Emakume izatearen zama kirolean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko abe. 18a, 01:00

Neska, kirola egiten hasi nahi duzu? mahai-ingurua egin zuten abenduaren 11n, Atxulondon. Neska gazteak izan ziren bertaratutako gehienak.

Ez da aztia izan behar emakumeek eta gizonek kirola ez dutela neurri berean, ez modu berean egiten konturatzeko. Ezta elite mailan ere. Mendian gora lasterka doanaren, konzentrazio osoz pisua altxatzen duenaren, pilotari palarekin ematen dionaren edota korrika dabilen lasterkariaren indarra eta kemenak pisu handiagoa hartzen du emakumeen kasuan. Lurdes Gorostegi, Maitane Aburuza, Nagore Iraola eta Aitziber Ibarbia, emakume kirolariak dira, emakume izateak dakarren pisu osoarekin.
Amaia Agirrek gidatu zuen Kirol Astearen baitako mahai-inguruan, eliteko kirolari izatearen alderdi onak eta ez hain onak azaldu zituzten. Neska, kirola egiten hasi nahi duzu? izenpean, gaztetxoei kirola egitera animatzeko saiakera egin zuten; esperientziaren berri emanez, mahai-ingurura bertaratutako neskei kirolerako harra piztea izan baitzen helburua.  

Alderdi gaziak
Eliteko emakumeen ikusgarritasuna nolakoa den ezagutzeko, aski da Googlen beraien izena jarri eta zenbat albiste ateratzen diren zenbatzea. Beraien elite mailako markak ezagutzea ere nahiko zail suerta daiteke, esku batekin zenba baitaitezke komunikabideetan eskaini dituzten elkarrizketak. Hala, aparteko zama hori nola bizitu duten kontatu zuten.
Maitane Aburuzaren kasuan, esku pilota gustatuta, palan jokatzera pasa behar izan zuen 11 urterekin, mutilek baino indar gutxiago zuelako. Frontoian arrotz sentitu izan da batzuetan emakume izateagatik: “Zenbait partidatan isekak entzuten nituen; emakumea nintzela eta ea zer ari nintzen mutilen aurka jokatzen zioten. Pena ematen nien. Irabazten nienetan, ordea, harrituta eta burumakur geratzen ziren”.
Halterofilia ere gizonekin lotu izan den kirola dela azaldu zuen Lurdesek; indarra behar den kirola denez, gizarteak ez duela emakumeekin lotzen. Gainera, emaitza oso onak lortuta ere, ez zituzten emaitza horiek medioek zabaltzen zituztenik ikusten. “Inork ez zuen gure emaitzen berri izaten eta urte askotan amorrua sentitu izan dut”, gogoratu zuen. Futbolari “nazka” hartzera ere iritsi izan da, medioek halterofiliako emakumeen emaitza onak argitaratu ordez, kirolarien lesioak eta txikikeriak kontatzen zituztelako.  
Dena den, atletismoan ez du arazorik bizitu Nagorek, ez eta Aitziberrek ere. Pixkanaka aurrerapausoak ematen ari direla uste dute. Mendi lasterketetako sariak, esaterako, kopuru berekoak izan ohi dira gizon eta emakumeentzat. Amatasunak ez du oztoporik izan lau kirolari hauen kasuan. “Kirolaren eta bakoitzaren nahiaren arabera, uztartu daitekeela ikusi dut”, adierazi zuen Lurdesek.  

Merezi du
Kirol ibilbidean momentu errazago eta zailagoak izan dituzten arren, laurak oso pozik agertu ziren izan dituzten esperientziekin. Are gehiago, bertaratutako gazte guztiei kirola egiteko gonbitea luzatu zieten. Izan ere, kirola beren “bizitzako oparia” izan da. Lurdesek azaldu zuenez, maila pertsonalean, kirolak asko ematen du, nahi dituzun markak lortzen direnean, batez ere: “Kirola gozatzeko egiten hasi behar da, baina bideak lehiatzera eramaten bazaitu, erronkak gainditzeak poz handia eta betetasuna ematen du”. Norbera ez ezik, ingurukoak ere poztu egiten direla esan zuen Aitziberrek. Gainera, gauzak ondo joaten direnean, emaitza onek kirolerako harra are gehiago pizten duela azpimarratu zuen Nagorek.
Atzera begira jarrita, harro daude egin duten ibilbideaz eta ez lukete erabakirik aldatuko. Gaur egun ere sentsazio ona ematen die kirola egiteak, eta horixe probatzea gonbidatu zituzten bertaratutakoak. Beraien burua ezagutzeko, barruarekin konektatzeko eta autoestima indartzeko balioko diela nabarmendu zuten.

Urrats txikietatik elitera
Aitziber Ibarbia atletismoan hasi zen 9 urterekin, arrazoi zehatzik izan gabe. “Hasteko zergatia ez dakidan arren, badakit zergatik jarraitu nuen; izugarri disfrutatzen nuelako kirola egiten”, aitortu zuen. Ez du inoiz bide hori eteteko asmorik izan. Alpinismoa eta lasterketa uztartuta, mendiko lasterketetan ibiltzen da gaur egun.
Nagore Iraola ere atletismoa egiten hasi zen gaztetxo zela, korrika egitea gustatzen zitzaiolako: “Lagun giroan hasi nintzen, ondo pasatzen genuelako”. Espainia eta Europa mailan zenbait marka lortuta, utzi egin behar izan zuen, kirola eta ikasketak uztartzea ezinezkoa izan zitzaiolako.
Txikitatik kirolaria da Maitane Aburuza ere; pilotan lehenengo eta palan gero. Espainiako Selekzioa ordezkatuz Mexikon izan zen Trinketeko Munduko txapelketan. “Kirolak bidaiatzeko aukera eman dit eta hori oso pozgarria da niretzat”, gaineratu zuen.
Lurdes Gorostegi eskolaz kanpoko jardueretan eta asteburuetan hasi zen kirola egiten, haur gehientsuenak bezala. Halterofilian eta atletismotik hasita, eliteko pultsulari izatera igaro zen. Junior mailan, Europako bigarren eta munduko hirugarren geratu zen. Absolutu mailan, berriz, Europako hirugarren eta munduko seigarren.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!