Merezitako omenaldia Jose Luis Etxeberriari

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko abe. 18a, 14:42

Pertsona zuzena, apala, eskuzabala, diziplinatua, tematia, txistulari eta kantari bikaina, euskal ohituren maitale eta sustatzailea... Definizio ugari aipatu zituzten Jose Luis Etxeberria omendua deskribatzeko, Olazabalen Bidea sari banaketa ekitaldian.

Bideoz egindako muntaian ikusi zenez, bere urtetako ekinak leku askotan utzi izan du arrastoa. Hainbat kultur eragilek zoriondu nahi izan zuten: Iñaki Zabaleta Andoango parrokiako erretoreak, Olagain txistulari elkarteak eta Ikastolako ikasle ohien txistulari taldeak, Andoaingo eta Adunako Axeri dantzako dantzariek, Ana Belen Garcia piano joleak, Alberto Agirre abesbatzak, Javier Hernandez Joxan Pascual musika zuzendariak, hain zuzen ere.
Etxeberriak Virginia Hernandez Andoaingo Caritaseko elkarteko presidentearen eskutik jaso zuen saria, eta segidan, Axeri dantzako bi dantzariek zortzikoa eskaini zioten Olagain txistulari elkarteko kideek lagunduta.
Etxeberriak egin zuen mintzaldian, Andoainen txistuak eta abesbatzak azken hamarkadetan egin duten ibilbidearei buruzko azalpenak eman zituen. Ez alferrik, bien sorkuntza eta garapena Etxeberriarekin lotuta baitoaz estu-estu. Pio eta Joxe Mari Huizi eta Joxe Goikoetxea izan zituen orduan ondoan, Udal txistularien banda zein Alberto Agirre abesbatza sortzeko. Ahaztu gabe bi ekimen emankor horien aurretik, Jose Antonio Zalakain, Jexus Mari Otamendi eta hirurak ikastolako haurrei txistua jotzen irakasten ibili zirela.
Saria eman bai, baina lanean ere jarri zuten emanaldian zehar, Alberto Agirre abesbatza zuzendu behar izan baitzuen “Bihotz bat” abestiarekin.
Olazabalen Bidean beste zenbait herrikide ere gogoan hartu zituzten. Bereziki aurten zendu den Jose Mari Olazabal. Olazabalen ibilbidea azaltzen zituzten argazkiak erakutsi ostean, Irene Arregi alargunak oroigarria jaso zuen; alabak, berriz, bertso batzuk eskaini zizkion aitari. Andoaingo Caritas elkartean urtetan boluntario izan ziren Patxi Irigoras, Joxepi Alduntzin, Jesus Mari Otamendi, Clemente Iurramendi eta Jose Mari Rubiñori esker ona adierazi zieten, pergamino berezia oparituz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!