Asteko egutegia tetris baten antzera osatu eta batetik bestera ibiltzen da Maddi astelehenetik igandera. Ikastolaz gain, Lorratzak taldeko entseguak, abesbatza, biolineko klaseak eta ingeleseko irakasle lanak egin behar izaten ditu. Horrez gain, ahal duenetan, DYAn bolondres bezala aritzen da, Larraulgo eta Andoaingo ekintza anitzetan parte hartzen du, eta idaztea eta palan jokatzea gustatzen zaio.
Musikazale amorratua da txikitatik; haurra zela, aitari so geratzen baitzitzaion gitarra jotzen zionean. “Etxean jasotakoagatik naiz horren musikazale gaur egun”, aitortu du. 7 urterekin hasi zen biolina jotzen eta 2011n, Euskadiko Ikasleen Orkestra Gaztean parte hartzea lortu zuen. Esperientzia bikaina izan zela gogoratu du: “Musika sortu ahal izateko eta belarria lantzeko aukera eman zidan orkestrak. Urte hauetan guztietan musikari bezala trebatu naiz eta horrek musika konposatzeko erraztasuna eman dit”.
Biolina bizkarrean hartuta ezagutuko dute askok Maddi, baina biolinaz gain, gitarra eta teklatua ere baditu eta horiek tarteka jotzea gustatzen zaio. Gitarra maiz jotzen duela dio, etxean biolina baino nahiago izaten duelako: “Biolinak esfortzu handiagoa eskatzen dit. Teknikoki oso maila ezberdinak dira eta gitarra gusturago jotzen dut, abesteko aukera ere ematen didalako”. Teklatua jotzen bere kabuz ikasi du, aitaren liburuetatik. Hori gutxi ez eta bere ametsetako bat tronboia jotzen ikastea dela adierazi du; oraindik horretarako denborarik hartu ez duen arren, etorkizunean jotzea asko gustatuko litzaioke: “Ez dut tronboirik eskura, eta denborarik ere ez; baina iritsiko da eguna”.
Lorratzak taldean gustura
Euskarako irakale den Josu Lekuonari zor diote Lorratzak taldearen sorrera Maddi Etxeberria, Garazi Jauregi, Malen Otxoa eta Rebeka Gestosok. Euskararen eguneko saiotxo batetik hasita, pixkanaka, urteroko ohitura bihurtu zuten, taldea egonkortzeraino. “Garai hartan ez genuen pentsatu ere egiten orain arteko ibilbidea egingo genuenik”, azaldu du Maddik.
Ibibide horretan, musikari bakoitzak pertsonalki eta musikalki hobetu duela uste du. “Batez ere, norberak bere tokia aurkitu du taldean”. Gainera, taldekideek musika instrumentuekiko duten zaletasunak eta gaitasunak, musika estiloan aniztasun handiagoa izatea ahalbidetzen dietela dio: “Oinarrian gitarra eta biolina jotzen baditugu ere, Rebekak ukelelea jotzen du, nik gitarra ere hartzen dut, Malen txeloa ikasten ari da…”.
Gainera, Andoainera mugatu ordez, inguruko herrietara ere joaten hasi dira. Pixkanaka-pixkanaka eskualdean eta Euskal Herri mailan ezagutara ematen ari dira: “Badakigu oraindik ez garela ospetsuak eta gure gertuko jendea etortzen dela kontzertuetara. Baina gutxinaka zabaltzen eta talde bezala formatzen ari gara”.
Medikuntza alternatiboan trebea
Makrobiotikak erakarrita, medikuntza alternatibotik bideratu nahi du bere etorkizun profesionala. Hala, orain makrobiotikako formazio bat egin ari da Egoitz Garrorekin eta, datorren urtean, Giza Nutrizioko eta Dietetikako Gradua ikasten hasiko da Gasteizen, Euskal Herriko Unibertsitatean.
Gai honetan duen ezagutzaz baliatuz, Larraulgo Kultur Astean tailer makrobiotikoa eskaini zuen. Bertan, afari makrobiotikoa prestatu zuen: porru eta kalabazin krema, batetik, eta berdurekin egindako krepak, bestetik.
Sormena landuz
Musika konposatzeaz gain, bertsogintzan aritzea eta idaztea atsegin du. Buruari eraginez eta bere hausnarketei tokia utziz, “Izanaren itzalak” izeneko bloga elikatzen du. Gainera, ipuin lehiaketetan parte hartzen du eta, harrigarria bada ere, Martin Ugalde lehiaketan, bere kategoriako sari guztiak irabazi ditu. “Horrek idazten jarraitzeko gogoa pizten dit”, adierazi du.
