Antzerki tailerra sortu zenetik, Agirregomezkorta izan da bertako zuzendaria, baina aurten beste proiektu batzuetan murgilduta denez, Kike Santiagok hartu du bere lekua. Emanaldiaren azken harimuturrak lotzen ari dira egunotan.
Aurten iritsi zara, nola aurkitu duzu taldea?
Kike Santiago. Hasteko, esan nahiko nuke niretzat pozgarria dela, herrian antzerki talde bat egotea, hori izan baitzen Sarobe eraikitzeko arrazoietako bat. Aurreko urteetan Mikelekin egin zituzten lan guztiak ikusi nituen eta pixka bat ezaguna nuen taldearen dinamika. Aktore guztien modura hauek ere beraien zailtasun pertsonalak badituzte, baina zailtasun horiekin lan egitea erraza suertatzen ari zait. Proposamen berriei irekita ikusten ditut eta horri esker iruditzen zait maila onera irits gintezkeela.
Nola diseinatu duzu ikasturtea?
K. S. Hiru etapa aurreikusi ditut. Lehenengoan aktoreen formazioan zentratuko naiz. Aktoreak erabiltzen duen erreminta, bere arima, bere emozioak dira, eta hori adierazteko, kontrolatu eta ezagutu behar duen gorputza dauka, emozio horiek ikusleengan proiektatzeko gaitasuna izateko. Geldirik egonagatik barrutik sentitzen ari den pertsonrengan majia dago. Beraz, lehen hiru hilabete hauetan gorputza landu dugu, akzio fisikoa, bakoitzaren historia pertsonaletik abiatuta. Bigarren hiruhilabetean, kaleko akzioa landuko dugu. Kalea hartu daiteke, akrobazia eginez, baina, baita ere, izkina batean gag sinple bat eginez. Guzti hori landuko dugu. Azken hiruhilabetean eszenaratzean zentratuko gara. Momentu honetan erabaki gabe daukat zer lan eskainiko dugun, baina, ikasturtean zehar sortzen den materialak zeresan handia izango du azken taularatze horretara iristeko prozesuan. Daukaten jarrerarekin esango nuke hurrengo bi faseak errazagoak egingo zaizkiela.
Zer ikusiko du ostiralean Sarobera hurbiltzen den ikusleak?
K. S. Ostiralean ikusiko dute, aktoreek majia sortzeko duten gaitasuna oso elementu gutxi erabiliz, adibidez, eszenografia, lurrean dauden egunkarien orriez osatutakoa izango da. Energia handiko taldea da. Horri esker, entsegu saio gutxirekin 45 minutu inguruko lan duin bat egitea lortu dugu. Baina, jakin behar dute ez dela ohiko emanaldia, baizik eta klase ireki bat. Aktoreekin egongo naiz, eta akast bat egiten den unean jendaurrean zuzenduko dugu naturaltasun osoarekin. Horrela, ikusleak ere pertsonaiak nola lantzen diren ikusteko aukera izango du.
Zein izango da ikuskizunaren haria?
K. S. Poema bana aukeratzeko eskatu nien, gizonezkoek emakume batek idatzitakoa eta emakumeek gizonezko batek idatzitakoa. Bakoitza iritsi zen berak aukeratutako poemarekin, eta errezitatzen hasi orduko moztu eta hankaz gora jartzen nituen, hasieran, beraiek ez zuten ezertxo ere ulertzen, baina, ikuspuntua aldatu zutenean oso modu naturalean joan da dena, eta poema guzti horien elkarlantzetik sortutakoa da ostiraleko ikuskizuna.
Zuzeneko musika ere izango da.
K. S. Bai, aktoreek aukeratu eta ekarri dituzten inguruko musikariak izango dira gurekin. Musikaren bitartez ikuskizuna indartu nahi dugu. Horretarako musikaria aktorearen zerbitzura jarriaz. Ez da ikuskizunerako propio sortutako musikarik izango, baizik eta, musikari bakoitzak egindako proposamenetik aukeratutako zatitxoak.
Ikuslearentzat ulerterreza izango al da?
K. S. Oso erraz sartuko da ikuskizunean. Posizio ezberdin batean aurkituko dituzte aktoreak, baina, ikuskizunak daukan presentzia eszenikoak eta indarrak segituan harrapatuko du ikuslea. Elkarri lotutako kuadro eszenikoz osatuta dago, baina, bakoitza banan bana hartuta, ulergarria, sinplea da. Narratiba ere oso ulerterreza dela esango nuke.