Oihana Iguaran, Unai Agirre, Beñat Gaztelumendi, Iñaki Apalategi, Agin Laburu, Arkaitz Oiartzabal "Xamoa", Alaia Martin eta Jon Maia aritu dira Donostiako Ilunben, Saroi Jauregiren gidaritzapean. Zortzi bertsolariek kartzelarekin amaitu dute egin beharreko ariketa sorta eta hortik buruz burukorako sailkatu dira Alaia Martin eta Beñat Gaztelumendi. 1012 punturekin, Gaztelumendi da Gipuzkoako txapeldun berria.
Inaxi Etxabek jarri dio txapela Gaztelumendiri, plazetan tokia izan ez duten emakumeak ordezkatuz. Txapela jartzeko momentua bertsoa botatzeko ere baliatu du, txapeldunak agurra bota aurretik:
Ze polita den irabazleai
txapel eder bat jartzea
ta berarentzat zer esanik ez
hori horrela hartzea
zure lanean saiatu zera
ta lortu zuganatzea
nik opa dizut horrei begira
eta horrekin gozatzea
Sailkapena
1. Beñat Gaztelumendi: 1012 puntu.
2. Alaia Martin: 993 puntu.
3. Agin Laburu: 614,5 puntu.
4. Iñaki Apalategi: 603,5 puntu.
5. Unai Agirre: 595,5 puntu.
6. Oihana Iguaran; 594 puntu.
7. Jon Maia: 586 puntu.
8. Arkaitz Oiartzabal 'Xamoa': 571,5 puntu.
Oihana Iguaran dotore, atzoko saioan
Lehen postuan abestea egokitu zitzaion Oihana Iguaran amasarrari. Goxo eta fin aritu zen kantuan, hasieratik segurtasuna transmitituz. Ez zuten Ilunben bildu ziren milaka pertsonek beldurtu, ezta bertsolagun zituen bertsolari handien itzalak ere. Unai Agirre hernaniarrarekin eman zion hasiera saioari, zortziko handian: Zahar etxe batean bizi ziren bikotea ziren Oihana eta Unai. Hilabete eta gero, atzo etorri zitzaien familia bisitan. Txukun aritu zen bikotea: "Nere ondoan zaudenez Unai / heldu eskua, ez askatu / ez dauden hoiei begira egon / edo degunaz gozatu" esanez amaitu zuen lana amasarrak.
Zortziko txikiko ariketan, Iñaki Apalategi beasaindarrarekin aritu zen. Txiste afari batean jarri zituen gai-jartzaileak. Iñaki barrez lehertzen zen kontalariaren edozein txiste entzunda. Oihanari ez zitzaion irribarrerik ere atera oraindik. Saio polita osatu zuten, Oihanak "umore inteligentea" defendatu zuelarik.
Puntu-erantzunen txanda izan zen gerokoa. "Lanean joaten zaigu eguna askotan" puntuari erantzunez hasi zen Oihana eta langabe etorri eta langabe itzuliko zela esanez amaitu zuen.
10eko txikian, elkarrekin maitemindu ziren erlijiosoen paperean abestu zuten Oihanak eta Beñatek. Bizitza erlijiosoa utzi eta elkarrekin bizitzea proposatu zion Beñatek eta oso bertsoaldi dotorea osatu zuten.
Kartzelako lanaren txanda iritsi zen azkenik. "Kalean pasatzen ikusi duzu eskuetan opari bat daramala, eta irribarrez doa", horixe hiru bertso nahi zen doinu eta neurrian abesteko atzoko gaia. Bideoan ikus eta entzun daitekeenez, ondo egituratutako lan polita osatu zuen Oihanak.
Gainerako bertsolariek bezalaxe, eskualdeko jarraitzaile ugari izan zuen Oihanak ere. Bi pankarta hura animatzen eta txalo zaparrada ederrak jaso zituen ikusleen aldetik.
Zorionak egindako bide ederragatik. Eta aurrera, jarrai entzuleen belarriak gozatzen!