Bertsogintza ere gustuko du larrauldarrak, betidanik gustatu izan baitzaio bertsoak idaztea. Behin, bat-batean aritzeko proposatu eta bi aldiz pentsatu gabe onartu zuen eskaera. “Inoiz bat-batean egin gabe ausartu nintzen eskolartekoan parte hartzera, eta ordutik, gustura aritu izan naiz; batez ere, pasa den urtean Harituzek antolatutako herriartekoan. Ez genuen irabazi baina nire burua nahiko ondo ikusi nuen”, azpimarratu du. Orain, ordea, ez du lehen bezainbesteko gogorik bertsotan aritzeko eta alde batera utzita dauka. Sortzetik entzutera igaro da eta gertutik jarraitu du, adibidez, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa.
Andoaingo herri giroan
Larrauldarra izan arren, Andoainen igarotzen du eguna eta bertako herritar asko baino “aktiboagoa” dela esan daiteke, ahal duen ekintza guztietan egoten baita presente. Andoaingo Guduaren antzezpenean, Axeri dantzan, Udalak antolatutako prozesu parte hartzaileetan, eta oro har, herri mailan antolatzen diren ekimen anitzetan hartzen du parte. Bestalde, Lorratzak talde bezala, ekitaldi askotan egokitu izan zaio musika jotzea. “Nire denbora librea horrelako ekintzetan igarotzen dut. Herri giroan sartzea gustatzen zait, jendearekin erlazionatzeko modu polita delako”, azpimarratu du.
Erronkak aurrera begira
Geldirik egon nahi ez duen gazte batek, ehunka proiektu eta amets izaten ditu buruan. Maddiren kasuan, musikari bezala gozatzen jarraitu nahi du, eta horren bidez, jende eta leku berriak ezagutzea da bere asmoa. Batez ere, jendeak Lorratzak taldearen musika ezagutzea espero du. Gainera, dietetika ikasketak eginda, bere kontsulta propioa irekitzea gustatuko litzaioke. Bertsolaritzari dagokionez, ez dela “bertsolari izateko jaio” dio. Beraz, gai-jartzaile edo epaile bezala ikusten du bere burua. Azkenik, Andoainen eta Larraulen antolatzen diren herri mailako ekintzetan parte hartzen jarraituko duela ziur dago.
Dena den, badu erronka handi bat: zaletasun eta amets hauekin guztiekin jarraitzea. Datorren urtean ikasketak Gasteizen egin behar dituenez, aste osoa bertan igaroko du eta zaila ikusten du orain arteko guztiarekin jarraitzea: “Aste osoa bertan pasata, eskolaz kanpoko ekintzak utzi eta hasieratik antolatu beharko dut; taldearekin entseatzeko moldatu beharko dut.. Baina, ahal dudala, zaletasun horiekin guztiekin jarraitu nahi dut”.
Lorratzak taldearen lehen diska bidean
Lorratzak taldeak lehen diska kaleratuko du udaberri aldera: “Oinutsik”. Urrian grabatu zuten Lekeitioko Musikorta estudioan, Xabi Navarro “Jota”-rekin. 8 abestiz osatuta dago; horietatik 6 beraienak eta 2 bertsioak izanik. Taldekideez gain, Aitor Ibargurenek parte hartu du, gitarrarekin punteoak eginez borobildu baititu kantuak.
Esperientzia oso positiboa izan zela dio: “Rebekak bazuen aurretik grabaketetan esperientzia, baina gainontzekoentzat lehen aldia izan zen. Erabat berria zen guztia; bizitakoarekin eta emaitzarekin oso gustura geratu ginen”. Gainera, diskoak taldeari “egonkortasuna eta profesionaltasuna” emango dizkiola uste du. Fisikoki kaleratu baino lehen, interneten egongo da eskuragarri.
Sari bat baino gehiago
Martin Ugalde Ipuin Lehiaketako lehen bi sariak irabazi zituen Maddi Etxeberriak, pasa den azaroan. 16-17 urte bitartekoei zuzendutako D kategoriako sari guztiak bereganatu zituen; lehen saria “Sentitzen zaitut” lanarekin eta bigarrena “Hesitutako ametsak” izeneko ipuinarekin. “Lehenengoa, mutil bati zuzendutako gutun bat zen, eta bigarrena, siriar errefuxiatu baten bidaiaren amaiera”, azaldu du. Oso pozik hartu zuen berria; bi sariak irabazteaz gain, aipamen berezia ere lortu zuelako.