Trantsizio garaiko hilketen kronika Urnietan eta Andoainen ikusgai

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko abe. 12a, 12:17

1979-1981 epean Andoaindik Astigarragara bitartean gertatutako hilketen kronika egiten du “Heriotzaren triangelua” dokumentalak. Urnietan datorren asteartean ikusi ahal izango da Lekaion; Andoainen, berriz, urtarrilaren 12an. Urnietako saioan, bertan izango dira Imanol Laburu eta Joxe Mari Salinas dokumentalaren egileak.

Elkarrizketa:

Zerk mugitu zaituzte dokumentala egitera?
Imanol Laburu:
Ni hernaniarra naiz, eta nahiz eta gaztetxoa izan orduan, ondo gogoan daukat urte haietan ze giro bizi izan zen. Gainera, dokumentalean testigantza ematen duen Mikel Salbadorren ikaskidea izan nintzen eta oso presente eduki dut beti berak eta bere familiak sufritu zuten drama, euren aita Andoainen erail zutenean.
Gertakarien kronika dokumentalera eramateko ideia aipatu nion Joxe Mariri behin, eta horrela hasi ginen lanean. Argi geneukan hasieratik zein izan behar zuen helburua: gertakari haiek guztiak ezagutu zituztenei oroimena freskatzea eta ezer ez dakiten ondorengo belaunaldikoei haien berri ematea.

Hernanin estreinatu duzue dokumentala. Zer moduz erantzun du jendeak?
Imanol Laburu:
Emanaldi bat baino gehiago izan dira bertan, 2014ko ekainean eta urrian, eta pozik gaude oso erreakzio onak jaso ditugulako. “Bazen garaia” entzun dugu maiz, nahiko ahaztua zegoen historia jasotzeko premia zegoela adierazi nahian. ETB2n ere emititu zuten urtarrilean, eta oso audientzia ona eduki zuen.

Biktimen senideen testigantza ugari tartekatu duzue dokumentalean...
I.L:
Oso kontuz ibili gara, gai konplexua eta sentiberatasun handikoa dela jabetuta. Ez genuen sentsazionalismoan erori nahi. Emaitza euren gustukoa izatea nahi genuen, eta lortu dugula iruditzen zaigu. Eurentzat aurre estrainaldia antolatu genuen, eta oso gogorra egin zitzaien arren, gustatu zitzaiela adierazi ziguten.
Gure asmoen berri jakinarazi genienean, hasieran, normalak diren errezeloak eragin genituen eurengan. Baina berehala ulertu zuten ez genituela bazterrak nahastu nahi, geure historiaren pasarte odoltsu bat jakinarazi baizik.

Zer moduz daramate familiar baten heriotza, hogeita hamar urte baino gehiago igaro eta gero?
Joxe Mari Salinas:
Denetik sumatu dugu, normala denez. Orokorrean, eurentzat drama familiar handia izan zela onartzen dute baina baita orain urte askoko gauzak direla ere. Gogor berrekin diote bizitzari, ahaztu gabe familiarraren oroitzapena, noski. Tartean, badira kamera aurrean testigantza emate hori zer den dakitenak Jaurlaritzaren bizikidetzari buruzko programaren baitan. Baina aldi berean, badira egundoko trauma hura bazter batean utzi zutenak nola edo hala, gaizki konpondutako istorio pertsonal baten antzera, tabu baten antzera.

Gertakizunei buruzko errekreazioak egin dituzue dokumentalean zehar...
J.M.S.: 
Oso telebista irudi gutxi dago orduko artxiboetan; RTVEk badauka zerbait, hura eskuratzea nahikoa zaila zenez, errekreazioaren bidetik jo genuen. Bi gau oso igaro genituen grabatzen Astigarraga aldean. Iturbide eta Zabalaren aurkako epaiketan atera ziren detaileetan oinarritu ginen horretarako. Dokumentu interesgarriak izan zitezkeelakoan errodatu genituen. 

Hiltzaileek erabilitako seat 127 autoak gidatzen du hilketen kronika...
I.L:
Ederki kosta zitzaigun halako auto zaharra topatzea. Behin, txiripaz, auto zaharren rally batean han non ikusi genuen seat 127 bat. Gidaria zumaiar bat zen, eta harekin agudo egin genuen kontaktua. Ondoren, Zabalaren papera interpretatzera animatu eta guzti egin zen!

