Haritz eta Unai, txapelketaz eta Ilunbeko finalaz

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko urt. 27a, 01:00

Haritz Mujika eta Unai Mendizabal Asteasu eta Zizurkilgo bertsolariek paper ona bete dute txapelketaren baitan. Ilunbeko finalaren atarian hitza hartu dute.

Zein irakurketa egiten duzue Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako zuen lehen parte hartzeaz? Zer nolako esperientzia izan da zuentzat?

Haritz: Irakurketa positiboa. Nahiko estu eta larri hasi ginen biok ere udaberriko lehen saioan. Bigarren saioan lortu genuen buelta ematea eta suertez edo merito propioz udazkeneko fasera pasatzeko aukera izan genuen. Udazkenekoa, lehia baino gehiago, esperientzia bezala hartu nuen nik behintzat. Banuen udazkenera pasatzeko helburua, baina behin iritsitakoan, erlaxatu egin nintzen zertxobait udatik bueltan. Itzulera hark ez ninduen nahi nukeen puntuan harrapatu. Maila hobea eman nezakeen arren, udazkenean ere nahiko saio txukuna egin nuen.

Unai: Irakurketa oso positiboa. Udaberriko lehen saioa kazkarra egin nuen, baina bigarren saioan buelta eman eta hala, txapelketaren hasieran nuen helburua betetzat jo nuen; udaberriko langa pasa eta udazkenekora sailkatzea, alegia. Udako deskantsuaren ondoren, udazkeneko saiorako hilabete falta zela-edo hasi ginen entrenamenduetarako maizago elkartzen eta, nigan, nire bertsokeran eta bertso mailan eragin handia izan zuen. Hobekuntza nabaritu nuen: bai bertsoak abesteko erraztasunean eta baita kalitatean ere, nik uste. Udazkeneko fasean Azpeitian kantatzea egokitu zitzaidan. Saioa bera oso ona atera zen eta ni ere oso gustura geratu nintzen egindakoarekin. Bertsotan  gehiago egiterik ez daukadala uste dut.
 

Zu Unai, finalaurrekoen atarian geratu zinen. Baina oso txapelketa dotorea eginda...

U.: Finalerdietara sailkatu ezinik geratu nintzen, azkenarekin, Mikel Artolarekin berdinduta; biok 480 punturekin. Jendea kontsolatu nahian gerturatzen zitzaidan, baina nigatik penik ez izateko esaten nien, momentuan behintzat batere penarik ez neukalako eta are gutxiago, Artolarekin, bertsoak eman didan lagun onenetako batekin berdinduta. Antzuolako udaberriko lehen saioa kazkarra eginagatik, ondorengoetan, bai Ataunen, bai Azpeitian eta bai Eskoriatzan nire maila eman dudalakoan nago eta taulatu gainean nire kolorea utzi dudala uste dut. Oso gustura nago horrekin.

 

Zure bertsotarako freskotasuna eta umorea nabarmendu dira behin baino gehiagotan txapelketan zehar...

U.: Bakoitzak bere estiloa, gaiei eusteko modua edota esateko modua dauka. Ni ez naiz eroso sentitzen gaiei modu sakonean heltzen edo arrazoi potoloak bilatzen. Ondorioz, ahal dudala, nire terrenora eramaten dut gaia, arinetik hartzen saiatuz eta publikoari hurbilen egingo zaion egoeratan sartuz. Eta ahal dela, umore puntua emanaz, batez ere kartzelako lanetan.

 

Zu, Haritz, final laurdenen atarian geratu zinen, baina bertsotan ondo eginda...

H.: Final zortzirenetan kantatu nuen eta final laurdenetara pasatzeko sei puntura geratu nintzen. Beasainen abestuta, azken-azkena geratzeko beldurra nuen, baina ez zen halakorik gertatu. Eusten eta eusten aritu nintzen, bertsoaldiren batean goia jotzea espero nuen, baina ez zen posible izan. Bertsoaldi gogoangarririk ez utzi izanaren penarekin geratu nintzen, baina gainerakoan, nahikoa gustura. Abuztuaren bukaeran Lizardi sariketa izan nuen eta ez dakit horrek zenbaterainoko onura egin zidan. Lizardi txapelketako finaleko euforiaren ondoren, gero agian zertxobait lasaitu egin bainintzen. Neke pixka batekin eutsi nion Gipuzkoako udazkeneko faseari. Oraindik ere freskotasuna hartzen kostatzen ari zait eta nahiko isilik daramatzat azken hiru hilabete hauek. Pixkanaka berriz ere martxa hartzea espero dut.

 

Lizardi bertso txapelketako irabazlea izan zara aurten. Ez da lorpen makala hori ere!

H.: Bai, suertea izan genuen han. Kanporaketan oso gustura sentitu nintzen. Oihana Iguaran ondoan nuen eta alboan gertukoren bat izateak asko laguntzen dit niri. Saiora lagunen batekin joaten naizenean jarrera desberdinarekin joaten naizela konturatuta nago. Oihana eta biok elkarri lagunduz aritu ginen animikoki behintzat eta oso eroso sentitu nintzen. Jendearengana lehenengo agurretik iritsi nintzela sentitu nuen eta horrek beti ematen du bultzakada. Gustura aritu nintzen eta etxera ekarri nuen txapela.

