Zubimusu ikastola, etorkizunera begira

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko abe. 17a, 14:46

1965 ikasturtean abiatu zuen bere bidea Amasa-Villabona-Zizurkilgo ikastolak. 50 urte bete ditu dagoeneko eta mende erdi ospatzeko ekimenak abian dira.

Ikastolaren 50. urteurrena ospatzeko, Xabi Zubeldia Zubimusuko irakasle eta musikariak abestia sortu du Zubimusu ikastolarentzat, Amaia Agirre bertsolariak eginiko hitzekin. Abenduaren 19an abesti horren eta bideokliparen aurkezpena izango da Olaederra kiroldegian 19:00etatik aurrera. Bideoklipean Amasa-Villabona nahiz Zizurkilgo talde eta elkarte ezberdinek hartu dute parte, ikastolako ikasle, irakasle eta gurasoekin batera. Villabonako errebote jokoari keinua egiten zaio abestiaren hasieran eta Behar Zana pilota taldeko kideen laguntzaz grabatu dira pilotak botarria jotzean ateratzen duen hotsa.
Kantu nahiz bideokliparen aurkezpena, gerturatu nahi duen orori irekia da. Lehen festa giroko jaialdi honen ondoren, ekitaldi gehiago etorriko da urteurrenaren harira.

EKI proiektua
Azken urte hauetan berrikuntza ugari izan du Villabonako ikastolak: kooperatiba bihurtu eta horrekin batera izena aldatu, EKI proiektua abian jarri… Nerea Zumeaga Zubimusuko zuzendari gerentea eta Ana Santamaria zuzendari pedagogikoa bat etorri dira EKI  proiektua dela azken urteetan ikastolak abian jarri duen lorpenik handiena esaterakoan, “izugarrizko esfortzua da, formazioa eta metodologia guztiz berritzea eskatzen baitu. Ikasle, irakasle nahiz gurasoentzat aldaketa handia da. Sistema berritzaile honetan edukiek ez dute hainbesteko pisurik, konpetentziek baizik. Helburua ez da ikasgaiak buruz ikastea, eduki horiek bizitza errealean aplikatzen jakitea baizik. Ikasteko modua beste bat da, praktikotasunean oinarritutakoa”, adierazi du Anak.
Beste jauzi garrantzitsua, EKI dijitala da Nerearen ustez, “DBH3tik aurrera, ikasleek libururik gabe egiten baitute lan. Aurten DBH3ko ikasleak ari dira Chromebook bidez lanean eta hurrengo urtean 3 eta 4. mailakoak arituko dira”. Metodologia hori orain mailaz goruntz doan bezala, denborarekin jaisten hasiko da lehen hezkuntzako umeenganaino. Bestalde, hurrengo urteari begira, Zubimusun DBH ikasteko aukera bailarara zabaldu nahi dutela jakinarazi dute, “inguruko herrietako gazteek ikastolara etortzeko aukera izan dezaten, autobusak jarri nahi ditugu. Bailarako ikastola bakarra gara eta eredu hori ere hor dagoela erakutsi nahi dugu. Nahi duenari Zubimusura etortzeko aukera eskainiz”.

Eraikin bateratu berria
Pedagokikoki ez ezik, Zubimusu ikastolara instalakuntzei begira ere aldaketa handiak datozela iragarri dute Anak eta Nereak. “Kooperatiba izateak dirulaguntzak jasotzeko aukera bermatzen digu eta, esaterako, Txermingo ikastolan egin ditugun komunen berrikuntzak Eusko Jaurlaritzatik jasotako dirulaguntzei esker egin ditugu hein handi batean”. Kalitatezko hezkuntza eskaini nahi dutela diote, zentzu guztietan. “Gure lehenengo helburua ikasleen segurtasuna bermatzea da, baina hortik aurrera jo nahi dugu”.
Udalaren laguntzarekin, Gabon hauetan Txermingo ikastolako jolastokia berrituko dute eta baratzea jartzeko asmotan dira. Karabeleko elkarteko kideei aholkua eskatu diete produktu ekologikoekin baratzea osatzeko. Jolastokia, berriz, lehengoa baino handixeagoa izango da, haur hezkuntzako ikasleei begira, aurrekoak baino elementu gehiago izango dituena. “Komunak eta jolastokia berrituta, larrialdi irteera egokituta, Txermingo ikastola ondo geratzen zaigu, segurtasun aldetik eskakizun guztiak beteta. Zizurkilen ere berrikuntza batzuk egin behar ditugu, baina Zentroko eraikina egokitzea da zailena, berritu arren, bere mugak baititu”. Ikastolak luzerako ikuspegia behar duen iritzikoak dira eta anbiziotsuak izan behar dutela uste dute. Eraikin bateratu berri bat lortu nahi dute etorkizunera begira eta horretarako bideak irekitzeko asmoz ari dira lanean. “Orain 50 urte guraso batzuen indarrarekin sortu zen ikastola eta datozenengandik, herriak nahiz bailarak merezi dutelako egin nahi dugu esfortzu hori. Zubimusu ikastola bateratuta, eraikin berri batean bilduta ikusten dugu etorkizunean”, adierazi dute Anak eta Nereak.

Kilometroak festarako eskaera
Helburu hori gogoan, urtarrilean berriz ere, 2018 urtean Kilometroak festa Amasa-Villabona eta Zizurkil herrien artean egitea eskatu behar dute. “Kilometroak festak helburu ekonomikoa badu, baina baita helburu soziala ere. Herri eta bailara mailan sortzen duen kohesioa bilatzen dugu, halako festa batek asko lotzen baitu. Villabonan ez da sekula Kilometroak festa egin eta oraintxe da gure momentua”, adierazi du Nereak. Martxoaren amaieran jakingo dute erantzuna. Zubimusuko arduradunen esanetan, “50. urteurrena ixteko amaiera ezinhobea litzateke Amasa-Villabona-Zizurkil 2018an Kilometroak festa egiteko aukeratua izan dela jakitea”.

Zubimusu ikastolaren abestiaren egileak
  • Musika: Xabi Zubeldia.
  • Abeslariak: Nerea Oiarzabal (ikasle ohia), Sara Iriarte (ikaslea), Juanpa Agirre (Akelarre taldea).
  • Letra: Amaia Agirre.
  • Grabaketa: Joxe Mendizabalen estudioa.
  • Parte hartzaileak: Ikastolako kideak eta herriko talde eta elkarteak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!