Pilotari onenek jokatuko dute IV. Antton Pebet memorialeko finala, urtarrilaren 2an Villabonan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko abe. 30a, 12:55

Iritsi da final handiaren eguna. Txapelketan zehar maila onena eman duten pilotariak iritsi dira finalera, eta bidean izen handiak eta sorpresak ikusi ahal izan dira Antton Pebet zenaren omenez jokatu den laugarren txapelketan. Zubizarreta eta Kastillo pilotariak berriro ere finalean ariko dira, baina beste guztiak lehen aldiz jokatuko dute txapelketa honetako finala. Izen handiak bidean geratu dira, eta horrek erakusten du edozeinek edozeini irabaz dakiokeela. Datorren larunbatean, urtarrilak 2, arratsaldeko 16:30etan hasiko dira partidak Villabonako Bearzana pilotalekuan. Sarrera doakoa da eta herritar oro dago bertara gonbidatuta.

Kronika, Iñaki Lizaso:

Txapelketa, Euskal Herri osoko pilotari onenekin osatu da eta hasieran izendaturik eta debutengatik parte hartuko dutenen zerrenda ez da makala: Arteaga iazko irabazlea, Ander Imaz, Erostarbe…, guztiak jokatzekoak ziren aurtengo edizioan. 

Bestalde, txapelketan aritutako pilotari profesioanal gehiago badira: Artola, Urruzola, Tolosa, Agirre, Iturriaga, Dario, Jaka, Mendizabal III. Ikusten denez, zerrenda luzea da eta pilotari onenak pasa izan dira Anttonen txapelketatik.

Aurtengoan, partida guztiak ederrak eta orekatuak espero dira.

Kadete mailakoan Egiguren eta Murua bikoteak Iriarte eta Ibarloza izango dituzte aurkari. Egiguren azpeitiarrak eta Murua arrasatearrak final laurdenekoetan eta finalerdietan alderantziz jokatu dute. Lehen partida Egiguren aritu zen atzetik eta finalerdietan Murua. Beraz, finalean nola ariko diren inkognita bat da. Biak oso pilotariak dira, tantoa amaitzen dakitenak eta baita pilota luzatzen ere. 

Beraien aurkariek maila oso ona erakutsi dute txapelketan zehar ere. Iriarte azpeitiarrak pilota luzatzeaz gain artista sena du eta tantoa erraz amaitzen du. Ibarloza markinarrak, berriz, pilotan oso egoki egiten du, beso luzeekin pilota astintzen badaki. Final eder eta irekia espero da.

Jubenil mailakoan Zubizarreta ataundarra izango da protagonista. DV Credit Aricole torneoa irabazi berritan da eta joko maila izugarrian dago. Bere laguna Eskirozek ez du apenas pilotarik galtzen eta faborito ageriko dira Oiarbide Astigarragakoaren eta Mariezkurrena iruñarraren aurka. Oiarbidek bere joko maila hobetu du azken hilabeteetan eta aukera bikaina izango du bere jokoa Zubizarreta bezalako pilotari baten aurka erakusteko. Mariezkurrenak ere asko hobetu du. Pilotari oso luzea da, pilotan oso ondo egiten duena eta oraindik ere asko hobetu dezakeena.

Nagusi mailan ere partida oso irekia ageri da. Ugalde oiartzuar gazteak eta Telletxea albiztuarrak Elorrioko Azpiri eta Etxabarriko Kastillo izango dituzte aurkari. Ugaldek maila izugarria du, ezker aire bikaina eta sakearekin min handia egiten du. Telletxeak, afizionatutan dagoen ezkerrik ederrena izango du. Geldirik luze egon ostean, berriro ere onenen artean da, joku maila handiarekin eta bikote handia osatuz Ugalderekin. Beren aurkariak ere joko puntu handian iritsi dira finalera. Azpirik final zortzirenetan maila handirik eman ez bazuen ere, final laurden eta finalerdietan oso ondo jokatu du. Pilota oso bizi mugitzen du eta tantoa erraz amaitu. Bere atzelari Kastillo egun afizionatutan egongo den atzelari onenatakoa da. Pilotarik ez du ia hutsegiten, kantxa asko zaintzen du eta pilota luzatzen badaki. Bete-beteko partida espero da.

Sariei dagokienez,  finalistak gustura joango dira etxera; sari ekonomiko garrantzitsuaz gain, inguruko jatetxe onenetan afariak izango dituzte, lehen mailako iberiar produktuak, sagardo kaxak, opari berriak, saskiak etab.  betiko trofeo eta txapelez gain.

Ondoren, finalista guztiek, antolatzaile, udal eta federakuntzako ordezkari eta babesle garrantzitsuenek afari eder bat dastatuko dute Behar Zana elkartean.

Betil bezala, txapelketan osoan zehar bezalaxe, finalerako sarrera doakoa izango da eta saski eder batzuen zozketak ere burutuko dira.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!