Txistuaren soinuez, herri zubiak igande honetan Basteron

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko abe. 19a, 13:22

Igande honetan emanaldi berezia Basteron, eguerdiko 12:30ean hasita.

2015a urte berezia izaten ari da Andoainen eta baita 1615. urtean burujabetza lortu zuten beste zenbait herritan ere. Ekitaldi ugari izan dira urte osoan zehar, eta mendeurrenari amaiera emateko Olagain txistulari elkarteak Andoaingo Udalaren laguntzarekin Txistuaren soinuez, herri-zubiak” kontzertu berezia antolatu du igande honetarako. Olagain elkarteko txistulariek, Andoain bezala burujabetza lortu zuten beste herrietako txistulari eta musikariak gonbidatu dituzte Basterora. Gonbidapena onartu dute Alegia, Beasain, Aduna, Altzo, Amasa-Villabona, Zizurkil eta Urnietako txistulari eta musikariak. Guztiak ere Joxean Paskualen zuzendaritzapean arituko dira. Hauexek dira parte hartzaileak guztira: Alberto Agirre abesbatza, Alegiko Txintxarri abesbatza, Andoaingo Axeri dantza, Andoaingo erraldoi eta buruhaundiak, Andoaingo txalaparta eskola, Andoaingo Urki euskal dantza taldea, Beasaingo txistulariak eta Urnietako Txanbolin txistulari taldea. Haiekin batera Loatzo Musika Eskolako kideak: Amasa-Villabona, Aduna eta Zizurkilgo bibolin joleak, Aduna, Altzo, Amasa-Villabona eta Zizurkilgo txistulariak eta Amasa-Villabona eta Adunako trikitilariak. Musika festa horretan partaide izango dira honakoak ere: Asier Gerrero perkusiojolea, Ion Beloki eta Jon Eskudero bertsolariak, Jon Iraola albokaria, Edorta Setien, Aingeru Zabala, Oskar Zurdo, Mikel Arreondo eta Eugenio Delgadok osaturiko metal boskotea, Miren Mujika pianojolea eta Sarasola anaiak dultzaineroak.
Sarrerak salgai daude Bastero Kulturguneko leihatilan eta Kutxabanken zerbitzuen bidez 5 euroko prezioan.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!