Herriak Amasa-Villabona izena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko abe. 17a, 08:42

Joan zen azaroan, Villabona herriak Amasa-Villabona izena hartzeko proposamena luzatu zion Larramendi Bazkunak Udalari.

 

Aurten, Amasako herriak hiribildu izendapena jaso zuela 400 urte bete izana ospatu den honetan, Manuel Larramendi Kultur Bazkunak herriko Udalari proposatu dio zabal dezala eginbide administratibo egokia udalerriari Amasa-Villabona izen ofiziala emateko orain hutsik Villabona den horren ordez. Proposamenean, Larramendi Bazkunak adierazten du bere iritziz herriaren eta udalerriaren izenak Amasa-Villabona beharko lukeela eta horretarako arrazoi historikoak eta toponimikoak aipatzen ditu, besteak beste:

- Lehenik Amasa izan zela ez du inork zalantzan jartzen, eta Villabona ondoren sortu zela, Oria ibaiaren bazterrean, lehenaren altzoan. XII. eta XIII. mendeetan jauntxo eta ahaide nagusien aurrean Gaztelako erregeek hiribilduak sortzeko estrategiaren barruan sortua izan zitekeen Villabona, Villabona de Amasa, Villafranca de Ordicia, Villarreal de Urrechua, Alegría de Oria, Villagrana de Zumaya, etab. bezala, nahiz sorrera horri buruzko agiririk ez dagoen eta garbi azaltzen den, hori bai, bi herriek oso lehenengo unetik jo zutela nork bere bidetik, bata Amasa izaten jarraituz eta, bestea, Villabona.

- 1615. urtean Amasak hiribildu titulua lortu eta Tolosaren eskutik aske gelditu ostean, 1619. urtean, bai Amasa bai Villabona hiribilduek bat egitea erabaki zuten, ordenantza baten bidez arautuz bat egite hori. Besteak beste, herriari eman beharreko izena zein izango zen arautu zuten: batzuetan Amasa-Villabona eta, besteetan, Villabona-Amasa; zeren arabera? Alkatea txandaka edukitzea erabaki zuten, eta alkate amasarra zenean Amasa zihoan aurretik; alkatea villabonatarra zenean, berriz, Villabona.

- Geroztik, gorabehera ugarirekin urtetan eutsi zioten ohitura horri, Villabona, kalea hazi ahala, gailendu zitzaion arte Amasari, eta gailentze horretan hutsik bere izena ezarri zuen. Hala ere, amasarrek beti gogor eutsi izan diote bere herri nortasun eta izateari. Bien bitartean, euskarari bizkar ematen zioten mota guztietako administrazioek begi onez ikusten zituzten Villa+ osagaia eta antzekoak zituzten toponimo guztiak eta horiek lurralde historiko osoan finkatu egin ziren, bai gutxienez Frankismoa amaitu zen arte: orduan Villarreal de Urrechua Urretxu izatera igaro zen, Alegría de Oria Alegi, Villafranca de Ordicia Ordizi, etab.; ez, ordea, Villabona, zergatik? Bertakoek oso garbi zutelako gauza bat zela Villabona eta, bestea, Amasa, beti izan zen bezala, alegia, sorburu beretik bi herri zirela sortuak Erdi Aroan.

- Hala ere, Udal demokratikoak hautatzearekin batera Amasa izenak bazterrean jarraitu zuen; hori bai, Villabona Billabona bihurtu zuten herritarrek, badaezpada ere.

 

Amasa-Villabona, bikotean

1997. urte aldera, Manuel Larramendi Kultur Bazkunak aukera garbia egin zuen Amasa izena herriaren izen ofizial gisa azaltze aldera: Amasa izen edo toponimoa oso hedadura zabal eta sakonekoa zen, bai geografikoki, bai historikoki, beste toponimo batzuen oinarria, eta amasarrek, mendeetan egin bezala bere nortasun berariazkoari eusten zioten oraindik. Horregatik, toponimorik zaharrena zelako, Villabona bere altzoan jaioa zelako eta, historikoki bi hiribilduak buruz buruko berdintasunean jokatu izan zutelako, egokientzat jo zuen bi izenak eusteari, bai Amasa eta bai Villabona, Amasa-Villabona bikotean.

Manuel Larramendi Kultur Bazkunak Villabonako Udalari proposatu dio, erabaki dezala aurten, Amasa hiribildu izendatu izanaren 400 urte bete diren honetan, prozesua zabaltzea herrian aztertu eta erabakitzeko herriaren izenak ez ote duen Amasa-Villabona izan behar, bere proposamena, behinik behin, horixe baita.

Hiribildu izendapenaren 400. urtebetetzean, amasarrek jaso dezaketen oparirik ederrena litzateke: 400 urteko ibilbide historiko horri justizia egitea herriari sortzez izan zuen Amasa izena erantsiz. Bere proposamenaren arabera, Amasa-Villabona udalerriaren izena izango litzateke, Udalarena bezala, baina herritarrek gero, egiten jakin ongi dakitenez, Amasa erabiliko lukete hutsik Amasako kontuez hitz egiteko (Amasako Sanmartinak, Amasako eliza...) eta Villabona, berriz, Villabonakoez hitz egiteko (Villabonako Santio jaiak, Villabonako Olaederra...).

Larramendi Bazkunak adierazi du 2003. urtean Udalak herriko historiari buruz argitara emandako ikerketa historikoek nahikoa oinarri eskaintzen dutela proposamenari aurre egiteko, ikerketa horietan sakon litekeela oraindik eta, dena den, prest dagoela prozesu horretan parte hartuz behar beste laguntza emateko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!