Urtarrilaren 2ko final handirako txartel guztiak banatu dira Antton Pebet oroimenezkoan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko abe. 29a, 13:05

Joan zen larunbat eta igande goizean jokatu ziren finalerdietako partida guztiak. Hego haizea tarteko, pilotalekua ez zegoen jokatzeko egoera onenean, lurra nahikoa labainkor baitzegoen. Antolatzaileek Bearzana pilotalekua ixteko eskaera luzatu diete Udal ordezkariei. Egoerak egoera, dagoeneko zehaztu dira finalista guztien izenak:

Argazkiak (Egoitz Bengoetxea).

Kronika (Iñaki Lizaso):

Larunbat goizeko jaialdian lehen partidan jubenilak aritu ziren. Alde batetik Anso nafarra eta Etxeberria oiartzuarra eta bestetik Oiarbide astigarragarra eta Mariezkurrena nafarra. Bigarrenek 22-11 irabazi zuten partida txukunagoa eginez. Etxeberria bigun aritu zen eta ohikoak ez dituen pilotak galdu zituen. Ansok ere ez zuen bere eguna izan. Oiarbide sendo eta erritmo bizian aritu zenak eta Mariezkurrenak ongi irabazi zuten.

Bigarren partida, Ugalde eta Telletxeak 22-14 irabazi zieten Eneko Labaka eta Aizpitarteri. Partida polita izan zen, erdira arte nahikoa orekatua gainera. Erditik aurrera, ordea, Ugalde kantxaren erditik sakatzen hasi eta min izugarria egiten hasi zen. Bera izan zen protagonista. Telletxeak lan oso ona egin zuen eta Aizpitarte dominatu zuen. Eneko Labaka saiatu bazen ere, ez zuen lortu bere jokoa aurerra eramaten.

Azken partidan, Iriarte eta Ibarlozak 22-18 irabazi zieten Alberdi eta Apezetxeari. Jaialdiko partidarik politena izan zen. Apezetxeak izugarri jo zuen. Golpe oso berezia du eta asko joka lezake. Alberdik, defentsa izugarria erakutsi zuen, eta borrokarako grina, baina fisikoki beren aurkariak baino gutxiago da, eta golpeak asko esan nahi du maila honetan. Iriartek, tantoa bukatzeaz gain jo ere egin zuen eta Ibarlozaren laguntzaz partida aurrera atera eta finalerako txartela lortu zuten.

 

Igandeko jaialdian berriz eta betiko ordenean, Egiguren eta Muruak 22-14 irabazi zieten Zabala eta Zubeldiari. Galtzaileak ziren faborito, baina Zubeldiak hasieran ohi baina pilota gehoago galdu izanak partida baldintzatu zuen. Murua eta Egigurenek apenas pilotarik galdu zuten eta oso txukun jokatu zuten. Pilota astinduz eta seguru jokatuz. Zabalak zituen aukera gutxiak baliatzen saiatu zen, baina partida ezin izan zuen aurrera atera.

Jubenil mailakoan oreka handiagoa espero zen. Zubizarreta eta Eskirozek 22-12 irabazi zieten Pello Etxeberria eta Arangureni. Pilotalekua irristakor zen eta okerren moldatu zena Aranguren izan zen. Horrek partidaren nondik norakoa baldintzatu zuen agian. Dena den, partidako protagonista Zubizarreta izan zen. Berak agindu zuen eta tantoak oso erraz amaitu zituen. Bukaera aldera jotako 3-4 txapak ez balira markagailuko diferentzia handiagoa izango zen. Dena den ez zen partida ona izan, denek ere pilota asko galdu baitzituzten.

Nagusien mailan, Urretabizkaia eta Murgiondok 11-22 galdu zuten Azpiri eta Kastilloren aurka. Pilota bizia baliatuz, biziegia aukeran, min handia egin zuten. Kastillo Murgiondo baina hobeto moldatu zen eta Azpirik pilota oso bizi mugitu zuen. Urretabizkaiak ere gogor astindu zuen pilota, baina igandekoan ezin izan zuen finalerako txartela lortu.

 

Horrela, urtarrilaren 2an, larunbata, ondorengo pilotariek jokatuko dute final handia Bearzana pilotalekuan 16:30etatik aurrera:

 

Kadeteak:  Iriarte- Ibarloza & Murua-Egiguren

Jubenilak: Zubizarreta-Eskiroz & Oiarbide-Mariezkurrena

Nagusiak: Ugalde-Telletxea & Azpiri-Kastillo

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!