400 argazkien liburua aurkeztu zen joan den asteazkenean Basteron

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko abe. 18a, 14:10

"Andoaindar guztiok etxean eduki beharko genukeen altxorra, batez ere urtetan aurrera goazenontzat" Ana Carrere alkatearen hitzetan. Udal artxibategiko arduradunak diren Marta Trutxuelo eta Karmele Otaegik gidatu dute liburuaren osaketa, eta beraiek eman zituzten azalpenak.

BIDEOA

Irakurleak liburuan zer aurkituko duten aipatu zuten: "Andoaingo eta andoaindarren irudiak biltzen ditu liburuak. Besteak beste, Andoainen desagertu diren eraikuntzak, itxuraz aldatu diren lekuak, edo eta, egungo Andoainekin zerikusirik ez duten aintzinako irudiak. Halaber, andoaindarrak ageri dira, gizarte edo kultur mailan nabarmendu zirenak edo eta ez hain ezagunak". Liburuaren egitura sistema misto batera makurtu dela aitortu zuten: "Andoaingo geografian zehar ibilbidea egiten da, eta horri eransten zaizkio gertakizunak, ekitaldiak, jaiak.... ".

Azken batean, atzoko eta gaurko Andoaini begiratua ematen zaio, atzoko eta gaurko gertakizunak hartzen ditu kontuan, eta bizi izan ziren andoaindarren eta bizi diren andoaindarren ospakizunei protagonismoa ematen zaie.Liburuak, aldi berean, Andoaingo baserri askoren irudiak jarri ditu ikusgai. Makina bat argazkilarien argazkiez josi da liburua, eta horiek gogoan eduki zituzten aurkezpen ekitaldian Trutxuelok eta Otaegik. Batez ere, argazkigintza profesio hartu zituzten aitzindariak. Besteak beste: Etxeberria, Truchuelo, Moises, Leitzaran, Etxarri, Unanue, Bikoitz...Udal artxibategiko argazkiak jasotzen ditu liburuak batez ere. Nolanahi ere, bilduma osatzeko herriko hainbat elkarte eta gizabanakoek utzitako argazkiez baliatu da; alde horretatik, denen eskuzabaltasuna eskertu zuten, argazkiak uzteaz gainera lekuak kokatzeko eta pertsonak identifikatzeko garaian emandako informazioagatik.

Liburuak ezustekoren bat ere badakarrela adierazi zuten Trutxuelo eta Otaegik. "Bideoak eta musika nagusi diren garai teknologiakoan bizi gara, eta interesgarria iruditu zaigu irudiei efektu bereziak eranstea. Horrela, errealitate areagotuari esker, zenbait argazkietan, musika eta irudi gehiago ikusi ahal izango da. Horretarako, geure telefono mugikorra, tableta edo ipad-ean CLICKar izeneko programa deskargatu beharko da, liburuko argazki hori eskaneatzeko". Liburua 20 eurotan jarri da salgai.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!