Postala Marijuliri

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko urt. 28a, 01:00

Marijuli Azkueren heriotzaren lehen urteurrenean, haren lagunek eta ezagunek “Marijuliren postala ekimena” landu dute.

Marijulirenpostala.eus

Marijulirenpostala.eus webgunea sortu dute horretarako, 2015ean zehar berezi izan den bidaia, toki edota uneren bat irudi bidez aipatuz. Haren oroimena eta bereziki postala bidaltzeko zuen ohitura on hori bizirik iraunarazi nahi dute. Omenaldi modukoa da, sustatzaileek webgunearen aurkezpenean dioten bezala. Nondik nora postalak?, galdetuko dio bere buruari Marijuli hainbeste ezagutzen ez duenak. Bada, azalpen argia du. Bera bizi zenean, ohitura ederra zuen: “Gabonak zoriontzeko urtero gure postontzietan Marijulik bidalitako postalen bat aurkitzen genuen. Postal horietan ez zegoen ez oreinik, ez elur-panpinarik, ez Olentzerorik edo Errege-magorik. Igarotako urtean bera izan zen toki baten argazkia bidaltzen zigun”. Mimoz eta maitasunez egindakoak ziren, gainera, “bere postalak eskuz idatziak ziren, pertsonalak, eta horien bidez zuri bidaliak zirela eta bere laguna zinela sentiarazten zizuten”.

Marijuliren lagun eta ezagunak webgune horretara postalak bidaltzen ari dira. Ander Izagirre kazetari eta idazle ezagunak, esaterako, El Hierroko argazki batekin batera, honako pasartea idatzi dio: “Marijuli maitea, urte polita izan da. Bidean jarraitu dugu, eta hori da gure poza: bidean beste puska bat ibiltzea, zorte horretaz jabetzea, maite ditugunekin unetxoak gozatzea, ahal dugun neurrian laguntza eman eta eskatzea, jakin-minari eta ilusioei obeditzea.

Itzal artean ibiltzen ere ikasi behar izaten dugu. Ez da erraza. Honez gero bidean gurekin ez datozenak gogoan ditugu, euren ausentzia presente egiten zaigu, eta mina sentitzen dugu. Pixkanaka, iluntasunari ere ñabardurak ikusten dizkiogu: iluntasun hori gure alboan izan den argi baten falta dela ikasten dugu, eta orduan, oroitzerakoan, argi horrek berriz ere distira egiten du gure baitan. Ikusi al duzu zenbat jende dabilen zure oroimenarekin argituta! Hemen bildu gara batzuk, zure postalen argiaren inguruan. Zure argiaren inguruan”.

Webgune horretan bertan bere bikotekide Alito Graciak gutun hunkigarria idatzi dio: “Kaixo Maijuli. Aurten ez omen da izanen zure eguberriko postalarik.Ordainan martxan jarri dugu ekimen berri bat. Aurten geuk bidaliko dizkizugu (zauden lekura) geure postaltxoak. Imaginatu nahi dut erreklamazioren bat egingo zenuela leku hortan korreorik ez dagoelako.

Nik ez dut oraindik argazkirik aukeratu ta gainera laguntza eskatu beharko dut egiteko. Oraingoz esango dizut, elkarri egindako zazpi urteko bidaia, sinistu ezinekoa izan dela. Ez nun inoiz inun, holako zoriontasunik zegoenik bikote bizian. Zenbat gozatu dugu elkarrik. Geure familikoen artean, eta lagunekin hangoak eta hemengoak, lanekoak… ta gu biok zenbat broma, irri, konplizitate eta plazer…

Beraz aurten nik bidaliko dizut agurra baina oroitu egunero nerekin zaudela noranahi joaten naizelarik ere. Negarrak jotzen dit askotan baina zure goxotasunak baretzen nau bestetan. Laster arte asko maite zaituen Alito”.

Ernioko jaiotza
Begoña ahizpak ere postala idatzi dio: “Kaixo Marijuli, jaiotza jarri degu figura berriekin, norbaiti gustatu zitzaizkion lengo urtekoak eta. Hauek zure lagun Miren Azpeitikoak emandakoak dira, bueno Olentzero ez, txinotan erosi det jaiotza euskalduna izateko.
Urte gogor honen ondoren, bagoaz aurrera poliki-poliki betiko gauzak egiten baino zu gabe lehendabizikoz.
Udan etorri dira bi rubiak, Snizhana eta Diana, bigarrena ere beste rubia peligrosa bat, sentidu guztietan: mugitua, mutilzalea, bihurria... baina oso goxoa, zenbat muxu eta besarkada eman dizkigun eta batez ere amari, eta amona Juli… feliz.
Gure arteko deiak, etxeko parteak edo planak antolatzeko ez zaude. Zaplazteko haundia jaso arren zure bapateko martxagatik, postaltxo hau idazteak xamurtu du nere mina.
Muxu haundi bat, zaindu zurekin daudenak nik zainduko ditut hemengoak eta.
Asko maite zaituen, zure ahizpa Begoña”.
Asteasun, abenduaren 24an
 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!