etorriak. 1981eko martxoaren 3an, goizez, haren zain zegoela, auto bat inguratu zitzaion galderaren bat eginez. Erantzuteko denborarik eman gabe, pistolaz tirokatu egin zuten; errepide bazterrean zerraldo lurrean hilik utzita, alde egin zuten. Aranaztegi baserriko biztanle batek dei egin zidan telefonoz adieraziz anaiak istripu bat izan zuela eta lehenbailehen hurbiltzeko bertara. Berehala inguratu nintzen eta han aurkitu nuen anaia bala zaurietatik odola zeriola, hilik.
Ezin nuen sinetsi aurrean ikusten ari nintzena! Mingarria benetan! Lehenxeago etxetik osasuntsu lanera irten zen anaia egoera hartan hilda itzultzea... Nekeza da hitzez adieraztea batek sentitzen duen nahigabea.

Eta hurrengo egunak? Hainbat gertakizun gertatu ziren: udal batzarra, manifestazioak kalean, hiltzaileen atxiloketak...
E.A.:
Bai, giro horrek nahiko burukomin eragin zigun familiarroi. Guztia modurik apalenean igaro nahi genuen; ez geunden iskanbiletarako. Alderdi politikoek protesta ekitaldiak antolatu zituzten, baina gu ez geunden ezertan ere parte hartzeko animoarekin.

Dokumentalean diozunez, ustez hiltzaileetako bat zen Joan Inazio Iturbideren familia hurbildu egin zitzaizuen...
E.A.:
Bai, behin baino gehiagotan ere adierazi ziguten familiakoak beraien dolumina eta nahigabea gertatutakoaz, irrati bidez izan zutela erailketaren berri eta adierazi nahi ziguten, beraien errugabetasuna gertakizun horretan. Gure erantzuna zalantzarik gabekoa betidanik izan zen, adieraziz aitortzen genuela errugabetasuna eta gure aldetik ez zutela inolako mendekurik jasango eta gertatutakoa alde batera utzirik, bakean bizitzen jarraitzeko.
Izan ere, gure arteko adiskidetasunik ez genuen inolaz ere galdu nahi, gertatutakoa bitarteko; izan ere, une honetan bertan nahiago dut eraildakoaren senide izan erailtzalearena baino.

Aurretik, andoaindarren aurkako eraso ugari eta 1979ko maiatzean Upategiko Joxe Ramon Ansaren hilketa gertatu ziren. Udalean zinegotzi zinen orduan...
E.A.:
Joxe Ramonena gertatu eta berehala, Udalak, mozioa onartu zuen Andoaingo Guardia zibilak izan zirela erahiltzaileak antolatu zituztenak adierazten zuena; buruzbide hori ez zen udalkideon iritzi bakarra izan, herritar asko ziren uste berekoak.
Garai hartan, legez, beharrezkoa zen gobernadore zibilari  udal agiriak aurkeztea. Antonio Oiartzabal zen hori, ez zitzaion gustatu guardia zibilei buruzko aipamena eta bere bulegoan bildu arazi gintuen Udal kide guztiok. Bota zizkigun erronka eta desafioak dardara sorrarazi ziguten guztioi.

Kaletxikiko bizilaguna zen Iturbide. Zergatik iruditzen zaizu berak eta Zabalak egin zituztenak egin zituztela?
E.A.: Guztia igarota, nire hausnarketa egin nuen asmatzeko zerk bultzatu zion zorigaiztoko bikote horri zazpi erailketa horiek (gure anaia, zazpigarrena) egitera. Garai hartan, ia egunero, bai ETAk baita beste taldeek, guardia zibil edo militarraren bat erailtzen zuten. Bada, Batallon Vasco Español eta eskuineko komando horien logikaren ikuspegitik, erailketa haiek atzeratzeko bidea eurei beste hainbeste egitea zela uste zuten. Horretarako, herritarrik errugabeenak eta ezagunenak aukeratu zituzten, bai baitzekiten herrian aparteko mina eta beldurra eragingo zutela.

Instituzioek, zuek biktimatzat jo zintuzteten?
E.A.:
Erantzun zaila dauka galdera horrek. Aipa ditzaket biktima gisa urtetan kontuan hartu gaituzten okasioak. Erailketaren ondorenean Espainiako gobernuaren gutun bat jaso genuen, doluminak eta nahigabea adieraziz. Egunkarietan ere, aldizka, azaldu ziren antzeko adierazpenak. Garaikoetxea lehendakariak hots egin zigun Eusko Jaurlaritzaren izenean; gero, idatziz, erantzun nion eskerrak emanez. Urte mordo bat geroago, kalte-ordain gisako diru kopuru bat jaso genuen familian.

Justizia egin zela uste al duzu?
E.A.:
Zabala zein Iturbide, berehala espetxeratu eta epaitu zituzten. Epaiak, bakoitzari 25 urteko espetxe zigorra eta 500.000 pezetako diru ordaina ematera zigortu zituen. Diruari dagokionez ez dago zer esanik, ordaingaitz azaldu baitziren. Espetxe zigorrari dagokionez, urte ale batzuk Karabantxelen egin ondoren, Mahonera eraman zituzten, eta guk jakin genuenez, han sei bat urte egin ostean, Mahondik ez mugitzeko baldintzarekin, kaleratuak izan omen ziren. Hogeita bost urteak, gehienez zortzi urte bihurtu ziren azkenean. Geroztik, jakin izan denez, Iturbide Artxanda mendi inguruan hilik aurkitu zuten. Zabalaren berririk nik behintzat ez dut eduki.

Gaur egun, iruditzen al zaizu herriko jendeak gogoan dauzkala orduko gertakizunak eta hildakoen oroitzapena?
E.A.:
Baietz esango nuke. Nik inguruan sumatzen dudanez, maiz aipatu ohi dira Andoainen gertatu diren gogorkeriazko gertakizunak.

Dokumentalaren egileek adierazi dute maiz entzun dutela “bazen garaia” komentarioa...
E.A.:
Egia mardula hori. Etxean gertatu zaigunoi halako kezka sortzen digu gertakizunak berritu behar horrek, baino neroni ere iritzi berekoa naiz: beharrezkoa da ondorengoek jakin dezaten nolakoa izan zen herri honen iragana.

34 urte igaro ondoren, nola oroitzen duzue Xabier? 
E.A.:
Urte geihegi dira gertaerak gogoan izateko lehenbiziko egunetan bezainbat, eta normala da nahigabea apaltzen joatea. Baina zuk diozun oroitzapen hori guregandik ez da sekulan ahaztuko, bizi garen bitartean. Xabierren jaiotzako eta erailketako urtemugak izan daitezke egun bereziagoak guretzat, ez baitira igarotzen bere argazkiari begirada sakon eta maitakor bat eman gabe, geure artean balego bezala.
 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!