Herriaren goilara liburuaren aurkezpen eta festa arrakastatsua

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko abe. 18a, 13:12

Atzo arratsaldean, Villabonako Udalaren babesean, Bea Medrano, Javi Rivero, Eneko Amondarain eta Ainhoa Arozenak osatutako 'Herriaren goilara' liburua aurkeztu zen, arrakasta handiz, Berdura plazan. Urte eta erdiko bidean Amasa eta Villabonako sukalde ezberdinetan jasotako gastronomia historia zatiak eta plater goxoen errezetak biltzen ditu liburuak 118 orritan barrena. Kronika:

Argazkiak

Jende asko gerturatu zen atzokoan liburuaren aurkezpenera. Dudarik ez, ekimena herritarrengana iritsi da eta gogotsu sumatzen zen jendea. Oso giro polita sortu zen Berdura plazan. Joxean Cubero (kultur teknikariak), Nora Urbizu (ekimena abian jarri zenean kultur zinegotzia zenak), Iban Agirre (alkateak) eta liburuko egileek (Javi, Ainhoa, Bea eta Eneko) osatu zuten aurkezpen mahaia eta egitasmoaren abiapuntutik bukaerara arte emandako pausoen berri azaldu zuten bertan. Besteak beste, liburua gastronomiatik haratago iritsi dela aipatu zen, herritarren arteko harreman-sare polita sortu baita bide honetan guztian zehar. Herritik eta herriarentzat osatutako proiektua zela nabarmendu zen; herritarrek, herritarren laguntzarekin eginikoa eta herriaren historia zati baten ispilu dena.

Eskerren tartean, besteak beste, liburuan parte hartu duten herritar eta sukaldariei haien parte hartzea eskertu zitzaien bereziki, baita liburua osatzeko batean eta bestean laguntzaile izan diren informatzaileei edota ekimena diruz lagundu duen Udalari ere. Izugarrizko arrakasta izan zuen liburuak eta 500 aleko tiradatik, erdiak baino gehiago saldu ziren atzokoan. Gaurtik aurrera, Basajaun eta Kazetaria liburu-dendatan eskura daitezke, 10 eurotan.

Liburuaren aurkezpenaren ostean, I. Argazki rally gastronomikoaren sari-ematea egin zen. Ia 200 argazki jaso dira lehen edizioan; oso kalitate onekoak asko, alaiak, barregarriak... Denetarikoak. Egoitz Bengoetxea argazkilariak, Joxean Cubero kultur teknikariak eta Herriaren goilara ekimeneko kideek osatu zuten epaimahaia eta saria Iker Zaldua herritarraren txokolatezko talo goxoaren argazkiari ematea erabaki zuten. Argazki dotore bezain indartsua. Ikerrek Berdura plazan bertan jaso zuen saria: liburuaren ale bat, Itzalpe jatetxean bi lagunentzako afaria eta Jon Iñaki Ormazabal eskulturgile billabonatarrak eginiko eskultura ederra. Pozarren agertu zen Iker, halako ekimen batean parte hartzen duen lehen aldia izanik, sorpresaz eta ilusioz jaso baitzuen deia. Saria jaso ostean adierazi zuenez, familiartean urtero egiten dute talo-jatea eta 2013 urtean ateratako argazkia bidali zuen lehiaketara. Rallyra aurkeztutako argazkien nahiz liburua osatzeko prozesuaren argazki proiekzioa eskaini zen ekitaldiak iraun zuen bitartean.

Ekitaldiari amaiera emateko pintxo-pote herrikoia antolatu zen, Berdura plaza taberna-jatetxe bihurtuz. Dudarik gabe aipamen berezia merezi du. Javi eta Enekok, Ongi Etorri jatetxeko Lazkano ahizpen laguntzarekin, liburuan ageri diren lau plater aurreratu zituzten Behar Zana elkartean bezperan: Izkiñako txanpinoiak saltsan, Ongi Etorriko arrain zopa, Eusebio Ugartemendia sukldariaren bakailaoa ajoarrieroan eta Arantzabiko plater entzutetsuena, ahatea laranja erara. Bada, egunean bertan, profesionalen pare goxatu eta zerbitzatu zituzten Javi eta Enekoren Basque Cullynari Centerreko ikaskide eta lagunek, pintxo formatu dotorean. Ehundaka pintxo ziren, baina guzti-guztiak amaitu ziren. Ez zen han arrastorik ere geratu. Aho zapore gozoz etxeratu ziren antolatzaile, parte hartzaile eta herritarrak.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!