GIZA ESKUBIDEAK, IRTENBIDEA, BAKEA
EUSKAL PRESOAK EUSKAL HERRIRA!
Urtero bezala, neguan murgildu garen honetan, gabon jaietako egun bereziak iritsi zaizkigu Aiztondo bailarara. Urteko azkenak eta urte berriko lehen egun hauek, senide eta lagunekin egoteko, Olentzerori ongi etorria egiteko, aspaldi ikusi gabekoak berriz ere ikusteko, elkar besarkatzeko, herriko giroaz gozatzeko, otordu goxoak egiteko... egunak izan ohi dira. Era berean, herritik urrun daudenak eta gure artean izaterik ez dutenak gogoan izateko, eta beren familiei babesa eta elkartasuna adierazteko egunak ere badira honako hauek.
Zizurkil, Asteasu, Aduna, Larraul eta Alkizako udal ordezkariok, euskal presoek pairatzen dituzten eskubide urraketak gaitzesten ditugu eta espainiar eta frantziar Estatuei eskubide hauek bermatzeko beharrezkoak diren neurriak har ditzatela exijitzen diegu. Bada garaia herri honetan behin betiko konponbidea eta bakea eskuratzeko, baina hori ez da posible izango presoen eta beraien familia eta lagunen giza eskubideak urratzen dituzten kartzela politikak behin betiko amaitu gabe.
Estatuek ordea, gaur gaurkoz ez dute norabide horretan aldaketarik egiteko inongo borondaterik agertu. Egoera honen aurrean, erakunde publiko zein herritarrek asko egin dezakegula uste dugu, ez da iritsi daitekeenaren zain eta geldirik egoteko unea, herri honen gehiengoak aldaketak eskatzen ditu eta zentzu horretan herritarrak mobilizatzea beharrezkoa dela ikusten dugu.
Honenbestez, Aiztondo bailarako udal ordezkariok, datorren abenduaren 31n arratsaldeko 19:00etan, Zizurkilgo Joxe Arregi plazatik irten eta Villabonako Errebote plazan amaituko den manifestazio isila deitzea erabaki dugu.
Hauek dira manifestazio honen bidez, espainiar eta frantziar Estatuei helarazi nahi dizkiegun oinarrizko eskaerak:
1 - Dispertsioa amaitzea eta euskal presoak euskal herriratzea.
Beharrezkoa da presoei eta batez ere beren familia eta lagunei bidegabeko zigor erantsia ezartzen dien sakabanaketa politikarekin behin betiko amaitzea.
2 - Gaixotasun larri edota sendaezinak dituzten presoen kaleratzea.
Gaixotasun sendaezinak dituzten presoek espetxetik irten eta etxetik hurbil dagoen erietxean egoteko eskubide osoa dute, hau espainiar legedian bertan jasota dago. Beraz, eskubide hau errespetatzea eta larri gaixo dauden 12 presoen berehalako kaleratzea exijitzen dugu.
· Azken urteetan lehen aldiz, aurtengoan Aiztondoko udal guztiek ez dute manifestazio deialdi hau babesten, Villabonako udal gobernuak manifestazio honekin bat ez egitea erabaki baitu. Nahiz eta Villabonako udaleko ordezkariekin (Ivan Agirre alkatearekin) testua adosteko eta deialdi adostu eta bateratu bat egiteko ahaleginak egin, Villabonako udalak manifestazio honekin bat egiteko borondaterik ez duela jakinarazi digu.