Larraulgo belaunaldi nagusienak hartu du hitza

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko ots. 3a, 01:00

"Larraulgo usadioak sendabelarrekin" liburua aurkeztu du Pili Otaegi larrauldarrak, DINA7 taldearen babesarekin. Sendabelarren inguruko usadio eta ohitura zaharrez dihardu.

Hamaika pasadizorekin topo egingo du liburua eskuetan hartzen duenak, Larraulen bizi den belaunaldi zaharrenari egindako elkarrizketak biltzen baititu liburuak. Garai bateko erremedioak eta usadioak kontatu dituzte hamar baserritarrek. Horrez gain, sendabelarren argazkiak eta errezetak ere agertzen dira.
Duela lau urte eman zituen liburuak bere lehen pausoak. Aitziber Mendiola eta Pili Otaegiri bururatu zitzaien ideia 2011. urtean: “Biok gustuko dugu sendabelarren mundua, eta herriko belaunaldi zaharrenaren informazio guztia galtzea pena litzatekeela pentsatu genuen”. Horrela, baserriz baserri, elkarrizketak egiten hasi ziren.
Oso “aberatsa eta polita” izan da prozesu hori Pilirentzat: “Asko ikasi genuen. Denek esaten ziguten ez zutela gauza handiegirik kontatzeko. Baina behin hizketan hasita, ezin isildu ibili ginen”, dio irribarrez.

Lau ataleko liburua
Larrauldarrei egindako elkarrizketak lehenengo atalean ageri dira; atalik mardulena eta sakonena da horixe. Bigarrenean, usadio zaharrei eta sendabelarrei egin die txokoa. Horietako asko ezagunak diren arren, badaude zenbait bitxikeria ere. Usadioei buruzko informazioa zabaltzea da atal honen helburua: “Dakiguna gordean eduki ordez, zabal dezagun denen eskura jarriz; hala, denok irabaziko dugu jakindurian”.
Horrez gain, sendabelarren izendegia ezagut daiteke hirugarren atalean, sendabelar bakoitzaren latinezko izena eta argazkiarekin. “Mendian gora eta behera ibili naiz argazki kamera hartuta, urtaro ezberdinetan”, adierazi du. Guztira, 100 sendabelar inguru bildu ditu.
Azkenik, laugarren atala errezeten atala da, hogei produktu baino gehiago sendabelarrekin nola egin azaltzen duena: ukenduak, xaboia, kremak, xanpuak, xarabeak, olioak, ogia, gazta, ardoak, likoreak... “Ogia eta gazta egiterakoan, adibidez, beti dago aukera sendabelarrak erabiltzeko. Hortxe dago nire ekarpentxoa”.

Eskerrak
Hitza hartu duten guztiei eskerrak eman dizkie Pilik, beren denbora eta jakituria eskaintzeagatik. Liburuan baserritarren ekarpenek duten garrantziagatik, elkarrizketatu guztiak eskertu zituen liburuaren aurkezpenean: Larrunbide-Etxeberri baserriko Antselmo, Gorotzen baserriko Maria, Goieneta-Bitarteko Benita, Larrolako Joxepa eta Lazaro, Agerrezarko Carmen eta Juan Bautista, Beobide-Azpiko Maria, Abeletxeko Mari Krutz, Sorarraingo Rufina, Arpideneko Anttonio eta Añezabal Haundiko Pepita eta Joxe.
Horrez gain, DINA7 taldea ere eskertu zuen, liburua idazteko aukera emategatik: “Nik ez nuen asmorik libururik idazteko, eta ekimen honek aukera hori eskaini dit. Beraz, eskerrik beroenak DINA7 kultur taldeari ere”, azpimarratu zuen. Abenduaren 22an aurkeztu zuen liburua Larraulgo Kultur Gunean. Bertan jakinarazi zuenez, herriko etxe guztiei ale bana banatuko diete, eta besteren bat nahi duenak, 12 euroren truke salgai izango du Kultur Gunean edota Ekomuseoan.

Pili Otaegi
Lasarte-Orian jaioa. Ikasketez “Filosofi eta Hezkuntz Zientzietan” lizentziatua, Psikologia mailan eta Logopedian diplomatua. Lanbidez Garuneko Elbarritasun alorrean dihardu, beste zenbait esparrutan jardun ondoren. Afizioz, sendabelarren arloan zaletua; hainbat ikastaro eta jakinduria zabaldu ondoren, hau bere ekarpena: Larraulgo usadioak sendabelarrekin liburua. “Bakarrik ekin diot lan honi, ingurukoen animo eta laguntzarekin. Hemendik, nire zorra zabaldu beharra; beren ekarpenarekin azaltzen direnei, eskerrik beroena, eta ez daudenei, errespeturik handiena hartutako erabakiari”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!