Aurrekontua onartu zuten urteko azken batzarraldian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko urt. 8a, 12:27

Abenduaren 22an ez ohiko plenoan 2016ko Udal aurrekontuak eztabaidagai izan ziren Urnietako udaletxean. EAJ-PNVk proposaturikoa gehiengo osoz aurrera atera zen, EH Bildu eta PSE-EE alderdien aurkako bozkarekin. 2016koak, 2015ekoarekin alderatuta, %5eko igoera izango du. Denera, 9 milioi euro pasatxoko aurrekontua.

Kronika eta balorazioak:

Mikel Pagola alkateak xehetasun nagusiak eskaini zituen. Aurrekontuaren betetze maila ikusteko aukera hilean behin izango da. Udalak korporazioko kideen esku (eta herritarren esku webgunearen bidez) utziko du informazio hori, hilean behin berrituko dena. 2016an lan egiteko moduetan berrikuntza nagusia iragarri zuen, parte hartzearena. Udalaren hiru sail nagusietan parte hartzearen filosofia txertatu nahi dute. Eta, besteak beste, aipatu zituen auzoz auzoko parte hartze prozesuak edota aurrekontu parte hartzaileak sustatzea. Udal aurrekontutik kanpo dauden lau milioi euroko soberakina zertan inbertitu erabakitzeko parte hartze prozesua zabalduko dutela ere iragarri zuen.
Nagusiki, horiexek izan ziren argudio nagusienak.

SOZIALISTEN ARGUDIOAK
AURKAKO BOTOA IRAGARTZEKO

PSE-EEk azken aldi honetan ohi duen bezala, goitik behera kritikatu zituen jeltzaleen proposamenak. Eurek bere garaian Udal hauteskunde programatik hartutako 60 neurri proposatu zituztela adierazi zuten, eta jaramonik ez zaiela egin salatu. Hori dela eta, aurkako bozka iragarri zuten. Sozialistei erantzunez, Maribel Vaquerok sozialistei zehaztasun eza leporatu zien. 60 neurri horien azalpen ekonomikorik ez zegoela eta, jarrera aldatzeko deia luzatu zien. Gobernu taldearen kontrolatzaile baino gehiago, proposatzaile izateko gonbitea luzatu zien.

EH BILDUREN AURKAKO BOTOA
Plenoan bertan eta ohar bidez zabaldu duten komunikatuan gobernu taldearen jarrera kritikatu zuten: “Aurrekontu-proposamena jaso ondoren, EH Bildutik gobernu taldeari proposamen zehatzak egin genizkion eta hasiera-hasieratik baztertu dizkigu, eztabaidatzeko inolako borondaterik adierazi gabe”. Arrazoi zehatzak adierazi zituzten, besteak beste, etxebizitza sozialak martxan jartzeko plan zehatzik ez izatea edota Babiloni-Ikastolako eraikinerako jarrera aktiborik ez izatea. “Hondakinen inguruan hartutako konpromisoa betetzeko eskatzen jarraitzen diogu EAJri, eta akordatutako %65eko birziklapen tasara iristeko neurriak hartzeko”. Horiek eta gehiago izan ziren EH Bilduren kontrako botoa iragartzeko arrazoiak.
Gobernu taldearen izenean, Vaquerok kritika peioratiboak egitea leporatu zien EH Bildukoei.
Aurrekontuak, beraz, aurrera atera dira gobernu taldeko kideen aldeko botoarekin. Oposizioko bi alderdiak aurka agertu ziren. Denek ere eraginkor eta eraikitzaile izateko jarrera hizpide izan bazuten ere, gaur gaurkoz elkarren artean urrun daudela dirudi.

