Kontzejupean eta Sanjoan plazan egingo da zazpigarren urtez, Iñistorra elkarteak, Urnietako Udalaren babesarekin antolatutako Santomas azoka. Ez dira faltako, jadanik ohiko bihurtu diren txistorra eta sagardo dastaketa, sagar tarta lehiaketa, saskiaren zozketa, gaztaren kiniela, taloak, gaztainak, eta eguneko ekitaldi nagusia izango den VII. Urnietako Usadiozko Sagardo Txapelketa. Arratsaldea alaitzeko, bertan izango dira Urnietako Lurdes Iriondo musika eskolako trikitilari gazteak.
VI. SAGAR TARTA LEHIAKETA
Sagar tarta lehiaketa egingo da seigarren urtez. Bertara aurkezteko, aurrez etxean tarta egin eta arratsaldeko 16:00etatik 19:00etara bitartean Udaletxeko arkupetara eramatea nahikoa izango da. Parte hartzea irekia izango da urnietarrentzat zein kanpotarrentzat. Partaide bakoitzari txanpain botila bat emango zaio ordainetan, eta txapelketako irabazleak sari bikaina jasoko du. Bigarren sailkatuarentzat ere izango da saririk.
VII. URNIETAKO USADIOZKO SAGARDO XAPELKETA
Urnietako Usadiozko Sagardo Txapelketa egingo da zazpigarren urtez. Bertara aurkez daitezke, etxeko kontsumorako sagardoa egiten duten Urnietako baserri eta norbanakoak. Aurtengoan zortzi baserrik parte hartuko dute, Elutseta, Antso, Montefrio, Bidegurutzeta, Goikoetxe, Saurdei, Milluts, Altzibar eta Sorozabal. Hiru gizonezko eta hiru emakumek osatutako epaimahaiak erabakiko du zein den aurtengo Urnietako sagardorik onena.
GAZTAREN KINIELA,
GURIA ETA KANTOI TABERNETAN
Aurreko urteetako moduan, aurten ere gaztaren kiniela egiteko aukera izango dute herritarrek. Euro baten truke egin daiteke kiniela. Gaztaren pisua asmatzen duenak gazta etxeratuko du. Santomas egunera itxaron gabe, kiniela bete daiteke dagoeneko Guria eta Kantoi tabernetan. Jaiaren atariko giroa bikaina den adierazle da, dagoeneko ehun herritar baino gehiagok egin baitute gaztaren kiniela.