Azoka Urnietan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko abe. 18a, 14:43

Urnietako Belaxen elkarteak antolatuta, datorren larunbatean, Gabonetako Market azokaren lehenengo edizioa egingo da Egape ikastolako pilotaleku estalian arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara. Azokaren eta elkarte antolatzailearen nondik norakoak azaldu dizkigute Belaxengo kide diren Axun Jauregi eta Enkarni Cuestak.

Nola eta zein helbururekin sortu zen Belaxen elkartea?
Enkarni Cuesta: Axun eta biok ibiltzen ginen hainbat azoketan gure lanak aurkeztuz, eta beste herritar batzurekin batera, erabaki genuen Urnietan ere artisauen elkarte bat sortzea merezi zuela, eta duela urtebetetik martxan gaude.
Axun Jauregi: Alde batetik, herriko artisauei ezugutzera emateko ate bat irekitzea litzateke, besteak beste, urtean zehar herrian bertan antolatzen ditugun azoken bitartez. Aurten, Gazte festetan eta Sanmieletan antolatu genituen, eta larunbatekoa izango da hirugarrena.

Nolakoa izan da herritarren erantzuna?
A. J. Saiatu izan gara egun eta ordutegi egokiak aukeratzen, baina jendeari asko kostatzen zaio postuetara hurbiltzea, beste herri batzuetan, guk egiten dugun lanari buruzko kuriositate handiagoa nabaritu izan dugu. Ibiliz egiten da bidea, eta espero dugu poliki-poliki hemen ere indarra hartzen joango dela.

Sortu litezkeen artisau berriei irekita al dago Belaxen elkartea?
E. C. Bai noski. Erabat irekita eta gure babesa eskaintzeko prest gaude Urnietan sortu litezkeen edozein motatako artisau berriei.

Zer osagai izango ditu azokak?
E. C. Artisautzari dagokionez, hamalau postu jarriko dira, horietatik bost Urnietan bertako artisauenak. Bigarren eskuko produktuekin zazpi postu osatuko ditugu; herriko dendariek beste hiru postu jarriko dituzte. Horrez gain, izango da txistorra, txokolate beroa, taloak eta abar. Umeentzako tailerrak ere jarriko ditugu.
A. J. Saiatu gara familia osoarentzako osagaiak izango dituen azoka bat antolatzen, eta espero dugu herritarren aldetik erantzun ona izango duela.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!