Aurrekontuaren betetze maila ikusteko aukera hilean behin izango da. Udalak korporazioko kideen esku (eta herritarren esku webgunearen bidez) utziko du informazio hori, hilean behin berrituko dena.
2016an lan egiteko moduetan berrikuntza nagusia iragarri zuen, parte hartzearena. Udalaren hiru sail nagusietan parte hartzearen filosofia txertatu nahi dute. Eta, besteak beste, aipatu zituen auzoz auzoko parte hartze prozesuak edota aurrekontu parte hartzaileak sustatzea. Udal aurrekontutik kanpo dauden lau milioi euroko soberakina ere zertan inbertitu erabakitzeko parte hartze prozesua zabalduko dutela iragarri zuen.
Nagusiki, horiexek argudio nagusienak.
PSE-EEk azken aldi honetan bezala, goitik behera kritikatu zituen jeltzaleen proposamenak. Eurek bere garaian Udal hauteskunde programatik hartutako 60 neurri proposatu zituztela adierazi zuten, eta jaramonik ez zaiela egin salatu. Hori dela eta, aurkako bozka iragarri zuten. Sozialistei erantzunez, Maribel Vaquerok sozialistei zehaztasun eza leporatu zien. 60 neurri horien azalpen ekonomikorik ez zegoela eta, jarrera aldatzeko deia luzatu zien. Gobernu taldearen kontrolatzaile baino gehiago, proposatzaile izateko gonbitea luzatu zien.
Bilduk plenoan bertan eta afitxa bidez zabaldu duten komunikatuan gobernu taldearen jarrera kritikatu zuten: “Aurrekontu-proposamena jaso ondoren, EH Bildutik gobernu taldeari proposamen zehatzak egin genizkion eta hasiera-hasieratik baztertu dizkigu, eztabaidatzeko inolako borondaterik adierazi gabe”. Arrazoi zehatzak adierazi zituzten, besteak beste, etxebizitza sozialak martxan jartzeko plan zehatzik ez izatea edota Babiloni-Ikastolako eraikinerako jarrera aktiborik ez izatea. “Hondakinen inguruan hartutako konpromisoa betetzeko eskatzen jarraitzen diogu EAJri, eta akordatutako %65eko birziklapen tasara iristeko neurriak hartzeko”. Horiek eta gehiago izan ziren EH Bilduren kontrako botoa iragartzeko arrazoiak.
Gobernu taldearen izenean, Vaquerok kritika peioratiboak egitea leporatu zien Bildukoei.
Aurrekontuak, beraz, aurrera atera dira gobernu taldeko kideen aldeko botoarekin. Oposizioko bi alderdiak aurka agertu ziren. Denek ere eraginkor eta eraikitzaile izateko jarrera hizpide izan bazuten ere, gaur gaurkoz elkarren artean urrun daudela dirudi.