 

Zuk Unai, Mallabian gazte sariketako finalean abestu berri duzu. Txapeldun izan zara. Zorionak!

U.: Aurten lehenengoz, Mallabiako gazte talde batek gazte sariketa antolatu du. Denera zortzi bertsolarik hartu genuen parte eta lau bertsolariko bi kanporaketa jokatu dira, bertso afari formatuan. Saio bakoitzeko laukotetik bi finalera pasa ziren eta tartean ginen Ane Labaka, Maider Arregi, Aitor Salegi eta laurok. Publikoak eman zuen epaia eta saio gehiena umoretik joan zenez, besteen aldean irabazten atera nintzen. Botorik gehien jaso nuen eta txapeldun atera nintzen.

 

Urteberriarekin batera, Tolosan ariko zara bide luzeko bertsolariekin batera...

U.: Tolosaldeko Atariatik deitu zidaten Leidorko urteroko saioan kantatuko ote nuen galdezka. Agian gure neurriko zapatilla ez den arren, ea zer moduz moldatzen garen. Esperimentu bezala hartuko dut neronek ere. Txapelketan egin dugun lan horren guztiaren saria izango da saioa eta ea zerbait polita egiteko gai garen!

 

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren bezperatan, nola aurreikusten duzue finala?

U.: Izen batzuk betiko samarrak izango zirela aurreikusten genuen, baina matematikek finalerako zortzi izen behar direla esaten dute eta bi edo hiru izen berriak izango zirela sumatzen genuen; arnasberritutako finala izango zela aurtengoa. Eta halaxe izan da. Jende askok Oihana Iguaran bertan izatea sorpresa bezala hartuko zuen, baina ikusten zen. Txapelketan zehar oso ondo eta erregular aritu da bertsotan eta txapelketa erregulartasunaren froga bat da, azken batean. Gure taldean behintzat, goraino iristeko hautagai zuzena geneukan. Finalera iristea ez genuen espero agian, baino bagenekien aukerak bazituela. Besteei dagokionez, badaude faborito batzuk, baina orain arte bezala, edozer gauza gerta daiteke. Oso irekita ikusten dut aurtengo finala.

H.: Finalaren barruan espero genituen bertsolari batzuk kanpoan geratu dira, baita norbait finalaurrekoetatik kanpo ere. Aurten bi aurpegi berri izango dira finalean. Oihana eta Arkaitz Oiartzabal ‘Xamoa'rena sorpresa izan da batetik, baina bestetik, Unaik esan duen bezala, espero zitekeen. Azken batean, udaberritik txapelketaren jarraipena eginez gero, hautagai zuzenak ez baziren ere, oso posibleak ziren. Oihanak oso lan ona egin du eta, lehenik, zoriondu egin behar da egin duen lan guztiaz gain, lan hori txapelketan isladatzeko gai izan delako. Finalari begira, betiko aurpegi batzuk ere badauden arren, oro har, nahikoa final gaztea izango da. Bi neska daudela ere azpimarratzekoa da, azken urte luzeetan ez baitzuten bi neskek batera kantatu final batean. Faboritoen artean, Beñat Gaztelumendi eta Alaia Martin aipatzen dira, baina Agin Laburuk eguna badu ez da atzera geratuko; Unai Agirrek Tolosan egin zuen saioa finalean egiten badu, ez dio inork txapelik kenduko; Jon Maiak ere ez du orain arte eman dezakeen maila gorenik eman eta Euskal Herriko Txapelketan hirugarren geratu zen aldetik eta nahikoa erakutsita badaukanez, eguna egokitzen bazaio, edozer gerta daiteke. Nire uste apalean, txapelaren lehia urrutixeagotik ikusiko dute Oihanak, Xamoak eta Iñaki Apalategik, baina beste guztiak txapelari begira joango dira finalera.

 

Finalera!

Abenduaren 10ean, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren baitan, larunbatean Ilunbeko finalean abestuko duten bertsolarien aurkezpena egin zen Ilunben bertan. Hantxe zen Oihana Iguaran amasarra eta finalera iriste hutsa beretzat oso pozgarria izan dela adierazi zuen, Tolosako plaza, bere "bizitzako plaza" bezala definitzearekin batera. Bada, larunbatean, inoiz ez bezala, plaza handiago batean bertsotan aritzeko abagunea edukiko du. "Alde batetik, erronka bat da, baina bestetik, ez daukat ezer galtzeko; beraz, gozatzeko plaza izango da. Nire lekuan mantentzen saiatuko naiz eta, ahal dela, zerbait berezia eskainiko dut", azaldu zuen. Zorte on!

 

Finala larunbatean

Ilunbe (Donostia). 17:00etan. Ateak 15:30etan irekiko dira.

Sarrerak: www.bertsosarrerak.eus

Bertsolariak: Agin Laburu, Alaia Martin, Arkaitz Oiartzabal ‘Xamoa', Beñat Gaztelumendi, Iñaki Apalategi, Jon Maia, Oihana Iguaran eta Unai Agirre.

Aurkezleak: Ion Garmendia eta Saroi Jauregi. Epaileak: Sei laguneko taldea, tartean Zigor Leunda billabonatarra.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!