Heriotzaren triangeluak, benetako izua zabaldu zuen Buruntzaldeako herrietan bolada batean... Epaiketarekin, justizia egin zela iruditzen al zaizue?
I.L:
Hipotesien eremuan sartzen gara, baina bere garaian esan izan zen bazirela pertsona gehiago sartuta, luzea zela Batallon Vasco Españolen eta antzekoen trama, estatuaren inplikazioa eta guzti. Hor dago Medrano damutuak egin zuen idatzia izen-abizen mordoa emanez... Kontua da Iturbide eta Zabala atzeman zituztela beste erremediorik ez zeukatelako nonbait, eta epaiketaren ostean kasua amaitutzat eman zutela ofizialki. Ezin izan zen gehiago demostratu, hor moztu zutelako.

Zer esango zeniekete urnietarrei dokumentalera hurbil daitezen?
I.L:
Egia da Iturbide eta Zabalaren ekintza eremua Andoaindik Astigarragara luzatu bazen ere, urnietarrik ez dagoela biktimen artean; hori bai, Antimasbere hernaniarra salesiastarren eskola parean erail zuten, eta Joxe Ramon Ansa andoaindarra Xoxokako bidean. Datu horien gainetik, hala ere, kontuan eduki behar da terrorearen estrategia zonalde osoan zabaldu nahi izan zutela eta urnietarrak ere ez zirela libratu horretatik. Urnietar ugari egongo da kapitulu izugarri hura oso gertutik bizi izan zuena, eta gazteagoei ere ez zaie gaizki etorriko aurrekoei, etxetik gertu, zer gertatzen zitzaien jakitea. Euskal Herriaren historia hurbilaren zati bat da dokumentalak kontatzen duena, ahaztu behar ez genukeena. 

Urte ilun haien kronologia

70eko hamarkadaren amaieran eta 80ko hasieran, estatuko eskuin muturreko talde armatu franko (Triple A, Batallon Vasco Español, Guerrilleros de Cristo Rey...) aritu ziren Euskal Herri osoan, erailketak, egoitza eta ondasunei erasoak, mehatxu pertsonalak..., burutuz. Horiek denak ezkutatu egin ziren 1983an, GAL erakunde armatua plazaratu zenean.


Hilketak

  • 1977/10/07. David Salbador hernaniarra (45 urte). Taxista. Ezkondua eta bi seme txikiren aita.
  • 1979/05/07. Joxe Ramon Ansa andoaindarra. Upategi baserriko semea. 17 urte, ezkongabea.
  • 1979/09/28. Tomas Alba astigarragarratarra. Donostiako zinegotzia.
  • 1980/04/19. Felipe Sagarna hernaniarra. Musikaria.
  • 1980/09/07. Migel Mari Arbelaiz eta Luis Mari Elizondo hernaniarrak. Langileak.
  • 1980/11/14. Joaquín Antimasbere hernaniarra. Langilea.
  • 1981/03/03. Javier Ansa andoaindarra. Antzizu baserriko semea. Ezkongabea. Langilea.
  • 1981/06/26. Antonio Murillo hernaniarra. Langilea.


