Fernando Iturralde, Zapeleneako esku motza

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko abe. 21a, 18:31

Fernando Iturralde Buruntzako auzotarra azaroaren 29an hil zen. Solasakide aparta zen eta makina bat pasadizo kontatu izan zituen azken aldian osasunez pattaldu zen arte, memorian ondo gordeta eduki baitzituen beti. Bizi guztian baserriko bizimodua egin arren, herri jakituria handiko pertsona izan zen. Beti umoretsu eta esker oneko, nahiz bizitzak gogor kolpatu umetatik.

Iturralde Santa Cruz familiaren baitan jaio zen, 1926an, Irurain Berri baserrian. Zapelenea esanez ere gogoratzen da baserri hori, izan ere, Fernandoren aita gizon puska behar zuen izan, usadio zuena txapel galanta buruan eramatea; hortik letorke baserriaren bigarren izena. Fernando, “Zapeleneko beso motza” zen askorentzat. Hiru anai-arreba eduki zituen Fernandok: Dolores, Inazio eta Klotilde.
Joxetxo bere semeak gogoratzen duenez, txikitan, zazpi urte zituela, eskuin besoa moztu zion makina batek. “Moleda lantegira joaten ziren txirbilaren bila; langileek atsedena hartzen zutenean, makina azpitan ibiltzen ziren biltzen. Behin, langile batek nahi gabe makina bat martxan jarri nonbait, bada, zazt moztu zion aitari eskua. Aitak atsekabe galanta hartu zuen, eta kezkatuta semeak etorkizunean latz edukiko zuelako bizimodua ateratzea, haren izenean utzi zituen baserria eta lur sailak”.
Baserrian geratu zen Fernando, eta baita Klotilde bere arreba ere, anaiari laguntzeko asmotan. Bittori Artola zizurkildarrarekin ezkondu, eta hiru seme izan zituen bikoteak. Joxetxo semeak adierazi duenez, “bi esku izan balitu baino lan gehiago egin zuen bere bizian. Batera ez bazen bestera, baina artea zeukan edozein eginkizunetara moldatzeko orduan; segan ere ederki aritzen zen, sega bere ezintasunera egokitu eta gero. Sukaldean abila zen, eta kapaz zen bakarrik egundoko tortilla egiteko”.
Baratzean eta baserriko zereginen artetik, baratzea landu zuen batez ere; tomateak, letxugak, porruak..., edozer erein zuen. “Pozik kontatu ohi zuen Gipuzkoan bera izan zela negutegia jarri zuen lehen baserritarra. Behin Frantziara nekazaritza feria batera joan eta handik ekarri zuen ideia. Bera baratzearen gora-beherez arduratzen zen. Gure ama, berriz, goizean goiz jaiki eta Bretxako merkatura joan ohi zen; astearte eta larunbatetan Andoainera jaisten zen, astoa eta bi saski hartuta. Baratzearekin eta behi esnearekin atera zuten gurasoek familia aurrera”.

Euskal ohituren maitale
Lan eta lan egiteaz gain, herri ohituren eta festen zalea ere bazen Fernando. Urteetan hartu zuen parte Buruntza auzoko San Roke jaien antolaketan, eta Gabonetan nahiz Santa Ageda bezperan, berehala animatzen zen santa eskean ibiltzera baserriz baserri. Gogoko zuen inguruko herri edo auzoetako jaiak bisitatzea ere, Joxetxok adierazi duenez Joxetxok, eta joera hark eragindako pasadizo polita gogoratu du: “Zizurkil gora koadrilan joateko ohitura zuten auzoko gazteek, eta hara nola diren gauzak, hemengo lau mutil hango lau emakumerekin maitemindu, eta auzoko lau baserrietara (Gaztañaga, Etxeburuntza, Baztarrika eta Irurain Berri) ekarri zituzten ezkontzera”.
Konta ezin bertso zahar gordetzen zituen buruan, eta haiek noiznahi abesteko moduan egoten zen beti-beti, izaera alai eta baikorrekoa baitzen. Horixe ziurtatu du Ainhoa Aiertza Buruntza auzoko bizilagunak, Fernandorekin ordu asko pasatakoa baita azken urtetan.
“Zer ez ote zidan kontatzen! Oso atsegina eta hizlaria zen, eta etxe aurrean jartzen zenean, ni etxerako bidean pasadizuan topatzen nuenean, beti kontatzen zidan Andoain edo auzoko kontu zaharraren bat, bertso eta kanturen bat, hemengo eta hango istorio harrigarriren bat... Egunean eguneko aktualitatea ere jarraitzen zuen, irratia entzuten zuen, telebista ikusten zuen, Aiurri edo Diario Vasco irakurtzen zituen goitik behera... Edozien gai zela eta, jantzita egoten zen, eta arrazoi ederrak botatzen zituen!”.
Antzematen zen baserriari lotuta bizi arren, ondo ikasi zituela herrirako edo urrutiragoko bideak. “Urtetan atzera joan, eta ahoz, kronika bikainak egiten zituen Andoaingo edozein gertakari historikoren inguruan; kazetarien inbidiarik gabekoak! Egia esanda, Andoaingo memoria bizia gordetzen zuen altxor galanta joan zaigu bere heriotzarekin”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!