AURREKONTUAREN ILDO NAGUSIAK

Antolaketa, Lurraldea eta Herritargoa dira Udalaren antolaketa berriaren adar nagusiak. Aurrekontua, beraz, hiru atal nagusi horietan sailkatuko dute. Ildo eta printzipio nagusiekin batera, Urnietako alkateak aurreikusiko diren inbertsioak nabarmendu nahi izan zituen. Kopurua milioi bat eurokoa izango da, bereziki Pintore eta Lizardi kaleetako ur hoditeria sarea berritzeko, landa nahiz herri bideak konpontzeko eta haur-parkeak hobetzeko. Aurekontuaren ildo nagusiak hauexek dira:

  • • “Hilero egiten den batzorde informatiboetan Antolakuntza ataleko batzordekideei Udal aurrekontuaren betetze-mailari buruzko informazioa eskainiko zaie. Era berean, Udaleko webgunean ere txertatuko da informazio hori, herritar guztiek bere berri eduki dezaten”.
  • • “Udaleko lansail desberdinetan dauden erronkei aurre egiteko, langilegoak beharrezkoa duen formakuntza plana eskaintzen jarraituko dugu. Guztia, herritarrei kalitatezko eta hurbileko zerbitzu bat emateko helburuarekin”.
  • • “Garrantzitsua izango da herriaren benetako partehartzea bermatzea.Udaleko hiru sail nagusien jardunean oinarrizko ekintza ildoa bihurtuz, auzoz auzoko eta aurrekontu partehartzaileak bermatuz”.
  • • “2016rako eta legegintzaldirako erronka nagusienetakoa izango den inbertsio estrategikoen partehartze prozesua amaituko dugu. Aurrekontutik kanpo, Udal gerakinean dauden lau milioi euro gutxienez erabiliko ditugu herritarrek lehenetsiko dituzten proiektu estrategiko horiei aurre egiteko”.
  • • “Genero ikuspegiari garrantzia eman nahi diogu. Urte honetan garatuko dugu bigarren Berdintasun plana”.
  • • “Gizartekintza sailak erronka berriei erantzun beharko die. Indarrean sartu den  gizarte zerbitzuen karta berriak, administrazio desberdinei aurreikusten dizkien zerbitzuak emateko ardurari aurre egiteko konpromisoa hartzen dugu”. 
  • • “Eskualdeko garapen agentzia beharrezkoa ikusten dugu. Enplegu-sustapena, garapen ekonomikoa...  bakarrik aurre egin ezin diegun eskuduntzak izanik, ahaleginak egin behar ditugu eskualdeko udalerrien arteko akordio sendo bat bultzatu eta garapen agentzia sortzeko”.
  • • “Sustapen alorrean nabarmentzekoak dira Donostia 2016 rekin sinatuko ditugun lankidetza hitzarmenak, Urnietan bertan Txirrita izeneko antzezlana edota dantza ikuskizun berri bat garatzeko”.
  • • “Etxe barruan eta administrazioan euskararen presentzia handitzeko eta sendotzeko programen aldeko konpromisoa hartzen dugu”.
  • • “Nerabeen aisialdi-premien inguruko lanketa bat egingo dugu”.
  • • “Elkarbizitza, bizikidetza herrian lantzen jarraituko dugu Baketik-ekin izenpeturiko hitzarmenaren bidez, bakearen eta giza eskubideen kulturari buruzko programak garatuko ditugu”.
  • • “Plan Orokorraren garapena bultzatzen jarraituko dugu. Lehentasun moduan, Babiloniko eremuaren garapena ekintza ildo nagusia izanik”.
  • • “Langardako auzoaren konponbidearen prozesuan, partzela batzuetan egin beharreko aktuazio batzuei aurre egiteko beharrezkoa izango den diru kopurua Udal gerakinetik bideratzeko gure konpromisoa adierazten dugu”.
  • • “Bestalde, Agenda 21aren programa sendotu nahi da. Sentsibilizazio kanpainak bideratu behar ditugu, bilketa selektiboaren inguruko datuak hobetzen jarrai dezagun”.
  • •“Aurrekontua osatzeko ez dugu zorpetzera jo. 2016aren hasieran zorpetzea % 0,68koa izan da”.
  • •“AIU 17 eremuko garapenaren aprobetxamendu gisa eskura genezakeen %15eko diru sarrera ez da aurrekontua egiteko kontutan hartu. Diru hori eskuratzean, etxebizitza sozialetarako bideratuko dugu”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!