“Urte luzez beldurrez bizi izan ginen denok inguruotan”

Datorren asteartean “Heriotzaren triangelua” ikus-entzunezkoa eskainiko dute Basteron, iluntzeko 19:00etan hasita. Bertan Trantsizio garaian eskualdean izandako hilketak aztergai dira. Besteak beste, Upategi baserriko Joxe Ramon Ansarena eta Antzizuko Xabier Ansarena.

Joxe Ramon Ansa Etxeberria gaztea, Upategi baserrira zihoala (Buruntza auzoa) 1979ko maiatzaren seian, atzeman eta Azkonobieta baserri inguruan erail zuten.
Ultraeskuindarrek Hernani eta Andoain bitartean eraildako zazpi pertsonetatik lehenbizkoa izan zen. Imanol eta Isidro anaiek Aiurriri berritu dizkiote gertakizun haiek. 

Nola gogoratzen duzue anaia?
Ixidro Ansa:
17 urteko gaztea zen; isila eta serioa, oso arduratsua bere adinerako. Gu, 15 eta 14 urtekoak, anaia txikienak ginen eta hazita zegoen mutila ikusten genuen hura. Senideetan zaharrena, berriz, arreba dugu. Familiarren artean “Upategiko mutikoskorra” zen Joxe Ramon. Ez zen inorekin sartzekoa, eta ezker abertzaleko sinpatizantea izango zen, baina hura ez zen politikan sartu sekula.

Imanol Ansa: Aita lantegian aritzen zen eta lau senideek laguntzen genion baserriko lanetan; Joxe Ramonek bereziki, traktorearekin-eta. Axindegiren lantokian (gerora Mendiola) hasi zen lanean eta mobilette motoa erosi zuen lehenbiziko irabaziekin. Goikoetxea, Olazabal... asko ziren bere koadrilakoak, eta kalean biltzen ziren denak. Haiengana jai arratsalderen batean joan, eta motorik gabe itzuli zen etxera. Aitari etxean errezeloa geratu izan zitzaion gerora, lapurretarekin ez ote ziren hasi prestatzen hilketa...

Izua zabaldu zen Andoainen zuen anaiaren hilketarekin batera. Nola gogoratzen dituzue egun haiek?
Imanol Ansa:
Anaiarena izan zen larriena, baina luzea da gertakizunen zerrenda, aurretik eta ondoren. Kaletxikiko eremuan Ontza elkarteari tiroketak, Kooperatiba eta ardotegiko kamioien erreketak... Eta horiez gain, baserri giroan ere, akzio ugari izan zen baserritarren aurka. Batzuk trantzeak kontatzera ausartu egin ziren; beste batzuk, ostera, isilik pasa zituzten. Anaztegiko eta gure baserriko metak erre zituzten, eta ondoko baserri bateko bi anaiek eskapada ederra egin zuten; batek, auto bat segika zuela igarri, eta korrika egin zuelako libratu zen. Bestea, autora sartzera behartu zuten pistola zeramaten bi lagunek beste gau batean, baina horretan ari zirela, pertsonaren bat sumatu inguruan, eta ihes egin behar izan zuten.
Ixidro Ansa: Urtetan bizitu behar izan genuen beldurrarekin; guretzat bakea ez zen etorri Iturbide eta Zabala atxilotu zituztenean. Guretzat ia normalak egin ziren autoetan sartuta etxe inguruan zelatan egoten ziren sekretak. Autoa gidatzeko adinean sartu ginenez geroztik, berriz, guardia zibilen kontrolak egin ziren guretzat beldurgarriak. Noiznahi gerarazi errepidean, eta anaiaren inguruko galdeketa egiten ziguten. Burura zetorkien edozer esaten ziguten: “algo haría vuestro hermano para que lo mataran, ¿no crees?”. Antzekoak eta okerragoak entzun behar izaten genituen maiz; niri pistola burura apuntatuz jarri izan zidaten. Horrelako tratua, 12-15 urtetan bai. Gainera, garaitsu hartan, gu bezala Ansa Etxeberria abizenak zituen lehengusu batek ihes egin zuen Iparraldera, eta harengatik ere hasten zitzaizkigun galdezka, gure anaia zela pentsatuz. Ez zuten lortu gu etxera erretiratzea, hala ere; kalera ateratzekoak izan gara beti, eta beldurra sentituz hazi garela esan daiteke.  