Franco hil osteko urteetan talde ultraeskuindarrek gogor kolpatu zuten Euskal Herria, eta bereziki Buruntzaldea 1977-1981eko epean. David Salbador hernaniarra izan zen estatuaren aparatuekin zeharkako edo zuzeneko lotura zeukaten talde horien lehen biktima Andoainen. Beste zazpi biktima zenbatu ziren ondorengo hilabeteetan. 
1979ko Santakrutzetan, Joxe Ramon Ansa gaztea, gauez atxilotu eta Xoxokako bidean erail zuten bi lagunek. Andoaingo gizartea hankaz gora jarri zuen Upategi baserriko semearen heriotzak. Politikan harremanik ez zeukan gazte apal gisa definitu zuten, eta samina, amorrua eta izua nagusitu zen andoaindarren artean. Sentimendu horiek ziren, hain zuzen, egileek zabaldu nahi izan zutena.
Ordurako, indarkeriarekin zerikusia zuten makina bat gertakizun gertatu ziren Andoainen. Besteak beste: paisanozko guardia zibilek Juan Inaxio Irulegiri tiroa eman zioten belaunean; Jose Mari Arruti harrapatu eta kalean bertan galdeketa egin zioten; zenbait manifestazio baketsu indarka eraso zituzten; Iñaki Arin preso ohiaren etxea tirokatu egin zuten; Gomez eta Elzaburu familiek heriotz mehatxuak jasateaz gain, euren okindegia eta ardotegiak bospasei atentatu jasan zituzten (sua eman, tirokatu...); Zubillaga anaien autoak erre zituzten; Aranaztegi baserria tirokatu eta bere belar metak erre zituzten; Salbadora Roldanen etxearen aurka molotov koktela jaurti zuten... 
Ansaren hilketak berehalako erreakzioa eragin zuen Andoainen. Manifestazio jendetsua egin zen biharamunean, eta talde faxistak desegitea eta Andoaingo guardia zibilen kuartela ikertzea eskatu zen bertan. AP eta UCD salbu, gainerako Andoaingo alderdi politiko guztiek agiri bat kaleratu zuten: Ansaren erailketa Madrilgo gobernuak Euskadin zeraman jokaera errepresiboaren barruan kokatu eta guardia zibilen eta inkontrolatuen arteko ustezko harremanak salatu zituzten, besteak beste.
Udaletxean ez ohiko batzarra egin zen eta hiru puntuko mozioa aho batez onartu zen. Ansa familiari samina eta elkartasuna luzatu ostean, herrian nagusi zen sentimendua jaso nahi zela adierazi zen, eta horregatik, talde faxistak atxilotzea eta estatuko instituzioen depurazio sakona exijitu zitzaion Madrilgo gobernuari. Azkenik, Gipuzkoako gobernadoreari eskaera zuzena egin zioten: herriko kuarteleko kideen jokabide errepresiboak argitzeko, bertako arduradunak ikertzeko eta horietako gaiztoenak herritik kanporatzeko, eta bertan geratzen zirenak alkatearen agindupean jartzeko eskatu zioten gobernadore zibilari.
Mozioak haserre bizian jarri zuen Antonio Oiartzabal gobernadorea, eta bere bulegora deitu zituen zinegotzi guztiak biharamunean. Frogak aurkezteko eskatu zieten zinegotziei. 
Ondorengo asteetan, alderdi politiko horiek, sindikatuek eta herriko hainbat gizarte eta kultur elkarteek batzordea osatu eta dossierra atondu zuten abendurako. Dossierrak herritarren lekukotzak jasotzen zituen, Andoainen gertatutako indarkeria ekintza mordoa zehaztuz. Azken orrialdean, Ignacio Iturbide Piti herritarraren ibilbidearen berri ematen zen. Estatuko aparatuekin eta herriko guardia zibilekin zeuzkan harremanak zituen hizpide txostenak.
Kolpatutako herrietan kale mobilizazioak, grebak, udalen erabakiak, lekukotzak, dossierrak..., ez ziren aski izan, eta indar parapolizialen hilketek eta indarkeri ekintzek jarraipena izan zuten Buruntzaldean hurrengo bi urteetan.

Iturbide eta Zabalaren atxiloketa
1981ko martxoaren 3an, Jabier Ansa hil zuten, Krafft lantokiaren parean, Antzizu bere baserritik gertu. Hurrengo egunean, Ignacio Iturbide eta Ladislao Zabala donostiarra atxilotu zituzten, Buruntzaldean hainbat hilketa egin izana leporatuta.
1985eko ekainean biak epaitu egin zituzten; zazpi hilketen errudun jo zituen epaileak (Joxe Ramon Ansa lehena, Jabier Ansa azkena) eta 231 urtera zigortu zituen. Kartzelan ez zituzten hamar urte egin. 1998az geroztik, Iturbide zenbait alditan atxilotu egin zuten banku lapurretetan parte hartzeagatik. 2013ko apirilean Artxandako parajeetan hilik topatu zuten. Zabala, berriz, 2015eko uztailean hil zen eta Madrilgo muturreko eskuinekoek omenaldia eskaini zioten.
Bi ultraeskuindar horien heriotza ezagutu bezain pronto, antzeko pentsamendua eduki dute garai beltz haiek ezagutu eta pairatu zituzten herritar askok: estatu sekretu ugari eraman zituztela beraiekin.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!