Asteasuko bazterrak eta eliza aztergai

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko urt. 28a, 01:00

Herriaren historiari lotutako bi argitalpen kaleratu berri ditu Gillermo Etxeberriak: ‘Asteasuko bazterrak’ eta ‘Asteasuko San Pedro eliza’ izenekoak.

Gillermo Etxeberria asteasuarra Donostian bizi da azken urteotan baina, buruan eta bihotzean mantendu du beti Asteasu. Aurrez ere bai, baina jubilatuz geroztik bereziki, sarritan etortzen da jaioterrira, etxebizitzaz gain, baratzea eta lagunak ere bai baititu bertan. Besteak beste, Asteasuko San Pedro elizako organista ere bada Enrike Segurolak ardura hori utzi zuenetik eta oso gogoko langintza du elizako organoaren teklei doinuak ateratzea. Langile amorratua da, ez geldirik egoteko pertsona. Orain gutxi, jaioterriarekin lotutako bi argitalpen prestatu ditu. ‘Asteasuko bazterrak’ liburuxka da horietako bat eta herriko bazter ezberdinen berri azaltzeaz gain, Asteasuk eman dituen oihartzun handiko herritarren edo hainbat ohituraren berri jaso du bertan. Gillermoren esanetan, “bere txikian historia egin duen herria da Asteasu. Hori baieztatzen dute bertan jaiotako pertsonaiek, Agirre idazlea, Bernardo Atxaga, bertsolariak, Pello Errota, XVI. mendetik aurrera izandako hargin, zizelkari, arkitekto… XIX. eta XX. mendeetako kirolari, segalari eta gainerakoek…”, adierazi du.

Herriko bazterrak
Asteasu izena hartu aurretik, herriak historian zehar hainbat izendapen izan zuela argitu du, besteak beste argitalpenaren  hasieran. “1339an ‘Colación de San Pedro’ izenarekin ezagutzen zen. ‘Colación’ hitzak eliza inguruko etxe multzoa adierazten du. 1508an, ‘Tierra y Lugar de Asteasu’, 1548an ‘Tierra y Universidad de Asteasu’, 1765ean ‘Noble y Leal villa de Asteasu”. Bazterren baitan, Asteasuko erreka, iturburu, iturri, mendi nahiz muinoak, historiaurreko eraikuntza zaharrak, baserriak, errotak, meategiak, harrobi edota burdinolak izendatu ditu. Eraikuntza garrantzitsuen artean, San Pedro eliza, Santamaña, Santakruza, udaletxea, karobiak, sutegiak…

Oihartzun luzeko herritarrak
Pertsonaietara etorrita, berriz, “Asteasu arkitekto eta hargin ospetsu askoren herria izan da historian zehar” dio, eta mendez mende haien zerrenda osatu du, egin zituzten lanak aipatzearekin batera. Bestelako pertsonaia garrantzitsuen artean, Juan de Iturriaga doktorea, Pedro de Iturrieta apaiza, Maria de Urdinaran santu famako emakumea, Juan Legarrola kapitaina, Pedro Idarreta jenerala, Joanes Zialzeta erretaula egilea, Julian de Lizardi martiria, Juan de Lizola Iturrieta teologia katedraduna… Euskal idazleen artean, bestalde, Juan Bautista Agirre, Antonio Arrue, Jesus Gaztañaga edota Bernardo Atxaga. Xabier Usabiaga txirrindulari ohi eta kazetaria nahiz Pedro Cabanas Erauskin pintore eta arte kritikaria ere aipatu ditu eta bertsolarien artean, zerrenda luzea. Pello Errota eta haren odoleko bertsolari ugari, Mikela Elizegi alaba edota Miel Anton semea tartean. Bautista Kortajarena ‘Ondartza’rekin batera, Aranburu Berri, Joxe Agustin Elola, Joxe Inazio Etxeburua, Joxe Mari Sorozabal, Juan Joxe Ugartemendia, Aitor Usandizaga eta Haritz Mujika.

Antzinako ofizioak
Asteasuko ofizio zaharren berri ere ematen du bere lanean: uztargile, sagardotegi, espartzingile, artzantza edota ikazkinena. Ofizio horiek garatu zituzten edo dituzten herritarrei aipamena eginez. Herri kirolen arloan ere ez da motz geratu Asteasu eta, besteak beste, idi-demak, sega, aizkora, harrijasotzea, korrika, esku pilota, errebotea, paxaka edota sokatira landu izan dira, kirolari on ugariren habia izanik. Herriko Sagain, Matxintxulo gazte asanblada, Ebia kultur elkartea, Usarrabi abesbatza eta Asteasuko emakume taldeari aipamen egin ondoren, 1936ko Gerra kontuekin eta gerraren ondorio ankerrenekin amaitu du ia 50 orriko bere liburuxka.

Asteasuko San Pedro eliza
Laburragoa da bigarren lana. Dozena orritan San Pedro elizaren historia jaso du, haren sorrera, eraikinaren dotorezia, eliz barruko eta kanpoko ezaugarriak eta hainbat ohitura. “Kanpotik begiratze soilean, ikusten da elizaren handitasuna, norbaitek esango lukeen modura, handiskoa herri txiki batentzat”, azaldu du egileak liburuan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!