Nola eraman izan dute gurasoek semearen galera?
Imanol Ansa:
Anaiarena gertatu zenean biok gazte samarrak ginen; adin horietan ez zara oso kontziente zer gertatu den, eta, errazago egiten zaizu gainditzea. Beste gauza da gurasoei dagokiena. Urtetara jabetu izan gara gurasoek sufritu zuten atsekabea, hil ziren arte joan ez zitzaiena. Gurasoek eta familiako izeba-osabek inoiz Joxe Ramonen hilketa gainditu ez zutela iruditzen zaigu. Aita, esate baterako, negarrez hasten zen etxean Joxe Ramon aipatu orduko. Gauez lehen loa egiten zuen, baina gauerdirako esnatu berriro, eta seme-alaben gelara abiatzen zen, ea denak etxean ginen ikusteko. Baten bat falta bazen, hark ez zuen gehiago lorik egingo, ederki sufrituz.

Hiltzaileak atxilotu eta epaituak izan ziren...
Imanol Ansa:
Zabalaren amaren autoarekin ibiltzen ziren alde batera eta bestera; haiek nahi zuten bezala ibili ziren jendea akabatzen, eta Javier Ansarena egin zutenean, beren azken akzioa izan zena, lekukoak utzi zituzten nonbait, Kraffeko langileak-eta. Oso agerikoa egin zen kontua, haien ibilaldiak jada ezin ziren estali, eta hor moztu behar izan zuten goitik. Aurreratu ziguten Piti eta Zabalarekin hasi eta bukatuko zela ultraeskuindarren tramaren inguruko ikerketa, eta halaxe gertatu zen.

Oroitarria dago Joxe Ramon hil zuten tokian, Xoxokako bidean. Familiak jarrita?
Ixidro Ansa:
Bai, gurasoek gurutzea jarri zuten lehenbizi, baina kendu egin zuten agudo. Orduan oroitarri bat jarri zen, baina hura ere txikitu egin zuten mazo batekin jota. Bigarren oroitarria jarri, eta haretxek segitzen du.

Zuek ez zarete komunikabideetan-eta agertu zaleak izan...
Ixidro Ansa:
Bere garaian Udalak mozioa onartu zuen eta kalean protestak-eta egin ziren, baina gurasoek dinamika horretatik kanpo geratu nahi izan zuten. Inongo instituzioren babesik ez zen jaso, baina inor ez zen guregatik gaizki esaka jardun. Amnistiaren aldeko gestorek omenaldi ekitaldiak antolatu izan zituztenean Santa Kruzetan, gurasoei ez zitzaien gaizki iruditzen hura, nahiz eta ez parte hartu.
Gurasoek sekula ez ziguten gorrotorik transmititu; bai, ordea, samina eta oroitzapena bezalako sentimenduak. Alde horretatik, gurasoek hartu zuten jarrera hori guztia errespetatu egin dugu, eta asmatu egin dugula uste dugu. Ez dugu biktimismoaren bidetik jo.

Zer iruditu zaizue dokumentala?
Imanol Ansa:
Zalantzak izan genituen testigantza eskatu zigutenean, baina aurrera egin genuen, gure lekukotza eman genuen, eta muntatu zutenean familia guztiarentzat ikustaldi berezia antolatu zuten. Mesedegarria izan dela iruditzen zaigu. Seguru gaude gurasoek gaizki pasako zutela, baina baita onartu ere lagungarri izan daitekeela gertakizunak herrian jakinarazteko eta Joxe Ramonen oroimena bizirik mantentzeko.

Biktimengan jarri dira begiak azken urteetan, lehen ez bezala...
Ixidro Ansa:
Gauzak aldatzen ari dira bost bat urtetik hona, bai. Hitz egiteko beste lasaitasun bat daukagu geuk, eta ohartzen ari gara on egiten digula horrek.
Imanol Ansa: Eusko Jaurlaritzak Gogora, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko artxiborako grabazioak egin ditu gu bezalako senideen testigantzak jasoz eta ikastetxeetara ere joaten hasiak dira gu bezala, senideren bat biktima izan dutenak, haurrei gertatutakoa kontatzera. Horrelako ekintzek erakusten dute hala dela, begiak biktimengan jartzen ari direla orain, garai batean ez bezala.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!